Hezkuntzako Batzordeak Iruñeko Navarro Villoslada Bigarren Hezkuntzako Institutua bisitatu du
Parlamentuak uste du "bidezkoa eta beharrezkoa" dela institutuko kiroldegian estalkia jartzea, zentroak 650 fitxa inguru dituen kirol-kluba baitu
Hezkuntza Batzordeak Navarro Villoslada Bigarren Hezkuntzako Institutua bisitatu du gaur, 50. urteurrena bete berri duen erreferentziazko ikastetxea. Zentroak kiroldegian estalkia jartzeko beharra azpimarratu du, institutuaren eta kirol-klubaren irakaskuntza- eta kirol-eskakizunei erantzuteko. Izan ere, estalkia jartzeko ahaleginak egin ziren 2008an eta 2018an, baina ez ziren aurrera eraman.
Batzordeko kide hauek egon dira: Iñaki Iriarte, Pachi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Alberto Arriazu institutuko zuzendariak, Eduardo Marcotegui idazkariak, Virginia Pelluz gurasoen elkarteko presidenteak eta Javier Ramírez institutuko kirol-klubaren koordinatzaileak.
Talde guztiek eskatutako bisita izan da, eta helburua hau izan da: “estalkiaren eskaeraren xehetasunak in situ ezagutzea, ikasleen eta institutuko kirol-klubaren gabeziei erantzuteko, bai jolaserako, bai txapelketetarako”.
Jarraian, Alberto Arriazuk hezkuntza-proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu, eta lotura bat ezarri du ikasle gehienen ezaugarrien (“jatorriari eta maila sozioekonomikoari dagokienez, askotarikoak dira”) eta egitura aldetik dauden gabezien artean. Izan ere, gabezia horiek, kanpoko espazio estalirik ez izateak, esaterako, baldintzatu egiten dute ikastetxearen egunerokotasuna, ohiko ordutegiaren barnean zein kanpoan.
“Gure ikasleen % 46 atzerritarrak dira, kontuan hartzeko ehunekoa, eta 1. eta 2. mailetan, berriz, % 56. Oro har, kirola egiteko dituzten aukerak institutura mugatzen dira, batez ere nesken kasuan. Hemen kirol-klub bat dugu, eta atxikita dauzkagun hiru ikastetxeetara (José María Huarte, San Juan de la Cadena, Ermitagaña) irekita dago. 650 fitxa ditugu modalitate desberdinetan, baina behartuta gaude hainbat kiroldegitan sakabanatzera eta horiek erabiltzera. Aldarrikapena bidezkoa da eta aspalditik dator”.
Esandakoaren harira, Navarro Villosladako zuzendariak adierazi du estalkia jartzeko proiektua 2005ekoa dela, baina ez zen aurrera eraman 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz. “Lizitatzea baino ez zen falta, baina beste lehentasun batzuk zeuden eta ulertu egin genuen. 2018an esan ziguten eraiki behar zela, baina orain esan digute ez dagoela dirurik. Premia bat da. Euria ari duenean ikasleek ikasgelan eman behar dute jolasaldia, eta kirolaren kasuan dena esanda dago. Ez dugu hainbeste urtetako paralisia ulertzen”.
Hitza hartzeko ordua izan dutenean, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeetako ordezkariek adierazi dute eskaera “argia, bidezkoa, premiazkoa eta nabaria” dela.
Navarro Villoslada BHIa 1971n hasi zen martxan, eta 967 ikasle ditu egunez (16 talde) eta 95 gauez (3 talde). Osotara 1.062 ikasle dira, eta 117 irakasle. Batxilergoko bi lerro ditu, eta baditu atal elebidunak 2009-2010 ikasturtetik. Nazioarteko Batxilergoa Nafarroan ezarri zuen lehenengo institutua da, eta Antzerki Tailerra du bere enblema nagusia.