Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Apirilak 12

Ignacio Cabeza Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakari karguaz jabetu da

Comptosek kalitate demokratikoa hobetzeko egindako ekarpena nabarmendu du Hualdek, eta Cabezak paradigma aldatzeko eskatu du, funts publikoen erabileran “legezkotasuna eta eraginkortasuna” bateratzeko

Gaur eguerdian Ignacio Cabeza del Salvador Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakari karguaz jabetu da Nafarroako Parlamentuan. Asun Olaecheak lekua utzi dio karguan sei urte egin ondoren.

 

Nafarroako ereserkia entzun ondoren, bere hitzaldian Unai Hualdek Kontuen Ganberaren ibilbidea azaldu du. Erakunde aitzindaria da, 1365ean sortua, 1836an deuseztatua eta 1980an berrezarria, “Estatuko Kontuen Auzitegirik zaharrenaren jatorrian” kokatzen dena, eta “autogobernuaren” finantza-adierazpenetako bat da, kasu honetan “funts publikoen kontrolaren” aldetik.

 

Testuinguru horretan, Lehendakariak adierazi du bai Comptos deuseztatzea eta bai berrezartzea zentralismoaren eta foraltasunaren defentsaren arteko tentsio historikoen isla direla. “Nafarroak etengabeko tentsioari aurre egin izan dio beti, tinkotasunez eta pedagogia-hedapenekin, oraindik ere defendatu beharko diren eskumen eta transferentzien defentsa ona eginez”.

 

Kontuen Ganberaren berezko zereginetara itzulita, eta “gobernantzaren funtzionamendu egokirako ezinbestekoa” dela egiaztatu ondoren, Unai Hualdek “erakundeen kalitate demokratikoari egiten dion ekarpena” nabarmendu du, “kontrol politikoaren, segurtasun juridikoaren eta gardentasunaren” ikuspegitik, “guztia autogobernuari begira. Gaurko ekitaldia egonkortasunaren eta normaltasun instituzionalaren seinale da. Pertsonak aldatu egiten dira, baina erakundeek bere horretan diraute”.

 

Jarraian, Mahaiko kideen aurrean karguaren promesa egin eta lehendakariaren eskutik Parlamentuaren intsignia jaso ondoren, Ignacio Cabezak beren-beregi aitortu eta eskertu dio Foru Legegileari konfiantza beregan jarri izana eta bere bizitza profesionala “erakunde errespetatu eta ondo baloratu hau zuzentzeko erronka bere gain hartuz amaitzeko ohorea” eskaintzeagatik. “Bide horretatik jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, nire ahalegin eta gaitasun profesional guztia Nafarroako herritarrek administrazio publikoen diru-kutxei ematen dizkieten baliabide guztien kontrol eraginkorraren zerbitzura jartzeko”.

 

Premisa horiek aintzat hartuta eta “Nafarroako sektore publikoaren gobernu onari eta ekonomia- eta finantza-jardueraren hobekuntzari laguntzeko asmoz”, Ignacio Cabezak bere egin ditu “efizientzia, ekonomia, berdintasuna eta gardentasunaren printzipioak”, eta, azken horren izaera “estrategikoa” azpimarratu ondoren, “sistema demokratikoa indartzeko” deia egin du, “iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako borrokatik” ere.

 

Ignacio Cabezak pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondoriozko “giza drama sozial eta ekonomikoaren ondorioz ziurgabetasuna kudeatzera behartzen duen” egoera berriaz hitz egin du, eta, zentzu horretan, “zerbitzu publiko on eta sendoak” izatearen garrantzia azpimarratu du. “Krisi hauek egoera berri bat planteatzen digute. Alde batetik, bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak eta sektoreak babesteko talka-planak eskatzen dituzte. Bestetik, administrazio publikoetan nagusi den presentismoak lausotutako arazoak azaleratu dituzte”.

 

Bere ustez, egungo tesiturak “baliabide publikoak kontrolatzeko kulturaren paradigma aldatzea” eskatzen die administrazioei. “Dagoeneko ez da nahikoa jardueren legezkotasuna aztertzera mugatzea; helburuak lortu direla egiaztatu behar da, finantza publikoen gardentasun- eta iraunkortasun-testuinguru batean. Kudeaketa arrazionala benetako eraginkortasunaren baliokidea da. Goi Mailako Erakunde Fiskaltzaileen Nazioarteko Erakundeak (INTOSAI) ohartarazten duenez, erantzun azkarrek xahutze- eta ustelkeria-maila handiagoak eragin ditzakete”.

 

Erakunde publikoekin “lankidetzan aritzeko” prestutasuna berretsi ondoren, Ignacio Cabezak “dagoeneko ez dauden” Kontuen Ganberako lankide guztien “oroitzapen hunkituarekin” eta “plantilla erakunde guztien aktibo nagusi gisa kokatzen duen asmoen adierazpenarekin” amaitu du. “Babesa eskatzen dizuet. Jakitun izan zaitezte duzuen erantzukizun eta konpromisoaz. Nik, behintzat, hala sentitu dut Ganberako auditore gisa eman ditudan hiru hamarkadetan. Eskerrik asko”.

 

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak musikaz lagundu du ekitaldia.

 

Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldian izan dira, Mahaiko kideez eta talde guztietako parlamentariez gainera, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite, Gobernuko hainbat kontseilari, Patxi Vera arartekoa, Nafarroako Kontseiluko presidente Alfredo Irujo, Gobernuak Nafarroan duen ordezkari José Luis Arasti, Kanarietako Kontuen Auzitegiko presidentea, Pedro Pacheco, Aragoiko Kontuen Ganberako presidentea, Alfonso Peña, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Joaquín Galve, Nafarroako Fiskal Nagusia, José Antonio Sánchez eta Kontuen Ganberako presidente ohi eta lankideak.

 

Kontuen Ganbera Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa fiskalizatzen duen erakundea da. Organikoki Parlamentuaren mende dago, eta arlo ekonomiko-finantzarioan aholkuak ematen dizkio, nahiz eta bere funtzionamendua autonomoa izan. Lehendakari batek zuzentzen du, eta idazkari nagusia eta auditoreak ere bertako kide eta organoak dira.

 

Hualde eta Cabezaren arteko bilera

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Ignacio Cabeza hartuko du bihar, Kontuen Ganberako lehendakari berria.

 

Bilera asteazkenean 09:30ean izango da, Lehendakaritza bulegoan.