Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 2

Itunpeko ikastetxe pribatu guztien doakotasuna sustatzeko eskatzen zuen mozioa baztertu da

Fundazio edo elkarte pribatuentzat borondatezko ekarpenak eskatzea bateragarria ote den jakiteko azterlan juridikoa egiteko eskatzen zuen

Nafarroako Parlamentuak gaurko osoko bilkuran UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PPNren aurkako botoekin eta Podemos-Ahal Dugu, PSN e I-Eren aldeko botoekin atzera bota duen mozio batean Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “egoki iritzitako neurri guztiak susta ditzan itunpeko ikastetxe pribatu guztien erabateko doakotasuna eta unibertsaltasuna lortzeko”.

Horretarako, ezertan ukatu gabe Gobernuak bere kasa har litzakeen bestelako neurri batzuk, proposatzen zen “azterlan juridiko bat prestatzea, jakite aldera bateragarria ote den funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek modu masiboan edo ohikoan eskatzea borondatezko ekarpen izenekoak”. Izan ere, mozioak zioenez, “ikasle horien eta haien familien datuez eta zerbitzu publiko baten erabileraz baliatzen ari dira fundazio edo elkarte partikularrentzako funtsak eskatzeko”. Azterlan horretan kontuan hartu behar zen baita “datuen babesari buruzko araudiari dagokiona” ere.

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan, berriz, Foru Gobernuari hau eskatzen zitzaion: “Eskaerak hartzeko epean zein matrikulazio epean, itunpeko ikastetxe pribatu guztiek familiei eman diezaieten, ezinbestez eta paper-formatuan, Nafarroako Gobernuak prestatutako informazio bat, zeinean ezagutaraziko den ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztien doakotasunari buruzko legedi eta araudi indarduna”.

Eta, legedi horren ondorioz, “ikastetxe horiek ez diezaieten familiei inoiz ere eskatu, ez eta haiengandik jaso ere, diru-kantitaterik doako irakaskuntza hartzearen truke, ez eta ekarpenik exijitu ikaspostuaren erreserbako matrikularen kontzeptuan”.

“Halaber, familiei ezin izanen diete ezarri inolako fundazio edo elkarteren aldeko ekarpenak egiteko betebeharrik. Ezin izanen da exijitu eskola-materiala ikastetxean berean edo establezimendu jakin batzuetan erosterik”.

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion aurreko puntuko informazio guztia “itunpeko ikastetxe pribatuen webgune guztien orri nagusian eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean ikusgai egon dadin”.

Honako hau ere eskatzen zen: “itunpeko ikastetxe pribatuek, borondatezko ekarpenak eskatu nahi badituzte, ikasturte bakoitzean egin dezaten, idatzizko eskabide baten bidez, bertan adierazita ekarpena erabat borondatezkoa dela, familiek sinatuko dutena, beren baimen-ematearen frogagarri. Halaber, eskabidean adierazi beharko da noiznahi erretiratu ahalko dela ekarpen horretarako baimena”.

Foru Gobernua premiatzen zen, gainera, urteko ikuskapen planean lehentasunezko jarduketa gisa sar zedin borondatezko ekarpenak gainbegiratzea “horrelako ordainketak eskatzen dituzten ikastetxe guztietan”.

Ildo beretik, “itunpeko ikastetxe pribatu guztietan kartel bat jartzeko” eskatzen zen, “bere neurriak eta fatxadako kokapena direla-eta erraz ikusiko dena, eta esplizituki adieraziko duena funts publikoekin sostengaturiko doako ikastetxe bat dela”. Atal horrek eta hurrengoak Podemos-en eta I-Eren babesa baino ez dute jaso, gainerako taldeak aurka agertu baitira.

Bestalde, Hezkuntza Departamentua premiatzen zen “erreklamazio-bulego bat abian jar dezan, arreta emanen diena ekarpen horiek behartuta ordaintzen dituztela jotzen duten ikasleen familiei. Bulegoa eta horrekin harremanetan jartzeko modua iragarri eginen dira funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan”.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dei egiten zitzaion publizitate instituzionaleko kanpaina egin zezan, jendeari jakinarazteko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatu guztietako ikasketak doakoak direla, bereziki azpimarratuz ez dagoela inolako ekarpenik egin beharrik.

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatu eta PSN eta I-Ek zuzendutako ekimen horren zioen azalpenean beharrezkotzat jotzen zen “funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietako irakaskuntzaren doakotasuna sustatzea, herritar guztien benetako berdintasuna bermatzeko.

Proposamenaren egileak zehazten zuenez, itunpeko ikastetxeetan irakaskuntzaren doakotasuna saihestu egiten da, askotan, “halako moldez non familiek borondatezko ekarpen batzuk egin behar izaten dituzten ikastetxeak sostengatzeko. Ekarpen horien mozorroa izan ohi da eskolaz kanpoko jardueretarako ordainketa, eskola-materiala establezimendu jakin batzuetan derrigorrez erostea, noizbehinkako ekarpen bereziak, eta abar”.

Hala, “itunpeko ikastetxeetako azpiegiturak hobetzeko gogo hori laudagarria baina irregularra” dela ohartarazten zen, “ezin zaiolako nagusitu funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeetako irakaskuntzaren doakotasunaren printzipioari”.

Izan ere, “ez da gutxitan gertaturiko kontua ikastetxe horietako gurasoek aurkeztutako salaketa anonimoen ondorioz zehapenak ezarri izana”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (59. NPAO, 2016-04-29koa)