Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Ekainak 25

Hondakinei eta Haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea aurkezteko ekitaldia

Ainhoa Aznarezek ingurumen-larrialdiaz ohartarazi du, eta prebentzioa eskatu du egungo kontsumo sistemaren azpian dagoen kapitalismo diru gosearen aurka egiteko

Nafarroako Parlamentuan gaur eguerdian aurkeztu dute Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea, Europar Batasunetik heldu diren preskripzioekin lerrokatuta dagoen araua, Nafarroa aurre-aurrean kokatu behar duena “kapitalismo neoliberal aseezinak eusten dion egungo kontsumo sistema zentzugabearen” aurkako borrokan, “planeta pixkanaka suntsitzen ari diren zenbait sektoreren aberaste azkarraren” ideiak jota baitago, Ainhoa Aznarezen hitzetan.

 

Europako parametroei erreparatuta Espainiako estatuan dagoen “ingurumen-larrialdiaz” ohartarazi du legebiltzarreko lehendakariak —“hondakin plastikoen bigarren sortzailea” baita, aurretik Turkia baizik ez duela—, eta Nafarroak aski dela esateko izan duen ausardia azpimarratu du. “Ausartak izan eta ezetz esan behar genion zaborren sorrera zoroari, gurean 1,14 kilokoa egunean biztanle bakoitzeko. Gutxiago kontsumitzearen, ahalik gehien birziklatzearen eta berriz erabiltzearen aldeko ohiko apustuari ezer kendu gabe, prebentzioan sakontzen duen lege baten alde apustu egin dugu, aldi berean ekonomia zirkularrean aurrera egiteko eta klima-aldaketa leuntzen laguntzeko asmoz”.

 

Testuinguru horretan, eta “hiru ekitalditan zehar adostutako lege baten parte-hartzezko izaeraz” pozik agertu ondoren, Ainhoa Aznarezek “gizartearen aldekotasuna” eta Administrazioaren inplikazioa nabarmendu ditu. Legebiltzarrean jada ez dago botilako urik eta murriztu egin da paperaren eta berreskuratzen zailak diren materialen erabilera, eta Administrazioak ere, “jarraibidea emanez, praktika berri horiek ezartzen lagundu nahi du”.

 

Azkenik, jasangarritasunaren aldeko bere apustua berretsi ondoren, lehendakariak laguntza eskatu die herritarrei. Izan ere, “planeta leher dadin saihestu nahi badugu, etxetik eta keinu txikietatik hasi beharra daukagu. Pertsonako 1,14 kilo zabor sortuta, gaur hemen bildu garen 150 lagunok astean 30.000 kilo zabor sortzen ditugu, hilabete erdi eskasean atalondo eder hau nekerik gabe betetzeko adinako zabor meta. Zer pentsatua eman behar digu. Itxaropenerako eguna da”.

 

Ondoren, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek legea nola sortu den gogoratu du. “Programa-akordio bat du oinarri, eta helburua izan da hondakinen kudeaketan aurrera egitea, parte-hartze egiazkoa, antolatua, konprometitua eta arduratsua eta dokumentu argi eta irekien inguruko eztabaida lasaia abiapuntu hartuta”.

 

Esandakoan sakonduz Elizaldek azpimarratu duenez, “legeria berritzaile baten aurrean gaude, baita gobernantza-eredu hau markatzen duen fiskalitate berdeari dagokionez ere, herritar solidario eta engaiatuen nahiei erantzuten baitie. Horrek guztiak laguntzeko eta informatzeko gai diren administrazio publikoen beharra sortzen du. Aurrea hartu, murriztu eta berrerabili. Ez dugu etsi behar. Ekintzaren premia dago. Gaur egiten dugunak ez ditzala baldintzatu geroko belaunaldiak. Zorioneko gaude. Funtsezko urrats bat egin dugu, baina aurrera jarraitu behar da”.

 

Jarraian, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Legearen laburpen teknikoa eskaini dute Tania Bernaldo de Quirosek, Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko buruak, eta Oscar Rubiok, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoko arduradunak. “Hil ala biziko premia bati erantzuten dion arau ausart eta handinahia” dela esan dute. Munduan 7.500 milioi pertsona gara, horregatik ezinbestekoa dugu prebentzio neurri eraginkorrak antolatzea, diruz eta giza baliabidez behar bezala hornituak. Horrexetan ahalegindu gara era mankomunatuan”, nabarmendu dute.

 

Europako Batzordearen Bartzelonako Ordezkaritzako zuzendari Ferrán Tarradellasen ustez, “arazoa globala da, eta hazkunde ekonomikoa baliabideen kontsumotik bereiztea eskatzen du. Europar Batasunaren lehiakortasuna sustatu behar da ingurumena gure ekintzaren erdigunean jartzen duten nazioarteko konpromisoak errespetatuz, Parisko COP 21 konferentziarena, esaterako. Horretarako ezinbestez eman behar diogu buelta gure ekonomiari, eredu linealetik eredu zirkularrera pasatuz, gure hondakinak baliabide bihurtuz, balio-katera itzuli ahal daitezen. Garrantzitsua da Europako esparru bat izatea, baina are garrantzitsuagoa toki administrazioen eta autonomia erkidegoetako administrazioen gaitasuna subsidiariotasun printzipioa egoki garatzeko orduan. Lege hau horretarako funtsezko tresna izan daiteke. Zorionak ematen dizkizuet”.

 

Azkenik, Toom Pak taldearen emanaldiari aipamena eginez, Eva García Balaguer, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, sormena sustatzearen alde agertu da, “ikusi dugunez, jai ikuskizun bihur baititzake baztertutako materialak. Ahaleginak egin behar dira a priori erabilgarriak ez diren materialak biziberritzen saiatzeko, eta elkarlan bikain baten fruitua den lege hau ekonomia zirkularraren balioa handitzeko tresna ona izan daiteke. Mila esker lan zail horretan parte hartzen duzuen guztioi”.

 

Ekitaldia musikaz laguntzea Toom Pak musika-jole eta perkusionista taldearen kontura izan da. Beren emanaldietan erabiltzen dituzten musika-tresnak baztertutako botila, bidoi, hodi, gurpil-uztai eta bestelako gauzekin eginak dira.

 

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Legea ekainaren 7an onetsi zen, eta aurrerapauso garrantzitsua da era guztietako hondakinen sorreraren prebentziorako eta murrizketarako. Ezartzen dituen neurriek, bai zergen alorrekoek bai materialen xedea eta tratamendua arautzekoek, hondakinen sorreraren prebentzioari eta kudeaketari buruzko Foru Komunitatearen politika zehazten dute hurrengo urteetarako, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planak ezartzen duen bezala.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan izan da, eta bertan honako hauek egon dira, besteak beste: Unai Hualde lehendakariorde lehena, Maiorga Ramírez lehen idazkaria, Luis Casado, Luis Zarraluqui, Mariano Herrero (UPN talde parlamentarioa), Koldo Martínez, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Dabid Anaut (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Conchi Ruiz (PSN talde parlamentarioa), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea), Pablo Azcona NUKFko lehendakaria, Xabier Lasa Toki Administrazioko zuzendari nagusia, NUPeko ordezkariak, Nafarroako Unibertsitatekoak, Nafarroako Hondakinen Partzuergokoak, mankomunitateetakoak, UAGNkoak, hainbat udaletakoak eta Balearretako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Extremadurako, Kataluniako eta Valentziako gobernuetakoak.