Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Irailak 17

Idoia Villanueva, Nafarroako Foru Komunitateko senatari berria

Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen hautagaiak 26 boto batu ditu, eta aurreko senatariak, Pedro Ezak, UPNren babesa besterik ez du jaso

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Idoia Villanueva Ruiz Nafarroako Foru Komunitateko senatari autonomikoa izatea hautatu du gaur, UPNko hautagai Pedro Eza Goyenecheren kaltetan. Azken honek Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek proposatu duten hautagaiak baino 11 boto gutxiago jaso ditu.


Idoia Villanuevak 26 boto jaso ditu bere alde (9 Geroa Bai-renak, 8 Bildu-renak, 7 Podemos-Ahal Dugurenak eta 2 I-Erenak), eta Pedro Ezak ordea 15 boto besterik ez ditu jaso (guztiak UPNrenak). Gainera, 9 boto zuri egon dira (7 PSNrenak eta 2 PPNrenak).


Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Idoia Villanueva senatari berria izatea hautatu du. Hautaketa bozketa bakarrean egin da, isilpean eta txartelen bidez. Foru parlamentari bakoitzak txartelean hautagaiaren izena idatz zezakeen, era berean, boto zuriek ere balio zuten. Gainerako botoak baliogabeak ziren.


Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez, izan da botoak zenbatu dituena, eta amaitu duenean karguan Pedro Eza ordezkatuko duen senatari berria, Idoia Villanueva, zoriondu egin du.


“Bederatzi legegintzaldi eta 30 urte baino gehiago itxoin behar izan ditugu Nafarroako Parlamentuak eta hura osatzen duten alderdiek Nafarroako senatari izateko emakume bat proposatu eta izendatzeko. Berdintasuneranzko borrokan ematen den beste aurrepauso bat da, gaurko egunean bigarrena, Parlamentuko Mahaian berdintasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartzera konprometitu baikara”, esan du Aznarezek.


Senatari autonomiko izateko izendapena amaitu ondoren, Idoia Villanuevak babestu duten taldeei “eskerrak” eman dizkie eta aurreratu duenez, bere nahia “lanaren eta erantzukizunaren bidez gainerako taldeen konfiantza irabaztea da. Hemendik aurrera senatari autonomiko naizen aldetik aldaketarekin eta herritarrekin konpromisoa hartzen dut. Ia 40 urteren ondoren lehenengo emakumea izatea, maila honetan ere, zerbait mugitzen ari denaren sintoma da”.


Villanuevak talde mistoaren barruan lan egingo du, eta ziurtatu duenez, Nafarroa Goiko Ganberan ordezkatzeko erronka hartu du. Ziur dago “aniztasunak, banatu ordez, aberastu egiten duela eta gizarte gisa haztea egiten digula. Ezberdinen arteko elkarrizketa, eztabaida eta adostasuna datozen urteetako politika gidatuko duten ardatzak izango dira. Nafarroan hasi den aldaketa hau estatu mailan finkatu dadin ahalegina egingo dut, eta horretarako gure eskualdetik haratagoko eraginak dituzten Adostasunaren Gobernuaren esparruak irmotasunez defendatzen saiatuko naiz”.


Ildo horretan eta Senatuko agendak “ahalbidetzen didan” heinean, Villanuevak ziurtatu du bere nahia “Nafarroako Parlamentuan jarduera erregularra mantentzea” dela, “parlamentu-taldeekin eta gizarte kolektiboekin elkarlana aregotze aldera. Nik neuk haien informazioa, iradokizunak eta proposamenak bildu nahi ditut. Gainera, noizean behin Senatuan egiten ari dena Parlamentuari jakinaraziko diot”.


Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.


Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.