Noiz argitaratua Ostirala, 2016.eko Azaroak 4

'Hitzorduak: Nafarroan elkarbizitza eraikitzen' osoko bilkura soziala Nafarroako Parlamentuan

Foro Sozial Iraunkorra plataformak sustatutako jardunaldian hainbat biktima bildu dira bi mahai-ingurutara Parlamentuko hemizikloan

Nafarroako Parlamentuan gaur Hitzorduak: Nafarroan elkarbizitza eraikitzen oso bilkura soziala egin da, Foro Sozial Iraunkorrak sustatua. Osoko bilkuran bi mahai-inguru egin dira eta modu batean edo bestean indarkeria jasan duten pertsonek parte hartu dute; han izan dira senide hurbilen bat galduta indarkeria agerpenik latzena jasan dutenak, urteetan ETAren mehatxuaren pean eta bizkartzainak lagunduta bizi izan diren hautetsiak, torturatu dituzten edo “jazarpenezko indarkeria” pairatu duten pertsonak edota Frantziako eta Espainiako espetxeetan sakabanatutako presoen senideak. Ikus grabazioa


Ekitaldiaren hasieran Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakaria mintzatu da. “Osoko bilkuren areto hau gaur beteta egoteak esan nahi du gizartea eskatzen ari dela lanean has gaitezela eta bideak jorra ditzagula elkarbizitza baketsua eraikitzeko, indarkeriarik gabea, inolako indarkeriarik gabea”, adierazi du. Azpimarratu du, gainera, Legebiltzarreko gehiengoak ulertu duela “urrats konprometituak egiteko garaia dela, bakearen, normaltasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren aldeko urratsak, eta hala islatu zen akordio programatiko batean”.


Horren haritik, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeetako parlamentarien aurrean Ainhoa Aznárezek esan du elkarbizitzaranzko bide hori irekita dagoela “Legebiltzarra osatzen duten indar guztiak atxiki daitezen. Sufrimendu asko dago, baina ezin dugu 80 urte itxaron, Memoria Historikoarekin gertatu den bezala, oinaze hori aitortzeko”.


Aurkezpenean parte hartu du Fernando Armendariz Foro Sozial Iraunkorreko kideak. Eskerrak eman dizkie bildutako pertsona guztiei, “indarkeria motaren bat jasan ondoren beren bizipenen lekukotza ematea onartu dutenei, batez ere”.


Armendarizek azaldu duenez, Hitzorduak jardunaldiaren bidez “hitz egiteko eta epaituak sentitu gabe entzunak izateko konfiantzazko gune bat eskaini nahi zaie indarkeria hurbiletik sufritu duten pertsonei. Hemen dauden pertsonetako batzuek ahaideren bat galdu dute indarkeriaz hilda; beste pertsona batzuk urteetan bizi izan dira ETAren mehatxuaren pean, edo espetxean egon dira kargudun hautetsiak izateagatik edo beren militantzia politikoagatik; beste batzuek tratu txarrak eta torturak jasan dituzte, eta badira asteburu guztietan Frantziako edo Espainiako espetxeetara bisita egiten jarraitzen dutenak, sakabanatutako senide presoak ikustera".


Guztiek ere, Armendarizek zehaztu duenez, "esperientzia mingarriren bat izan dute. Sufrimendu hori norberarena da, besterenezina, eta ia beti oso bizia. Horregatik aitortu nahi ditugu pertsona horien adorea eta eskuzabaltasuna: prest daude atzera begiratu eta beren bizipenak berritzeko, mingarrienak izanik ere”, esan du.


Aurkezpenaren ondoren lehenbiziko mahai-ingurua egin da, Oinazetik elkarbizitzarantz izenekoa. Bertan izan dira Iñaki García Arrizabalaga, Juan Manuel García Corderoren semea —1980an Comandos Autónomos Anticapitalistas taldeak bahitu eta erail zuen, Telefónicaren Gipuzkoako ordezkaria zela (ez dute inor epaitu egitate haiengatik)—, eta Lourdes Zabalza, Guardia Zibilak atxilotu ondoren Bidasoa ibaian hilda agertu zen Orbaizetako gaztearen arreba (Mikel ez dute oraindik aitortu biktima gisa). Solasaldi horretan Carlos Pérez Conde aritu da moderatzaile.


García Arrizabalagak eta Zabalzak gogoeta egin dute duela hiru hamarkada baino gehiago gertatu zenaz. Bat etorri dira biktimen erabilera alderdikoi “lotsagarria” salatzean, eta horrek “min ematen” diela gehitu dute.


Espainiako Gobernu berriak terrorismoaren zikloa ixteko urratsak egin ditzala eskatu dute, halaber. “Gobernuak hau aurrera eramateko erantzukizuna du”, esan du Garcíak, eta “espetxe politika goitik behera aldatzeko” eskatu du. “Sakabanatzea amaitzeak tentsioak lasaitzen lagunduko luke”.


Bai Garcíak bai Zabalzak salatu dute ez dutela denbora honetan guztian erakundeen babesik sumatu, baina egoera “azkenaldian pixka bat aldatu izana” baloratu dute. Hain zuzen, Lourdes sinetsita dago “egunen batean Mikel ofizialki biktima gisa aitortuko” dutela. Garcíak ohartarazi duenez, ordea, Estatuaren biktimek “zer gertatu den jakiteko oztopo gehiago dituzte, eta hori guztiz bidegabea da”.


Biei galdetu diete nola eraikitzen den elkarbizitza. “Seme-alabei gorrotorik ez transmitituz harri bat jar daiteke, gorrotoaren transmisio uhal bat eteten baita”, aurreratu du Garcíak, eta argi dauka “beste indarkeria mota batzuen biktimen lekuan jartzea ere elkarbizitzarako lagungarria” dela.


Ildo beretik, Lourdes Zabalzak gogoeta oso sakona egiteko eskatu du, “urteotan zer gertatu den ikusteko, kontuan hartu gabe alde batean ala bestean izan den”.


Bigarren mahai-inguruan (Gizarte zibila, elkarbizitzaren motorra) indarkeriaren ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonen lekukotasunak agertu dira: urteetan ETAren mehatxupean bizkartzainek lagunduta bizi izan diren parlamentari edo zinegotziak, torturak jasan dituzten pertsonak edo sakabanatze-politikak eragindako presoen senideak. Zehazki, honako hauek aritu dira: Aitziber Berrueta, José Luis Uriz, Ana Fernández, Santiago Cervera (azkenean ezin izan du parte hartu baina komunikazioa bidali du), Julia Cid, Oihan Ataun, Txema Jurado, Mercedes Sánchez, Eneko Etxeberria eta José Ignacio Meijide. Azken mahai horretan Inma Errea idazlea aritu da moderatzaile.


Osoko bilkura sozialerako 120tik gora pertsonak eman dute izena. Bilkuraren azkenean Kristian Herbolzheimer errelatorea mintzatu da, Conciliation Resources fundazioko kidea bera, eta Filipinetako eta Kolonbiako programaren zuzendaria. Batzuen eta besteen ekarpenen testuingurua azaldu du eta nazioarteko esperientzien esparruan kokatu ditu, batez ere Kolonbian. Conciliation Resources fundazioa hemengo bake prozesuan laguntzen ari da Aieteko konferentzia baino lehenagotik. Gure gizartean gaur egun konpondu gabe dauden arazoak ere aipatu ditu.


Ondorioak


Ekitaldiari amaiera emateko, Fernando Armendarizek eta Begoña Huartek Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko ondorioak azaldu dituzte. Alderdi politikoekiko harremanen txandan “ezin izan dugu alderdi guztiekin hitz egin, eta gaur, hemen, haien hutsunea sumatzen dugu”, esan dute. Foro Sozial Iraunkorrak berriro adierazi nahi du guztiekin hitz egiteko prest dagoela, guztiok garelako beharrezkoak bakegintzan”, azpimarratu dute.


Armendarizek gogorarazi du nola 2013an, Bilbon eta Iruñean Foro Soziala sortu zenean, bi gomendio egin ziren, Egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko ardatza zela eta.


Hona lehen gomendioa: “Erakundeek egia, justizia eta adiskidetze prozesu zabal bat eta jendarte osoa barne hartzen duena bultzatzea gomendatzen dugu. Oinarrizko Giza Eskubide guztien errespetutik abiatuta etorkizuneko elkarbizitzarako oinarriak sortzea da helburua. Hori izanik xedea, beharrezkoa da jazotakoari eta bere jatorriari heltzea, biktima guztiak aintzatestea eta dagokien ordaina ematea eta eragindako kalte guztia aitortzea. Era berean, Egia eta Adiskidetzerako mekanismo bat horri guztiari aurre egiteko tresna baliagarria dela ulertzen dugu, erakundeek bultzatu edo babestutako mekanismoa izanik eta independentea, zeinean gizarte zibila den protagonista”.


Bigarren gomendioan “kontatzeko eta gogoratzeko era ezberdinak erraztea” aholkatzen zen, “gertatutakoa ukatu gabe, sektore sozial eta politiko guztietan autokritika bultzatuz eta egindako akats larriak aintzatesteko jardun zintzoa bultzatuz. Ildo horretatik, biktima eta giza eskubideen urraketa guztien datu-base ofizial, publiko eta osatu bat egitea premiazkoa da, galdu edo lausotu aurretik jazotakoaren memoria gordetzeko”.


“Bi gomendio horiek, Nafarroan azken asteotan bizi izan duguna ikusita, gaurkotasun handikoak dira. Arratsalde honetan, hemen bertan, bi gomendio horiek guztiz esanguratsuak dira. Biktimen mina eta gure erantzukizuna oinarri hartuta berreraiki behar dugun elkarbizitzak esan nahi du aurkaria areriotzat ez hartzeko eta gure sinesmenei uko egin gabe besterenak onartzeko gaitasuna eskuratu behar dugula”.


“Bide horretan aurrera goazela, ezin dugu utzi ebatzi gabeko gairik, ordaindu gabeko kalterik, min ematen jarraitzen duen egoerarik; horietarako guztietarako konponbide egokiak bilatu behar ditugu. Legegintzaldi honek konponbideena izan behar du. Gizarteak hori eskatzen du. Horretarako garai egokia da”.


“Gaur, leku honetan, zeinean eztabaida politikoa egiten baita baldintza demokratikoetan, agente politikoei dei egiten diegu arduraz jokatzeko, batzen dituena bilatzeko, eta ez banantzen dituena. Hitz egin ezazue, hitzaren garaia baita”.


“Gizarte zibil antolatuak, eta bereziki Foro Sozial Iraunkorrean elkartutako pertsona eta erakundeok, gure laguntza bermatzen dizuegu baldin eta bide integratzaile eta behin betikoari ekitea erabakitzen baduzue”, esan dute azkenik Fernando Armendarizek eta Begoña Huartek.