Noiz argitaratua Astelehena, 2015.eko Martxoak 2

Ikerketa Batzordeak informazioa eta azalpenak eskatzen jarraitzen du

Parte hartzeko eskaerei buruzko eztabaida hilaren 13a arte atzeratu eta lanak bukatzeko epea martxoaren 20ra luzatu dute

CANen desagertzeari dagokionez arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko asmoz eratu zen Ikerketa Batzordea gaur bildu da, besteak beste, lanen epea martxoaren 20ra arte luzatzeko (lau egun gehiago), parte-hartzeko eskaerei buruzko eztabaida hilaren 13a arte atzeratzeko, informazio eskaera berriak izapidetzeko eta ukatu den dokumentazioari buruzko azalpen gehiago eskatzeko.


Batzordeak parte-hartze eskaerei buruzko eztabaida hurrengo saiorako, hilaren 13an ezarrita dagoena, uztea erabaki du. Helburu horrekin egin den bozketan atxiki gabeko ordezkari den Manu Ayerdik soilik egin du deitzeko pertsonen behin behineko zerrenda bat egitearen alde. UPNk haren aurka bozkatu du eta Socialistas de Navarra, Aralar-Nabai, PPNk eta I-E parlamentu-taldeek ez dute bozkatu.


Bestalde, Batzordeak Parlamentuko zerbitzu juridikoek parte-hartze eskaerei erantzuteko derrigortasunari buruzko txostena jaso du. Ondorioei buruzko zatian azpimarratzen denez, “parte ez hartzeak desobedientzia delitua dakar”.


Ildo horretan, adierazten denez, Parlamentuko Araudiak “ikerketa batzordeei berariaz ematen die, legearen arabera eta ohartarazpen bidez, edozein pertsona deitzeko gaitasuna, pertsona hori entzuteko eta gertakariak argitzen laguntzeko. Ahalmen horrek parte hartzeko betebeharra dakar, Zigor Kodearen 502. artikuluari jarraiki zeharka ezarritakoa.


Era berean, Batzordeak Ignacio Cabeza del Salvador, Kontuen Ganberaren kontu-ikuskaria, “lehentasunez eta premiaz” 2000 eta 2012 artean CANen eta haren Fundazioaren ikuskatutako kontuak biltzeko lana egiteko izendatu dutela badakiela adierazi du; kasu honetan 2013ko ekitaldiari dagozkionak soilik. Bildu-k eta Aralar-Nabaik eskatu duten bilketa horrek zedarritzen diren esleipen ekonomiko jakin batzuei buruzko organo fiskalizatzailearen iritzia jaso beharko du. Zehaztu denez, lana hilaren 13rako amaituta egon beharko da.


Era berean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, Ikerketa Batzordeak Caixa Bank eta Nafarroako Kutxa Fundazioa erakundeentzako bi informazio eskaera berri izapidetu ditu, kasu honetan “CANen Administrazio Kontseiluko edo beste organo batzuetako kideekin zerikusia zuten pertsona edo enpresei esleitutako kreditu eta maileguei buruzkoak, zeinak gobernu korporatiboaren urteroko txostenetan jasota egon behar diren eta ordainean eman diren edo osotara ordaindu gabe kitatu diren”.


Halaber, informazioa eskatu zaien entitate guztiei azalpen gehiago eskatzea erabaki da, hartara “dokumentuz dokumentu, zedarritu dezaten zeintzuk diren eskatutako informazioa ukatzeko erabiltzen dituzten arrazoi zehatzak”. Gainera, Espainiako Bankua premiatzen da Nafarroako Kutxa Fundazioari buruz eman duen informazio bat argitu dezan.


Batzordeak hurrengo bilera martxoaren 13an, ostiralean, ateak itxita egitea adostu du.


Onetsi diren arauei jarraiki, Batzordearen xedea da ikertzea arduradunek, Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak, hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru Komunitatea egungo egoerara eraman dutenak, bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu baitu, baita prozesu osoak eta burututako abusuek eragin dituzten erantzukizun politikoak zehaztea ere.


Ikerketa Batzordearen burua Segio Sayas (UPN) da, baina gainera Carlos García Adanero (UPN), Santos Cerdán, Juan José Lizarbe (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa (Bildu), Patxi Zabaleta, Xabi Lasa (Aralar-Nabai), Ana Beltrán eta Amaya Zarranz (PPN), Txema Mauleón, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (atxiki gabekoa) parlamentariek osatzen dute.