Hezkuntza Ministerioa premiatzen da irakasle kidegoetako sarbidea aldatzera
Enplegu publikorako deialdia egin ahal izateko hizkuntzaren eskakizunarekin, hala sartzen diren irakasleekgainerakoen eskubide eta betebehar berak izateko moduan
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinean Hezkuntza Ministerioa premiatzen baita “irakasleen kidegoan sartzeko Estatuko oinarrizko araudia alda dezan, bide egokia baita atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten irakasleen sarbidea ahalbidetzeko”.
Aldaketa horrek, zehazten denez, aukera emanen luke “autonomia erkidego guztiek deialdia egin ahal izateko hizkuntzaren eskakizunarekin, baina inongo erkidegorik horretara behartu gabe; eta autonomia erkidego bakoitzean sartzen diren irakasleak estatuko kidegoetan sartzeko eta gainerako irakasleen eskubide eta betebehar berak gordetzeko”.
Onetsi den ebazpenak bigarren puntuan dioenez, “aldaketa hori egin ezean” Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Ministerioa premiatzen du “Nafarroako Gobernuarekin adostu dezan irakasleak Estatuko kidegoetan sartzea, behin deialdia egin eta gero irakasleen sarbidea arautzen duen foru lege baten bidez”.
Atal hori UPN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren babesarekin, EH Bildu eta I-Eren abstentzioarekin eta PSN eta PPNren aurkako botoekin onartu da.
Geroa Bai parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenak zioen azalpenean gogora ekartzen ditu atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duen enplegu publikorako deialdia egiteko zailtasunak, Hezkuntzako kontseilariak iragan azaroaren 20an azaldutakoak, eta, horri dagokionez, Ingelesez Ikasteko Programak beste autonomia erkidego batzuetako programa eleaniztunekin alderatuta dituen berezitasunak aipatzen ditu. Hala, Nafarroak ez bezala, haiek “ingeleseko espezialitateko oposizioak egiteko aukera dute, dituzten beharrei erantzuteko, erkidego askotan ez delako ezartzen Haur Hezkuntzan, eta ezartzen den tokietan azkenean atzerriko hizkuntzaren ordutegiaren luzapena izaten da”. Horrez gain, “ingeleseko espezialitatera iristen diren langileak Lehen Hezkuntzan gaitzen ahal dira, ia automatikoki”.
Horiek horrela, proposamen-egilearen ustez “haratago joan beharra dago, eta legezko aukera guztiak hartu kontuan”, dela Irakasle kidegoetako sarbidea arautzen duen Errege Dekretua aldatuz, erkidego autonomoek, beren hizkuntza koofizialetarako aurreikusten den bezala (12. eta 16. artikuluak), atzerriko hizkuntza baten (ingelesa) kreditazioa eskatu ahal dezaten, dela foru lege bat sortuz, aldez aurretik akordio espresua eginda Ministerioarekin, irakasleak Estatuko kidegoetan sartzeko.
Ministerioaren konpromisoa lortuko ez balitz, gerta liteke Nafarroako funtzionario multzo bat, ingelesaren eskakizuna duten lanpostuetan sartzen direnak, “irakasleen kidegoetan ez egotea, eta hori kalte nabarmena litzateke, bai nazioko mugikortasunaren aldetik bai irakasleen kidegoen artean ere, osasuneko prestazioetan edo borondatezko erretiro aurreratua eskatzeko, esate baterako”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (38. NPAO, 2015-12-07koa)