Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abuztuak 1

Inbestidurako eztabaida. Nafarroako lehendakaritzarako hautagaiaren hitzaldia

María Chivitek iragarri duenez, gobernua zentratuko da aurrerabide ekonomiko eta sozialean, desberdinkeriaren aurkako borrokan eta autogobernuaren defentsan, aniztasunaren baitako elkarbizitzaren ikuspegitik betiere

Gaur hasi da, 12:00etan, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko lehendakariaren inbestidurarako eztabaida egiteko Osoko Bilkura.

 

Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jaunak Gobernuko lehendakaritzarako hautagaiaren proposamena Legebiltzarrari komunikatuz hasi da Osoko Bilkura.

 

Ondoren, María Chivite Navascués hautagaiak 57 minutuz azaldu du osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa, eta Legebiltzarraren konfiantza eskatu du.

 

Chivitek aldarrikatu du bere "lehentasunak" politika sozialetan eta kalitatezko enpleguaren sorkuntzan kokatzen direla.

 

Hautagaiaren hitzaldia amaitu ondoren, bilkura ordu eta erdiz eten da, eta 15:00ean ekin zaio berriro. Une horretan hasi dira talde eta elkarte parlamentarioen eledunen mintzaldiak, handienetik txikienerako hurrenkeran eta bakoitzak horretarako ordu erdi izanda.

 

Hautagaiaren hitzaldia

 

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzarako María Chivite Navascués hautagaiak (PSN) konpromisoa hartu du bere inbestidura-hitzaldian Exekutiboa "zentraltasun"etik eraikitzeko, gobernukideen arteko desadostasunak alde batera utzirik.

 

Chivitek bere alde PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Dugu-ren eta Izquierda-Ezkerraren aldekotasuna eta EH Bilduren abstentzioa dauzka inbestitua izateko, eta, baieztatu duenez, "ezkerraren eta nazionalismoaren arteko akordio hau ez da berria ez Espainian ez Nafarroan, ezen jadanik beste erakunde batzuetan egin izan da, eta eragileak zentraltasun politikoan kokatzen direnean eraginkorra dela erakutsi du".

 

Zentraltasun horrek, esan duenez, "aniztasuna islatzen du, baina badaki demokrazian zilegi diren desadostasunak alde batera uzten, gehiengoaren sentsibilitate sozialari erantzuten dioten eite progresistako gaiak lehenesteko".

 

Horregatik, konbentziturik azaldu da "hondamendiaren guru diren horiek posizioa aldatu beharko dutela egindako urratsek erakusten dutenean Gobernu hau zentraltasun horretan dagoela", eta horren proposamenak ez direla "ez arraroak ez sektarioak izanen, arriskuan ez dutela ezer jarriko eta ez dutela inolako hondamendirik ekarriko".

 

"Orekatuak, zuhurrak, arrazoizkoak eta arrazoituak izanen dira, eta beti saiatuko gara interes orokorrari erantzuten, gobernu bat bere kide diren alderdiez haragoko erakunde bat baita", adierazi du hautagaiak, horrekin batera halaber esanik ezen "Lehendakaritzak lehenik eta behin egon behar duela ordezkatzen dituen herritarren esanetara".

 

Nolanahi dela ere, iragarri du akordio hau "urrunerako ikusmiraduna" dela, "epe labur, ertain eta luzean lan egiteko modua emanen duen oinarri batez hornitua".

 

Chivitek azpimarratu du adostasunak "egunez egun" landuko dituztela, eta baieztatu du bere lehendakaritzapean izanen uste duen Nafarroako Gobernuak "aiherkunderik gabe" jokatuko duela, "hona iritsi bitarteko langintza-aldi honetan guztian zehar aditu eta bizi" behar izan dutena gorabehera.



Ildo horretan, hausnartu du ezen, "prozesuaren beroaldia pasatzen denean eta guztia itzultzen denean egunez egun Parlamentuan lan egiten duguneko normaltasunera, ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa ez direla posible bakarrik izanen, baizik eta errealitate izanen direla, Nafarroan beti egin izan baita horrela, eta horrela izaten behar du segitu".

 

Hori dela-eta, 50 nafar parlamentariei zentzutasunez jokatzera dei egin die, "gure herriko legegintza eta gobernugintza geure gain hartzearen ohorea daukagunongandik espero den altuera politiko horrekin jokatzearren".

 

"Badakizue, jaun-andreok, pertsona baikorra naizela, eta egiazki uste dut sen ona gailendu eginen dela azkenean. Guztiok dakigulako gizartea polarizatzea arduragabekeria bat dela. Horrek elkarbizitza zartatzen duelako eta ziurgabetasunak sortzen dituelako. Eta aurrerabideak ez dauka ziurgabetasuna baino etsai okerragorik", nabarmendu du.



Chivitek dei egin du "lasaitasun, neurritasun eta sen onez" jokatzera, bai eta iragarri ere gobernu honek "berdintasuna eta aurrerabidea izanen dituela goiburu, gure esparru instituzionalarekiko errespetutik eta Espainiako Gobernuarekiko leialtasunetik abiatuta, zeinarekin elkarlanean eta eskutik helduta aritu nahi baitugu".

 

PSNko hautagaiak gogorarazi du ETA duela urte eta erdi desegin zela, eta, une horretara iritsi aurretik, "ia mila erailketa izan direla, eta izu politiko bat ere bai, oroitzapenean gelditu behar duena baina orobat eduki beharko lukeena errefus eta kalte-aitorpena, inoiz ekin beharko ez zitzaion bide horretan erantzukizuna izan zutenek esplizituki adierazitakoa".



Erantsi duenez, "demokrazia indartu beharra dago, eta konpromiso etikoari nahiz eginiko akatsen aitorpenari ongietorria emanen die gizarteak, zeinak bere ordezkariei tinko eskatzen baitizkie argitasuna eta bipiltasuna terrorismoaren, faxismoaren, jarrera antidemokratikoen eta indarkeriaren gaitzespenean eta errefusean".


Ohartarazi du ezen Nafarroako Gobernuak, horrenbestez, "errespetatu eginen dituela identitate-sentimendu ezberdinak, betiere erakutsiz badakiela bereizten zeregin instituzionala arlo pribatutik".



Hautagaiak baieztatu du hauteskundeetatik ondorioztatu beharreko mezua dela Nafarroa komunitate plural bat dela, eta iragarri du "herritar guztientzako" Gobernua izanen dela hau; baita aldeko botoa eman ez dietenentzakoa ere. Herritar horiek akordioak nahi omen dituzte. Horri buruz, gaitzespen-hitzak izan ditu adosteari "amore emate" eta negoziatzeari "saleroskeria" irizten dietenentzat.

 

Leialtasun instituzionala

 

María Chivitek nafar eredu instituzionala aldeztearen eta errespetatzearen aldeko apustua egin du, legezkotasun eta leialtasunetik eta "autogobernu horretan aurrerapausoak erantzukizunetik eta Estatuaren gainerakoarekiko elkartasunetik abiatuta ematea bilatuz".

 

Chivitek ziurtatu du lauren arteko gobernurako hitzarmena "asmo handiko bide-orria dela, kementsua eta ausarta, urgentzia eta garrantzia daukaten gauzei heltzen diena", baina halaber "gure herrirako etorkizun-proiektu bat eta aurrerabiderako akordioetarako eredu bat" taxutzen duena, "aurrerantzean ere beste akordio batzuei bermalekua ematera deitua".

 

“Uste osoa daukadalako hori dela gizartearen behar eta arazoei hobekien erantzuten diena, baina baita gizartearekin berarekin antzik handiena duena ere. Eta, horregatik, erronka eta errealitate horiek hobekien uler eta arta ditzakeena bai komunitatearen eta bai gizartearen integrazioaren aldeko ikuspegi batetik", erantsi du.

 

Osoko Bilkuran, hautagaiak laburbildu egin ditu bere lehendakaritzapean izateko nahia duen Nafarroako Gobernuaren helburu nagusiak: "aurrerabide ekonomiko eta soziala, desberdinkeriaren aurkako borroka, leialtasun instituzionala goiburu duen autogobernu baten aldezpena eta hobekuntza, aukera-berdintasuna eta aniztasunaren baitako elkarbizitza".

 

Halaber azpimarratu du beharrezkoa dela Nafarroako "errealitate historiko, kultural eta soziala zaindu eta babestea", erkidegoko hizkuntza berekiak barne.



Helburu horiekin, aldarrikatu du lau alderdiek urgentea denari erantzunen diotela, "baina ahaztu gabe zer-nolako eraldaketei heltzen joan behar dugun gizarte bezala dauzkagun erronkei aurre egiteko".

 

Esplikatu duenez, programan adostasunak bai, baina desadostasunak ere, eta haiek kudeatzeko modua, jaso dituzte, "halako moldez non, gauzak gardentasunez eta onestasunez egitearen ildo horretan, herritar guztiek ezagutuko baitute gure bide-orria, eta aldez aurretik jakinen baitute zein gaitan ez garen akordio batera iritsi, eta nola egiten diegun aurre desadostasun horiei".

 

Hezkuntzaren aldeko hitzarmena

 

María Chivitek aurreratu du hezkuntza lehentasun bat izanen dela gobernuarentzat, eta arlo horretarako itun sozial eta politiko bat planteatu du “sistemari legegintzaren eta araugintzaren ikuspegitik egonkortasuna emanen diona”.

 

Chivitek gogorarazi du ingurune aurreratuenek hezkuntzaren arloko inbertsiora BPGaren % 5 bideratzen dutela, eta Gobernuak maila horretara iristeko lan eginen duela.

 

“LOMCE atzean utzi behar dela” eta oinarrizko esparru gisa hezkuntzari buruzko beste lege bat behar dela nabarmendu ondoren, Chivitek adierazi du esparru berri horrek “erraztasunak emanen dituela beste printzipio batzuetan aurrera egin dezagun; esate baterako eskola publikoaren laikotasunean”. Halaber, hezkuntza-eskaintza publikoa handitzearen aldeko apustua egin du, eta esan du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeekiko itunak saihestu behar direla.



Hezkidetza, halaber, oinarrizko irizpide bat da PSNren hautagaiarentzat, zeinak iragarri baitu Skolae programa aplikatzen jarraituko dutela, eta “urratsak eginen direla baliabide publikoekin finantzatzen diren ikastetxe guztietara irits dadin”.

 

Chivitek, zeinak aniztasunari erantzuteko plan bat aurreratu baitu, funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan ikasleak modu orekatuan banatuta egotea bermatuko duen prozedura baten alde egin du.

 

Gainera, haren ustez funtsezkoa da plantillei egonkortasuna ematea eta plantilla organikoa plantilla funtzionalari egokitzen joatea, eta lurralde kooperaziorako plan bat proposatu du, landa eskolari babesa emanen diona, “kohesio soziala eta lurralde arlokoa lortzeko eta biztanleak finkatzeko gakoa den eginkizun bai baitu”. Ildo beretik, hainbat hobekuntza planteatu ditu hezkuntza bereziko ikastetxeetarako.

 

“Eta helburu garrantzitsu bat iruditzen zaigu zero-hiru urteko haur eskoletako eskolatzea handitzea, doakoak eta guztientzakoak izan daitezen aurrera eginez, egoera ahulenean dauden familietatik hasita”, gehitu du.

 

Hezkuntzaren arloa dela-eta hautagaiak egin dituen beste proposamen batzuk dira Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa garatzea eta Lanbide Heziketa Dualean aurrera egiten jarraitzea; urratsak egitea unibertsitate publikoko gradu-ikasketetan lehenengo matrikula doakoa izan dadin; hizkuntza-eredu desberdinak batera biltzen dituzten ikastetxeak sustatzea, eta euskararen hezkuntza-plangintza publikoa babestea, “hizkuntza bereki gisa, borondatezkotasuna eta bizikidetza abiapuntutzat hartuz”.



Halaber, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza diseinatzearen aldeko apustua egin du, dagokien arauekin eta planekin, eta hizkuntzak irakasteko programak garatzearen alde, irakasle kualifikatuekin.

 

Chivitek, zeinaren iritziz testuliburuak doakoak izan beharko liratekeen “benetan”, NUPen eskutik lan egitearen alde egin du urte anitzeko finantzaketa bat bermatzeko, titulazio berrien garapena sustatzeko eta urte anitzeko ikerketetarako deialdien bideari jarraitzeko.

 

Halaber, konpromisoa hartu du eskola bizikidetzako plan bat egiteko, zeinak bermatuko baitu arreta jartzea jazarpena, homofobia, xenofobia eta beste edozein bazterketa-mota bezain sentiberak diren gaietan.

 

Genero-berdintasunaren eta dibertsitatearen arloan, aurten onetsitako Berdintasunerako Legea garatzea aldeztu du, bai eta gizarte osorako prebentzioko eta sentsibilizazioko ekintzak eta programak egitea ere.

 

“Mahai gainean erantzunak eta baliabideak jartzen jarraitu behar dugu, indarkeria matxisten aurka borrokatzeko. Esparrua ematen digun lege bat badugu, eta badakigu emakume biktimei eta haien seme-alabei arreta integrala ematen lan egin behar dugula”, nabarmendu du.



Chivitek, halaber, iragarri du gizartearen eta enpresen konplizitatea bilatuko dutela lan arloko bazterkeria deuseztatzeko, zeren eta emakumeek “langabezia eta behin-behinekotasun handiagoak pairatzen baitituzte”. Ildo horretan, esan du gizarte osoaren konpromisoa bilatu beharra dagoela lan arloa malgutzea bezalako neurrietan.

 

Emakumeen salerosketaren aurka egiteko eta hura jazartzeko jarduketa-plan bat egiteko konpromisoa hartzeaz gainera, hautagaiak konpromisoa hartu du sexu- eta ugalketa-eskubideen arloko heziketa- eta prebentzio-politikekin jarraitzeko, bai eta berariazko zentroen lana indartzeko ere.

 

Nafarroak, ondorioztatu du Chivitek, “LGTBI+ Lege bat badu, berdintasun sozialerakoa, eta hura ezartzen jarraitu behar dugu".

 

Eraldaketa digitala, lehentasun bat

 

Nafarroaren lehiakortasuna eta eraldaketa digitala sustatzea foru gobernuaren lehendakaritzarako hautagai sozialista María Chiviteren lehentasunetako bat da; izan ere, nabarmendu du ez duela nahi Nafarroa "soldata txikiak izateagatik” izan dadila lehiakorra.

 

Hori dela eta, aipatu du berrikuntza digitalerako polo bat sortzearen aldeko apustua egiten dutela, bertan ikertzaileak, I+G+b arloko agenteak, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak eta ikerketarako azpiegiturak hartzeko.

 

“Enpresa-kulturan, administrazioan eta gizartean aldaketa bat egitea sustatuko dugu. Robotizatzea, nanoteknologia, big data edo gauzen Internet deitutakoa orainaldiaren zati bat dira, bai eta etorkizunerako erronka bat ere; hori dela eta, haiek ezartzen lagundu beharra daukagu" esan du Chivitek, eta Bilakaera Digitala Nafarroan 2030 programa garatzearen alde egin du.



Halaber, enpresak kreditu-lineekin eta abal publikoekin finantzatzeko neurriak indartzearen alde egin du, bai eta inbertsio estrategikoak babestearen eta enpresak Nafarroara ekartzeko estrategia integral bat bultzatzearen alde ere.

 

Enpleguaren arloan, apustu egin du Politika Aktiboei buruzko Akordioa ezartzearen alde eta 2021erako akordio berria prestatzearen alde. Halaber, gorantz doazen lan arloko istripuen aurkako borroka eta familia eta lana bateragarri egitea aldeztu ditu.

 

Horretarako, esan du, gizarte- eta enpresa-eragileekin batera, elkarrizketa sozialaren esparruan, itun sozial eta ekonomiko bat bultzatuko dute lan-ordutegi egokiak ezartzeko eta aparteko orduak mugatu eta kontrolatzeko, besteak beste.



Programa-akordioaren beste puntu batzuk dira ekintzaileentzako izapide administratiboak gutxitu eta erraztea eta, Sodenaren bidez, arrisku-kapitaleko funts estrategiko bat garatzea, Nafarroan gako diren enpresen hazkundea eta sustraitzea errazteko.



Enpresa txiki eta ertainak ere “ezin dira kanpo gelditu”, aipatu du Chivitek, eta haien finantzaketa tresna publikoen bidez hobetzea proposatu du.

 

Industriaren eremuan, iragarri du eraldaketa digitalerako babes publikoa eginen dela, bai eta plantillak gaztetzeko prozesuetarako eta balizko deslokalizazio-arriskuei aurre egiteko ere.

 

Ibilgailu elektriko, autonomo eta konektatuarekin lotutako proiektuak bultzatzearen alde egin ondoren, hautagaiak defendatu du energia berriztagarriak eta nekazaritzako elikagaien garapena bultzatzeko estrategietan sakondu beharra dagoela.



Chivite, zeinak Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea amaitzearen eta bigarren fasea eraikitzearen aldeko konpromisoa hartu baitu, errepideetako inbertsioak handitzearen alde egin du, bai eta aireportuaren eskaintza bultzatzearen alde eta Nafarroan banda zabalaren sarearen hedapena amaitzearen alde ere.

 

Bestetik, hautagaiak merkataritza txikia eta hurbiltasunekoa laguntzeko neurriak iragarri ditu, horixe baita "gure herriak bizirik mantentzen dituena”, eta merkataritza ibiltariari buruzko plan bat egitea proposatu du.

 

Halaber, planteatu du Turismoari buruzko Legea aldatzea, sektorearen posizioa indartzeko.

 

Ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko politikei dagokienez, defendatu du onetsi beharrekoak direla klima aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko lege bat, energia berriztagarriekin lotutako pizgarri berdeen plan bat eta mugikortasun jasangarrirako plan zuzendari bat, garraio publikoa eta partekatua eta motorrik gabeko garraiobideak bultzatuko dituena.



Gobernuaren beste konpromiso batzuk dira, adierazi duenez, Nafarroako Energia Agentzia sustatzea eta aztertzea ez ote den komenigarria Energia Berriztagarriaren Operadore Publiko bat edukitzea, Uraren 2030 Esparru Estrategia onestea, eta Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Integralaren plan zuzendaria onestea.

 

Azkenik, Biodibertsitatearen Nafarroako 2030 Estrategia iragarri du, biodibertsitatearen galera eta ekosistemen narriatzea saihesteko.

 

Terrorismoa arbuiatzea

 

María Chivitek nabarmendu du programa-akordioan jasota datozela indarkeriaren gaitzespena eta terrorismoaren biktimekiko elkartasuna.

 

Halatan, Gobernuko lehendakaritzarako hautagaiak adierazi du Legebiltzarrean dokumentu bat jorratu behar dela, “jatorri politikoko indarkeriari legitimitatea kenduko dion lurzoru komun eta partekatu bat ezarriko duena eta memoriaren nahiz biktimen gaia landuko duena”.

 

Azpimarratu duenez, gobernu-akordioak “bere babesa eta elkartasuna erakusten dizkie ETAren eta bestelako erakunde terrorista batzuen terrorismoaren biktimei, eta arbuiatu egiten du terrorismoaren biktimen eta haien familien duintasuna eta memoria bortxatzen dituen ekintza oro”.

 

Hautagaiak azpimarratu duenez, “indarkeria terroristaren ondorioen errelatoa landu beharra dago, balioetan heziz eta giza eskubideak sustatuz”.



Chivitek orobat adierazi du memoria historikoaren arloa lantzen jarraitu beharra dagoela, desobiratzeak eta DNA bankuaren bidezko identifikazioak egiten jarraitzeko eta biktimen senitartekoei eta elkarteei babesa ematen jarraitzeko.

 

Osasunbidea “modernizatuko” duen Osasunaren Foru Lege berria

 

María Chivite Osasunaren Foru Lege berri bat taxutzearen alde azaldu da, “O-NOZ eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua modernizatuko dituena, kudeaketa autonomoagoa, zaluagoa eta efizienteagoa izatea ahalbidetzeko eta gizarte-errealitateei egokitzeko”.

 

Chivite orobat agertu da osasun-hezkuntza eta ingurumen- nahiz lan-osasuna Osasunaren Lege horretan sartzearen alde.

 

“Gure ustez, bai sindikatuek bai gizarteak berak parte hartu behar dute osasun arloko politiken kudeaketan eta politika horiei buruzko erabakietan” adierazi du Chivitek, zeinak “farmazia-gastu handia” mugatzearen aldeko apustua egin baitu, medikamentuak arrazionalizatuz eta medikamentu generikoak errezetatuz, baita osasun-laguntza espezializatuan ere.

 

Chivitek mahai gainean jarri du plan soziosanitarioa gaurkotu beharra dagoela premia bereziak dituzten kolektiboei dagokienez, etxez etxeko laguntza programa hedatu beharra dagoela eta lehentasuna eman behar zaiola, “sistemaren ardatza den aldetik”, Oinarrizko Osasun Laguntzari.

 

Hautagaiak Osasun Mentalari buruzko Hirugarren Plana eta Sexu- eta Ugalketa-osasunari buruzko Foru Dekretua garatzeko konpromisoa hartu du, haurdunaldiaren etendura famakologikoa legez bermatuz osasunaren arlo guztietan.

 

Halaber adierazi du zainketa aringarriak eta osasun-laguntza integrala bermatuko dituela bizitzaren amaieran; halatan, “eutanasia despenalizatzera jotzen duten ekimenak” babestuko ditu.

 

Medikuntza Fakultate berria osasun arloko estrategiaren ardatzetako bat izanen dela esan ostean, Chivitek adierazi du erizaintzaren eginkizuna bultzatuko duela, osasun-garraioaren egoera aztertuko duela eta enpresa publiko bat sortzearen aukera aztertuko duela.



“Halaber, transplanteen programak eta espetxe-osasunaren arloko eskumena eskualdatzeko urratsak eginen ditugu”, adierazi du.

 

Gizarte-arloan, “gizarte-zerbitzuen zorroa errealitate berrietara” egokitzearen aldeko hautua egin du, bai eta Gizarte eta Osasun Itunei buruzko Legea eta bultzatzearen aldekoa ere.

 

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren finantzaketari buruzko dekretu berri bat taxutzea ere defendatu du, bai eta “baliabide materialen eta giza baliabideen egokitzapena” ere.

 

Mendekotasunaren arloan, helburuetako bat izanen da “prestazioak birbideratzea, zerbitzuek pisu handiagoa izan dezaten”.

 

Itun-eredu berri bat bultzatuko dugu, eta birpentsatu eginen dugu zerbitzuen koordainketa, bereziki egoitza-zerbitzuena, eta hobetu eginen dugu etxean geratzeko laguntza ekonomikoari buruzko araudia”.

 

Hartara, Desgaitasunari buruzko Plan berria garatuko dela bermatu eta gero, Chivitek iragarri du foru lege bat taxutzeko aukera aztertuko dutela.

 

Hautagai sozialista orobat konprometitu da Familiei, Haurrei eta Nerabeei buruzko Bigarren Plan Integrala taxutzera, azpimarra berezia jarrita prebentzioan.

 

Esparru horri dagokionez iragarri du Zahartze Osasungarrirako Estrategia bat garatuko duela eta “bakarrik bizi diren pertsonak gogoan hartuko dituen zerbitzu-sistema publiko” baten alde lan eginen duela.

 

Gizarteratzeari buruzko Plan Estrategikoaren ezarpena eta Gizarteratzearen aldeko eta Pobreziaren kontrako Itun bat bilatzea ere izanen dira Chiviteren Gobernuaren ardatz, gizarte-enplegu babestuaz gain.

 

Sozialistak hitz eman du pobrezia energetikoaren aurkako lege bat prestatuko duela, kolektibo ahulenak babestuko dituena, bai eta migratzaileentzako harrera integralerako protokolo bat ere.



Gobernuak Garapenerako Laguntza Ofizialaren aurrekontua handituko luke; halatan, heldu den urtean % 0,4koa izanen litzateke gutxienez ere, eta helburua izanen litzateke % 0,7ra heltzea “ahal bezain laster, eta betiere 2030a baino lehen”.

 

Orobat jarriko litzateke martxan Gazteriari buruzko III. Plana, eta etxebizitza bizigarri eta eskuragarrien parkea bultzatuko litzateke, azpimarra jarrita zaharberritzean eta gizarte alokairuan.

 

Chivitek konfiantza eskatzen du, Nafarroan akordioak sortzen duen errezeloa ikusita

 

María Chivitek konfiantza eskatu du, gehiengo osoaren babesa ez daukan gobernu-akordioaren aitzinean, beharrezkoa delako EH Bilduren abstentzioa eta gizartearen parte batean “errezeloa” sortzen duelako.

 

“Egia da konfiantza irabazi egin behar dela. Ez da fede-egintza bat. Horregatik eskaintzen diet elkarrizketa Legebiltzarrari, eragile sozial eta ekonomikoei, entitate eta erakunde sozialei eta beren eguneroko jardunean Nafarroa eraikitzen eta Nafarroari balioa ematen laguntzen duten aktore guztiei”.

 

Gidatu nahi duen Gobernuak “umiltasunez jardunen du, baina baita uste sendoetan oinarrituta ere, herritar guztientzako gobernua izanen baita”.

 

Hori dela-eta, parlamentariei dei egin die “programa bat, akordio bat” bozka dezaten, zeren eta “oso garrantzitsua baita” gobernua nortzuek osatzen duten, baina “erakundeak dira denboran irauten dutenak eta erakunde horiek unean-unean gidatzen dituzten pertsonen gainetik daudenak”.

 

Hautagaiak “naretasunetik eta umiltasunetik” onartu du ez dutela dena ongi eginen, baina ahalegin guztia eginen dute “ahal den ondoen egiten”. Eta hitz ematen dugu konpromisoz eta dedikazioz lan eginen dugula, elkarrizketa baliatuz eta neurritasunez, ausardiaz eta adorez, zorroztasunez eta autoexigentziaz”.



“Eta hala eginen dugu Nafarroak bultzada har dezan bere garapenari begira, berdintasunez eta anitza dela onartuz”. Betiere errespetuz eta erakundeekiko leialtasunez. Lankidetzan arituz eta lehiarik gabe. Sareak ehunez eta ez pitzadurak eraginez”, baietsi du Chivitek.



PSNren idazkaritza nagusiak talde parlamentarioei dei egin die Nafarroaren gobernagarritasuna erraztu dezaten, halako moduan non erakundeak “etekin osoa lortuz lan egin dezaten, erronkak hemen bertan dauzkagulako, eta horien denbora eta politikarena ez dira bat etortzen normalean. Erronkek ezin dute itxaron, eta jendearen arazoek ere ez”.

 

Hautagaiak azpimarratu du PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek desadostasunak dauzkatela zenbait arlotan, eta “zintzotasun politikoagatik eta gardentasunaren mesedetan” zehaztu dituztela desadostasun horiek programa-akordioan; horien artean dago amatasun prestazioen PFEZaren atxikipenen itzulketa.

 

Hortaz, koordinazio-mekanismoak ezarri dituzte desadostasun horiek ebazteko, eta Chiviteren asmoa da “elkarrizketa eraikitzailea eta adostasuna bilatzea hemen ordezkatuta dauden indar politiko guztiekin”.

 

 

Inbestidura-bilkurara etorri diren gonbidatuen artean, honako hauek egon dira palkoan: José Luis Arasti, Espainiako Gobernuak foru erkidegoan duen ordezkaria; Santos Cerdán, Ana Beltrán, Carlos García Adanero, Sergio Sayas, Cayetana Álvarez de Toledo, Kongresuko diputatuak; Amelia Salanueva, Alberto Catalán, Antonio Magdaleno, Nafarroako senatariak; Alejandro Toquero, Tuterako alkatea; Lorena Roldán, Kataluniako Parlamentuko diputatua; Idoia Mendía, Eusko Legebiltzarreko diputatua, eta Adriana Maldonado, europarlamentaria.