Inbestidura-eztabaida datorren astelehenean, abuztuaren 14an izanen da
Lehendakariak 18:30 inguruan finkatuko du bozketa, eta hautagaiak ez badu lehen bozketan eskatzen den gehiengo osoa lortzen, asteartean ordu berean errepikatuko da
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrari María Chivite Navascuésen hautagaitza jakinarazi dio Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako.
Legebiltzarreko organo gidariek Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurarako deia egin dute datorren astelehenerako, abuztuak 14 (09:30), Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakariaren inbestidura eztabaidaren ospakizunerako.
Erregelamenduaren 196. artikuluari jarraiki, Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarrari jakinaraziko dio Gobernuko lehendakaritzarako hautagai-proposamena. Horrela hasiko da bilkura.
Ondoren, proposatutako hautagaiak osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe, eta Legebiltzarraren konfiantza eskatuko du. Amaitzean, lehendakariak bilkura etetea aginduko du, aurreikuspenen arabera, ordu erdiz.
Lehendakariak erabakitako etenaldiaren ondoren, hala eskatzen duen parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana mintzatuko da hogeita hamar minutuz, taldekide kopuruaren araberako hurrenkeran, handienetik hasi eta txikieneraino.
Eskatzen duen guztietan erabili ahalko du hitza proposatutako hautagaiak. Mintzatu den bati bakarka erantzuten badio, ihardesteko eskubidea izanen du horrek. Halaber, hautagaiak parlamentu-taldeen ordezkariei eta askotariko parlamentu-taldea osatzen dutenei batera erantzuten badie, ihardesteko eskubidea izanen dute horiek. Edozein kasutan, ihardesteko txanden iraupena 10 minutukoa izanen da.
Lehendakariak erabakitako orduan eginen da bozketa (astelehena, 18:30 aldera). Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da. Proposatutako hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren botoa bereganatzen badu, konfiantza eman zaiola ulertuko da. Halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orden buruan (asteartea, 18:30 aldera) beste bozketa bat eginen da, eta hautagaiari konfiantza eman zaiola ulertuko da bigarren bozketan gehiengo soila lortzen badu. Ez da hitz egiteko txandarik egongo, bozketa bakarrik.
Ganberak konfiantza ematen badio, María Chivitek hilaren 17an, ostegunarekin, hartuko du kargua, (11:30, atalondoan).
Inbestidura-eztabaida burutzeko data aukeratu aurretik, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean eztabaidatu da, eta, azkenean, deialdiaren eta bilkuren arteko hiru eguneko gutxieneko epea errespetatzearen alde UPNren jarrera nagusitu da.