Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Azaroak 8

Ibai Crespo eta Maite Nosti, Eskarietako Batzordeko lehendakari eta lehendakariorde berri

Datorren ostiralean, hilak 10, hautaketa errepikatu eginen da beren mahaietako bi kargudun nagusiek uko egin duten gainerako zortzi batzordeetan

Eskarietako Batzordeak lehendakari eta lehendakariorde berriak hautatu ditu gaurkoan. Kargu horiek PSNko Ibai Crespori eta Voxeko Maite Nostiri egokitu zaizkie; azken kasu honetan, hautagaitzarik aurkeztu ez izanaren ondorioz, adinaren irizpideari helduta, zaharrenetik gazteenerako hurrenkeran. Lehenak UPNko Javier Trigori hartzen dio txanda; eta bigarrenak, PSNko Ibai Crespori berari, biek aurkezturiko ukoaren ondoren. Mahaia EH Bilduko Mikel Zabaletarekin osotzen da, zeinak idazkari izaten segitzen baitu.

 

Ibai Crespok 8 boto jaso ditu, bere taldeak eta EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako sostenguari dagozkionak. 6 boto zuri egon dira.

 

Bilkurako lehendakari jardun du parlamentari adinduena den Maite Nostik, eta idazkari-lanetan Mikel Zabaleta aritu da.

 

Erregelamenduko 54. artikuluaren arabera, Batzordeko lehendakaritza eta lehendakariordetza aldi berean hautatzen dira, paper bidezko bozketa sekretuz, zeinetan batzordekide bakoitzak izen bat baino ezin duen idatzi.

 

Boto-zenbaketa egin ondoren, bozkatuena aldarrikatu dute lehendakari; lehendakariorde, aldiz, batzordekiderik adinduena, hautagairik egon ez denez gero.

 

Datorren ostiralean, hilak 10, eginen da hautatzea beren mahaietako bi kargudun nagusien ukoa izan duten beste zortzi batzordeetan.

 

Batzordeek 14 kide dituzte (UPNko 4, PSNko 3, EH Bilduko 2, Geroa Baiko 2, PPNko 1, Contigo Zurekin-eko 1 eta Voxeko 1), joan den legegintzaldian baino bat gutxiago alegia (talde bat gehiago egonda), talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteek aukeratuak.

 

Kasuan kasuko batzordearen esparruan, bai Mahaiak bai haren kide bakoitzak analogiaz beteko dituzte Erregelamenduan Parlamentuko Mahaiari eta haren kideei esleitzen zaizkien eginkizunak.

 

Batzordeek landuko dituzte Parlamentuko Mahaiak Eledunen Batzarrari entzun ondoren beraiei esleitzen dizkien aferak; eta, kasua bada, izapidetzen duten afera bakoitzari buruzko irizpen bat prestatuko dute, hartzen diren erabakiak jasota. Horiek Parlamentuaren Osoko Bilkurara eramanen dira, Parlamentuko Mahaiaren bitartez eta lehendakariaren eta idazkariaren sinadurekin.

 

Maite Nosti (Vox) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier Trigo, Félix Zapatero, Cristina López, Raquel Garbayo (UPN), Ibai Crespo, Maite Esporrín, Olga Chueca (PSN), Mikel Zabaleta, Xebe Txoperena (EH Bildu), Isabel Aranburu, Itxaso Soto (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).