Irakasleen aurkako erasoei aurre egiteko Jarduketa Plan bat abian jar zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da
2017/2018 ikasturtean eman diren 178 erasoen ondoren, ekintza horiek erauzteko edo murrizteko neurriak hartzeko deia egiten zen ikastetxeetan elkarbizitza normala mantentzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baitzen “Nafarroako ikastetxeetako irakasleen eta langileen aurkako erasoei aurre egiteko Jarduketa Plan bat abian jar zezan”.
Plan horrek, “ikastetxeetako bizikidetza-planen analisia eta ebaluazioa jasoko zituen, bai eta auziari heltzeko beharrezkoak diren kasuan kasuko neurriak ere. Plana hezkuntza-erkidegoarekin adostuko zen (zuzendaritza-taldeak, sindikatuak eta ikasleen familien ordezkariak)”.
Aldi berean, “kanpaina bat abiaraziko litzateke, hezkuntza-erkidegoari eta gizarte osoari zuzendua, ikastetxeetan irakasleek egiten duten irakaslanaren eta prestakuntza-lanaren garrantziari buruz”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak eskoletan elkarbizitza normala mantentzeak duen garrantziaz ohartarazten zuen, 2017/2018 ikasturtean 178 eraso erregistratu baitira, eta hori dela eta “Nafarroako Gobernuak esku hartu behar duela” aipatzen zen, “kasuak kasuko neurriak ezarriz indarkeriazko ekintza horiek erauzteko edo ahal den guztian murrizteko”.
Arlo horretan, “bizikidetasun-planek eta ikastetxeetako bizikidetasunaren arloko arduradunek daukaten eginkizuna funtsezkoa” dela zioten, eta “ikastetxeetako hezkuntza-erkidegoan inplikatutako eragile guztien adostasunarekin neurriak aztertu eta abiarazi” behar direla defendatzen zen, egoera “larri eta kezkagarri” horri aurre egiteko.
Estatistikoki, 2017/2018 ikasturtean 178 eraso erregistratu ziren, horietako 165 irakasleen aurkakoak izan ziren, eta 13, berriz, ikastetxeetako zerbitzuen arloko langileen aurkakoak. 134 kasutan (% 75) emakume bat izan zen biktima. Hezkuntza-etapen arabera, 113 ikastetxe publikoetan gertatu ziren, 47 DBH eta Batxilergoko ikastetxeetan, 14 hezkuntza bereziko ikastetxeetan, 3 Lanbide Heziketan eta 1 Musikaren hirian. 178 eraso horietatik, 138 (% 77) ikasleek eginak izan ziren eta 28 (% 15) ikasleen senitarteko batek.
-
Mozioa (118. NPAO, 2018-10-02)