Hiru Hamabi elkarteak ohorezko bazkidearen txartela eman dio Nafarroako Parlamentuari
Haurren Hartutako Kalte Zerebralaren Arretarako Programaren sorrerari Parlamentuak aho batez emandako bultzada eskertzeko
Hiru Hamabi elkarteak gaur arratsaldean ohorezko bazkideen lehenengo bi txartelak banatu ditu. Bata Nafarroako Parlamentuari eman dio eta bestea Javier Tirapu neuropsikologoari; horien bidez eskertu nahi izan die haurrei eta beren familiei emandako laguntza eta haurren hartutako kalte zerebralerako baliabideen bilaketa eta sentsibilizazioa sustatu izana.
Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak jaso du saria, eta legebiltzarraren izenean eskerrak eman dizkio Hiru Hamabi elkarteari. Halaber esker ona adierazi dio elkarte horri, “ez duelako amore eman eta behar adina aldiz gogorarazi dizkigulako oinarrizko eskubideen aldeko konpromisoa eta hartutako kalte zerebrala duten haurrek hil edo bizikoa duten laguntza espezifikoa aurrera atera beharra”.
Aznarezek txalotu egin du “ageriko diskriminazio bati buelta emateko elkarteak egin duen borroka”. Izan ere, neuroerrehabilitazioa 60/2003 Foru Aginduan onartuta bazegoen ere, “ez zegoen aurreikusita 16 urtetik beherakoak artatzea, ez zituzten onartzen unitatean eta diskriminazio nabarmena egiten ari zen”. Laguntza hori “aurten bertan zehaztu da eta jarri da abian, HHKZrako (haurren hartutako kalte zerebrala) berariazko arreta programa baten bidez, Nafarroako Ospitalegunean”.
Yolanda Fonseca Hiru Hamabi elkarteko buruak, bazkide diren 35 familien izenean, elkarteari laguntzeko egin duten ahalegina eskertu nahi izan die sarituei. Nafarroako Parlamentuari dagokionez, hau azpimarratu du: “lehen unetik ireki dizkie ateak Hiru Hamabi elkartearen kezkei, eta HKZ duten adingabeei osasun-zerbitzu publikoen bidez aintzat har ditzaten lortzen laguntzeko pausoa eman duen lehenbiziko legegintza-erakundea izan da Estatuan”.
Fonsecak azaldu duenez, ekimen parlamentario bati esker, “gaur egun Nafarroako Ospitalegunean, HHKZrako berariazko arreta programaren bidez, 4 hilabete eta 14 urte bitarteko 55 haurrek etengabeko segimendua dute 16 urte bete arte”.
Hiru Hamabi elkarteak ohorezko bazkide egin du Javier Tirapu neuropsikologoa ere. Elkarteak laguntzaile izan du, aditu gisa, “hasieratik bertatik eta beti eskuzabaltasunez, jendaurreko aurkezpenetan, Nafarroako eta EAEko legebiltzarrak bezalako erakundeetan egindako bilera eta agerraldietan, bai eta Diputatuen Kongresuan ere”.
Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren atarian banatu dira sariak, ospakizun hori abenduaren 3an izanen baita. Gainera egun horretan beteko ditu bost urte Hiru Hamabi 3/12 elkarteak. Estatuan haurren HKZren arloan soilik lan egiten duen elkarte bakarra da.
Antonio Eslava margolari eta eskultoreak entregatu ditu sariak, eta berak egindako bi grabatu oparitu dizkie sarituei. Horrela, Antonio Eslavaren ‘Divina Comedia en medio de la vida’ izeneko lana gehituko zaio Nafarroako Parlamentuko arte bildumari.
Ekitaldia 17:30ean egin da Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan. Han izan dira Alberto Catalán Parlamentuko bigarren lehendakariordea, Maiorga Ramírez lehen idazkaria, Maribel García Malo bigarren idazkaria, eta Virginia Alemán (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Ainhoa Unzu (PSN) parlamentariak.