Isabel Olave Ballarena foru-parlamentari karguaz jabetu da
UPN talde parlamentarioari atxiki zaio, Iñaki Iriartek karguari uko egin baitio
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura egin du eguerdian, Isabel Olave Ballarena (UPN) foru-parlamentari berria karguaz jabetu zedin, Iñaki Iriartek parlamentari-aktari uko egin baitio arrazoi pertsonalak direla medio.
Erakunde-aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen eta Ainhoa Unzu, lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, lehen idazkari Yolanda Ibáñez eta bigarren idazkari Mikel Zabaleta Mahaiko kideen aitzinean.
Isabel Olavek honako formula hau erabiliz zin egin du bere kargua Parlamentuko lehendakariaren aitzinean:
“Juro, por mi conciencia y honor, respetar en todo momento el régimen foral de Navarra, acatar la Constitución y las leyes y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de Parlamentario/a Foral”.
“Zin egiten dut kontzientziaz eta ohorez, Nafarroako foru erregimena errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta Foru Parlamentari karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko ditudala".
Olavek, zeina 17. izan baitzen Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan UPNk aurkeztutako zerrendan, erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete ditu, eta, halatan, Foru Parlamentari karguan jardutetik heldu diren eskubide eta abantaila guztiak eskuratu ditu.
Isavel Olave Elizondokoa da (1967), Kudeaketa Informatikako teknikaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa da. Baztango Udalean zinegotzi izan da 2011-2015, 2015-2019, 2019-2023 legegintzaldietan, eta foru parlamentari kargua bete zuen 2019-2023 legegintzaldian. Unión del Pueblo Navarro Alderdiko Kontseilu Politikoko eta Batzorde Exekutiboko kide izan da.
Karguaz jabetzeko ekitaldian, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Maite Nosti (Vox) eledunak eta talde parlamentario desberdinetako parlamentariak egon dira, eta, bukatzeko, Unai Hualdek hitz batzuk esan ditu.
Lehendakariak Isabel Olave zoriondu du eta "zortea" opa dio bere jardueran. "Erakundeko lehendakari naizen aldetik, eta saio honetan nirekin batera dauden Mahaiko kideen eta Legebiltzar osoaren izenean, zorionak eta ongi etorria, Isabel, ezaguna zaizun etxe honetara. Badakit lan zorrotza egin zenuela, eta ziur nago legegintzaldi honetan ere hala eginen duzula ".