Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Otsailak 22

Hugo García de Olanok Zuzenbide Parlamentarioko III. Nafarroako Parlamentua Saria jaso du eta accesita Victoria Tejadarentzat izan da

Ainhoa Aznárezek bi lanen sakontasun eta gaurkotasuna nabarmendu du, bata Parlamentuak Jarduneko Gobernuaren gainean egiten duen kontrolari buruz eta bestea Zentsura mozioaren ikerketa juridikoari buruz

Foru Legebiltzarrean gaur Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko III. Nafarroako Parlamentua Saria emateko ekitaldia egin da. Hugo García de Olano izan da saritua. Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, eman dio saria (1.500 euro), Parlamentuak Jarduneko Gobernuaren gainean egiten duen kontrolari buruz egin duen ikerlanarengatik.

 

Bestalde, 500 euroko accesita jaso du Victoria Tejadak, Zentsura mozioaren ikerketa juridikoa izenburuko lanagatik.

 

Epaimahaian izan dira Manuel Pulido, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia, Miguel Ángel Laurenz, Parlamentuko legelaria, José Francisco Alenza, NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko Dekanoa, Cristina Zoco, UNEDen Iruñeko Ikastegi Elkartuko Zuzenbide Politikoko irakaslea, Ana Carmen Iturre, UNEDen Tuterako Ikastegi Elkartuko idazkari teknikoa eta Asunción de la Iglesia, Nafarroako Unibertsitateko dekanordea. Aurkeztutako lanek “maila akademiko handia” dutela baieztatu dute.

 

Zehazki, epaimahaiak bi ikerketen “gaurkotasuna, planteamendua eta lortutako ondorioak” nabarmendu ditu, baita “saritutako lanaren analisi sakontasuna ere”.

 

NUPek, Nafarroako Unibertsitateak, Iruñeko UNEDek eta Tuterako UNEDek 2016an sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ildotik sortu zen Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko Saria. Hitzarmen hori “unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna” da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira “sistema politiko-parlamentarioa eta sistema juridiko-konstituzionala”.

 

Bere lehengo bertsioan, saria Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko Sailak kudeatzen zuen, 2002az geroztik unibertsitate horren esku baitzegoen, Nafarroako Parlamentuarekin egindako hitzarmen baten ondorioz.

 

Ainhoa Aznárez Igarza lehendakaria izan da hasiera-ekitaldiko buru. Lehendabizi zorionak eman dizkie saridunei, eta “baterakoa, anitza eta plurala, bizi garen Nafarroa honen ikur eta isla garbia” den sari horren bultzatzaileak ere zoriondu ditu.

 

Hori dela eta, lehendakariak eskertu egin du “unibertsitateek elkarrekin egiten duten ahalegina, gazteen interesa pizten saiatzen baitira Parlamentuaren barne-antolaketaz eta funtzionamenduaz; izan ere, maiz aurkitzen ditugu konponbide juridikoen edo lege-interpretazioen ikuspuntutik oso argiak ez diren egoerak”.

 

Esandakoaren haritik, gaur egun indar betean dauden eta berri samarrak diren gaiei heldu dieten bi ikerlanen orijinaltasuna eta maisutasuna goraipatu ditu Ainhoa Aznárezek.

 

Hala, lehendakaria Victoria Tejada Rebolledaren lanaz, accesita jaso duenaz, mintzatu da, Europako konstituzio desberdinetan zentsura mozioen erregulazio desberdinei buruzkoaz. Aipatu du zentsura mozioa “gobernuaren ekintzak fiskalizatzeko Parlamentuaren kontrol tresna” dela, eta hori dela eta, “boterearen erabilera txarra edo gehiegizko erabilera ekiditeko ezinbestekoa egiten du Legebiltzarraren eta Gobernuaren arteko konfiantza harremana. Diozun bezala, Parlamentuari kontrolaren eginkizuna kentzen badiozu, botere oreka apurtuko litzateke”.

 

Aznarezek Hugo García de Olanoren lanari buruz adierazi du “Gobernu baten, jardunekoa izan ala ez, kontrapisua Parlamentuaren kontrola dela. Are gehiago, nire iritziz Gobernuak kongresuaren konfiantza ez duenean, kontrol hori estutzearen ideia elkarbanatzen dut, Parlamentua baita herriaren boterearen lagina”.

 

Hugo García de Olanok, Zuzenbide Parlamentarioko III. Nafarroako Parlamentua Sariaren irabazleak, eta Victoria Tejadak, accesitaren irabazleak aitortu dute “oso harro” daudela, sariak garrantzi handia duelako, eta epaimahaiari eskerrak eman dizkiote.

 

García de Olano Arabako Laguardia herrikoa da eta Tejada Logroñokoa, eta biek Logroñoko Práxedes Mateo Sagasta BHIn egin dituzte bigarren hezkuntzako ikasketak. Duela hilabete amaitu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gradu Bikoitza Enpresa eta Administrazio Zuzendaritzan eta Zuzenbidean.