Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 23

Hezkuntza Departamentuak azpimarratu du “errealitate soziolinguistikoa errespetatu” behar dela hizkuntzen ikaskuntzan

EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, non zentzu ona eskatzen baita politika alderdikoirik ez erabiltzeko eta “euskararen eta ingelesaren arteko aurkakotasun faltsua” hauspotzeari uzteko

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok esan duenez, "hizkuntzen tratamendu integratuaren inguruko edozein neurrik errespetatu egin behar ditu errealitate soziolinguistikoa, legeria indarduna, familia bakoitzaren erabakia, borondatezkotasuna eta hezkuntza eskaintza".

 

Bestalde, EH Bilduko eledun Bakartxo Ruizek kontseilariari leporatu dio "IIPrik gabe ingelesik ikasi ezin delako falazia" sinestarazten saiatzea eta "euskararen eta ingelesaren arteko aurkakotasun faltsua hauspotzea".

 

Hala adierazi dute interpelazio baten harira, izan ere EH Bilduk interpelazioa aurkeztu baitu hizkuntzen ikaskuntzari eta hizkuntzek Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko hezkuntza sisteman tratamendu integratua jasotzeari buruz.

 

Carlos Gimenok "beste ezerk baino gehiago interes politikoak bultzaturik begizta luzatzea" egotzi dio Bakartxo Ruizi, eta esan du "okerreko aurreiritziak" dituela "Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen arauez". Erantsi du ez direla gutxi "atzerriko hizkuntzen ezagutza agindu mailara jasotzen duten lege-erreferentziak". Eta nabarmendu du Foru Administrazioak bitartekoak jarri behar dituela "lege agindu hori betetzeko ikasleen mesedetan, sinesmen eta iritzietatik harago".

 

Kontseilariak azpimarratu du oraingo legegintzaldian hizkuntza programekin lotutako 125 jarduera egin eta 2.695 irakaslerengana iritsi dela, eta 2016-2019 bitartean, berriz, horrelako ekintzak 17 baino ez zirela izan. Hizkuntzak ikasteko programak arautzen dituen dekretuaren zirriborroaz esan du "begizta honetatik irteten garenean dibertsitateari erantzuteko esparru oso bat izatea" lortu nahi dela ekimen horren bidez.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) "kulturak eta hizkuntzak batzearen alde" apustu egin du. "Hurrengo legealdian zentzu ona nagusituko ahal da, albora utziko ahal ditugu politika supremazistak eta alderdikeriak, jakinen ahal dugu gure hizkuntza-aberastasuna baliatzen ikasleei aukerarik murriztu gabe". Atzerriko hizkuntzen ikaskuntzari dagokionez "txapuzaz txapuza" gabiltzala esan du, eta kritikatu du urte askotan "IIP programari bultzada politikoa" eman zaiola "inposizioraino iritsiz". Hizkuntzen ikaskuntzari buruzko dekretu zirriborroaren "zehaztasunik eza" salatu du. "D ereduaren espezifikotasuna aipatu ere ez du egiten".

 

Pedro Gonzálezek (Navarra Suma) kritikatu du nola alderdi eta sindikatu abertzaleek tematzen diren "HTIa (hizkuntzen tratamendu integratua) IIParen alternatiba gisa aurkezten". "Bizikidetza haustea" egotzi dio EH Bilduri, eta hau nabarmendu du: "Ikasle kaltebera gehienak G ereduan daude eta % 6 soilik D ereduan". Murgilketa "proiektu politiko bat" dela esan du, eta IIPa "eskolaren bitartez gizarte euskalduna eraikitzearen kontrako mehatxutzat" hartu dela.

 

Jorge Aguirrek (PSN talde parlamentarioa) interpelazioa kritikatu du "hizkuntzen arteko borroka dakarrelako, eta hor ez gaitu topatuko". Nabarmendu du Nafarroan gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo alemanez ikasi ahal dela "legea betez eta errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz". Hizkuntza eredu desberdinak batzen dituzten ikastetxeen alde agertu da, eta azpimarratu du legegintzaldi honetan ez dela hezkuntza erabili "hizkuntzak aurrez aurre jartzeko".

 

María Solanak (Geroa Bai) adierazi du bere taldeak hurrengo legegintzaldian lan eginen duela 11/2022 Foru Legea indargabetzeko eta foru dekretu bat idazteko "eleaniztasuna bilduko duena, Nafarroako bi hizkuntzak ardatz harturik, eta de facto indarrik gabe utziko duena departamentua garatzen ari den IIP dekretua". Apustu egin du urratsak egitearen alde "benetako hezkuntza sistema eleaniztuna izateko, hemengo hizkuntzak eta gutxienez atzerriko bi hizkuntza bermatuko dituena".

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) Navarra Sumaren jardun "alarmista" gaitzetsi du, eta adierazi du hizkuntzen ikaskuntza eta tratamendua "neurri behar-beharrezkoak" direla "baldin eta beste hizkuntza koofizialei kalterik egiten ez bazaie". LOMLOEren balioa nabarmendu du, "ikasleek gaztelaniaz eta gainerako hizkuntza koofizialetan ikasteko duten eskubidea bermatzen baitu".

 

Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) "nahi ez bezalako" egoeran gaudela deitoratu du eta euskara "harrika egiteko erabili izana" kritikatu du. Sinetsita agertu da "gure hizkuntzen tratamendua eta atzerriko hizkuntzek behar duten tratamendua ez direla berdinak curriculumaren ikuspuntutik". Nabarmendu du gaur egun edozein familiak erabaki dezakeela seme-alabek D ereduan ikastea. Atzerriko hizkuntzetan, ordea, arazoari "urteetan zehar modu irregular eta ezegokian" heldu zaiola iritzi dio.