Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Apirilak 8

Ignacio Cabeza Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakari izendatu du Parlamentuak

PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren babesa lortuta, datorren apirilaren 12an hartuko du kargua

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Ignacio Cabeza del Salvador hautatu du gaur datozen sei urtetan Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakari izateko. Agintaldia amaituta, kargua utzi duen Asun Olaechea ordezkatuko du.

 

Ignacio Cabezak 29 boto lortu ditu (PSNren 11, Geroa Bairen 9, EH Bilduren 7 eta Podemos-Ahal Duguren 2), eta 21 boto zuri erregistratu dira, Navarra Sumaren eta I-Eren ordezkariei dagozkienak. Kontuen Ganberako lehendakari izendatzeko, gutxienez 26 parlamentariren babesa behar zituen, Ganbera osatzen dutenen gehiengo osoa.

 

Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakari izateko hautaketa bozketa bakarrean egin da, isilpean eta txartelen bidez.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria izan da botoak zenbatu dituena, eta amaitu duenean lehendakari berria, Ignacio Cabeza, zoriondu egin du.

 

Ignacio Cabeza del Salvador (Zaragoza, 1957) Zaragozako Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Administrazio Publikoei Aplikatutako Kudeaketan aditua.

 

Kontu Auzitegiko auditoria-teknikari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta handik Zaragozako Udalera igaro zen barne-auditore gisa.

 

Hala ere, bere ibilbidearen zatirik handiena Nafarroako Kontuen Ganberan egin du, bertan auditore gisa aritu baita 1987 eta 2018 artean.

 

Erakunde honetako lehendakari izendatu arte, FIASEP Fundazioko presidente izan da, sektore publikoan auditoretza sustatzen duen eta, bereziki, arlo horretako prestakuntza lantzen duen fundazioko lehendakari.

 

Kontuen Ganbera Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa fiskalizatzen duen erakundea da. Organikoki Parlamentuaren mende dago, eta arlo ekonomiko-finantzarioan aholkuak ematen dizkio, nahiz eta bere funtzionamendua autonomoa izan. Lehendakari batek zuzentzen du, eta idazkari nagusia eta auditoreak ere bertako kide eta organoak dira.

 

Asun Olaechea Kontuen Ganberako lehendakaria 2016ko apirilaren 7an hautatu zuten gehiengo handi baten babesarekin (33 boto), eta urte hartako apirilaren 29an hartu zuen kargua. Helio Robleda ordezkatu zuen, 2010ean izendatua.