Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Apirilak 26

Hezkuntzari buruzko Osoko Bilkuran onetsitako ebazpenak

Osoko Bilkuran onetsi dira. 2024ko apirilaren 26an

Hezkuntzari buruzko Osoko Bilkura monografikoan 16 ebazpen-proposamen eztabaidatu dira eta 6 onetsi dira. 

 

ONETSITAKO ERABAKIEN ZERRENDA

 

2. erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko elkarlanerako modu berriak bilatzera, lanbide-profil konplexuagoetarako beharrizanei erantzuna emateko eta I+G+b proiektuetarako.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du prospekziogilearen figura susta dezan, ikastetxeen eta enpresa-ehunduraren arteko elkarlan eta koordinazioa faboratzeko, halako moldez non lanbide-profilak doitu eginen baitira produkzio-sektoreek eskatzen dutenera; halaber, lehiakortasunaren hobekuntza eta etorkizuneko enplegagarritasuna faboratzeko. Horrela, Nafarroako Gobernuak apustu argia egiten du Lanbide Heziketaren bitasunaren alde.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Lanbide Heziketa Dualeko erreferentzia-ikastetxeak sor ditzan merindade bakoitzean. Tokian tokiko lan-eskaeretara egokituko dira eta, horrela, despopulazioaren aurkako borroka gauzatu eta Nafarroako merindade guztien garapena faboratuko da.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eragile sozioekonomikoen eta ikastetxeen artean komunikazio-molde arinak ezar ditzan, ahalik lasterrena LHko Plan Gidari bat abiarazte aldera.

 

PPNk aurkeztua. Onetsia, UPN, Geroa Bai, PPN eta Voxek emandako aldeko botoekin eta PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin-ek emandako aurkako botoekin.

 

5. erabaki-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroaren errealitate instituzionala arlo guztietan islatuko duten testuliburuak ezartzera.

 

UPNk aurkeztua. Onetsia, UPN, PPN eta Voxek emandako aldeko botoekin, EH Bildu, Geroa Bai etaContigo-Zurekin-ek emandako aurkakoekin eta PSNren abstentzioarekin.

 

8. erabaki-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak indar politikoak premiatzen ditu behar diren oinarriak jar daitezen, Nafarroako hezkuntza-sisteman zeresana duten eragile guztiek egonkortasunerako elkarrizketa bat abiaraz dezaten, ekitatea, berdintasuna, inklusioa eta bikaintasuna zutoin izanen dituena, eta xede harturik irakaskuntza guztietan ikaskuntza, hezkuntza-prestakuntza eta gaitasun-lorpena hobetzea.

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin-ek aurkeztua. Onetsia, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo Zurekin-ek emandako aldeko botoekin eta Vox-ek emandako aurkako botoekin.

 

9. erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indartu dezan 0-3 Hezkuntza Zikloaren hezkuntzatasuna eta pedagogikotasuna, bere ahaleginak eskaintza publiko integralaren unibertsalizazioa bermatzera bideraturik.

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin-ek aurkeztua. Onetsia PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin, UPN eta Vox-ek emandako aurkako botoekin, eta PPNren abstentzioarekin.

 

11. erabaki-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio urrats esanguratsuak eman ditzala hezkuntza arloko langileen lan-baldintzak hobetzeko, eta horretarako beharrezkoak diren negoziazioak egin ditzala, hartutako neurriek datorren ikasturtean eta 2025eko aurrekontuetan isla izan dezaten.

Besteak beste:

-Langileen egonkortasuna sustatzeko neurriak hartzea: lanpostuak  finkatu, enplegu publikoaren eskaintza handitu, lekualdatze-lehiaketak egokitu, destinorik gabeko irakasle finkoen arazoei konponbidea eman, bitartekotasuna murriztu…

-Gehiegizko ratioak murriztea eta errefortzu-orduak indartzea.

-Hezkuntza-langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea.

-Gehiegizko lan burokratikoak arintzea.

-Langileen prestakuntza egokitzea.

-Zuzendari izateko bokazioak sustatzeko neurriak hartzea.

-Karrera profesionalaren gaiari heltzea.

-Hezkuntza itunetik bete ez diren alderdiak betetzea.

-Hezkuntza Itunean zehaztutako neurriak betetzea.

 

EH Bilduk aurkeztu du. Onetsia, UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin-ek emandako aldeko botoekin eta PSN, PPN eta Vox-ek emandako aurkako botoekin.

 

13. erabaki-proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du bermeekin eta behar bezalako baldintzetan onartzera Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialean frantsesa, alemana eta euskara ikasteko eskaera, beharrezko baliabideak (giza baliabideak nahiz materialak) ziurtaturik, maila-aniztun taldeak ekidinen dituztenak eta ikasleei ahalbidetuko dietenak curriculumean ezarrita dagoenaren arabera aurrerapausoak ematea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du dibulgazio-kanpainak egitera, beste hizkuntza batzuk jakitearen balioa nabarmentzeaz gain Hizkuntz Eskola Ofizialen eskaintza publikoaren bitartez hizkuntzak ikasteko adoretze-lana eginen dutenak.

 

Geroa Baik aurkeztu du. Onetsia, UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin, PSN eta Vox-ek emandako aurkako botoekin eta PPNren abstentzioarekin.