Hezkuntza Departamentua premiatzen da tokiko eskolatze batzordeen osaera, antolaketa eta eginkizunak alda ditzan
Legebiltzarrak uste du antolaketa berriak ikastetxeetako batzuk kanpo uzten dituela eta kalte handia egiten diela familiei
Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “alda ditzan Tokiko Eskolatze Batzordeei buruz apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan islaturik agertzen ziren osaera, antolaketa eta eginkizunak, eta berriro ere arautu ditzan maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuan agertzen ziren modu berean”.
Onetsitako testua EH Bilduren eta Nafarroa Sumaren (ekimenaren titularra) arteko aldaketa-zuzenketa baten emaitza da.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak desadostasuna adierazten du 33/2021 Foru Dekretuarekiko, zeinaren bidez arautzen baita ikasle-onarpena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan, “udalak Tokiko Eskolatze Batzordeetatik kanpo uzten dituelako, antolaketa eta funtzionamendu aferetan Hezkuntza Departamentuaren esanetara egotera igaroz”.
Erabaki horrek, azaltzen denez, “erantzun diezaioke, bakarrik, prozesu guztia Hezkuntza Departamentutik kontrolatu eta bertan zentralizatzeko ahaleginari”, eta horrek kalte “handia egiten die familiei, ikastetxeetako batzuk hezkuntza-eztabaidagunetik kanpo uzten baititu eta departamentuak berak hartuko dituen erabaki zentralizatuetan subjektu pasibo izatera kondenatzen ditu”.
Proposamena egin duenak Tokiko Eskolatze Batzordeen azken hamar urteetako funtzionamendua nabarmendu du, 40/2011 Foru Dekretuaren menpekoa; izan ere, Tutera, Lizarra edo Tafalla bezalako herrietan eskolatutako ikasleen kopurua handitzea ahalbidetu baitu, eta ikastetxeen artean egoera behartsuan dauden ikasleen kopurua orekatzea erraztu du. Hori dela eta, indarrean dagoen Foru Dekretua alda dadin eskatzen da.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Javier García, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Pachi Pérez, Iñaki Iriarte (G.P. Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (G.P. PSN), María Solana, Ana Ansa (G.P. Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Txomin González (G.P. EH Bildu) y Marisa de Simón (G-Mixto I-E).
* Podemos-Ahal Dugu ez da batzordean izan.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (69. NPAO, 2021-05-25ekoa)