Izapidetzeko onartu da 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua
Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 19an amaituko da, eta abenduaren 23an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 4.870,5 milioi eurokoa da; kopuru horretatik 4.481,4 milioi euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 389,1 milioi euro, finantza-gastuari.
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,28 igo da 2020ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.256,6 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 224,8 milioiko aldea dago.
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, izapidetzeko egutegia ere onetsi dute gaur.
Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —azaroaren 12an argitaratuko da—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 19ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 27ko 17:30etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.
Azaroaren 26an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 14tik 18ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean.
Azkenik, abenduaren 23an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren gainean emandako irizpena.
Era berean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru lege proiektua izapidetzeko onetsi zuen pasa den astelehenean.
2021erako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua gaur sartu da Legebiltzarrean, azaroaren 11n. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Areto Instituzionalean hartu du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Sáiz, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin dio.
Unai Hualdek lege honen "esangura berezia" azpimarratu du, "are gehiago egungo pandemiaren testuinguruan, osasun, gizarte eta ekonomia arloan izaten ari den ondorio larriekin".
Horri dagokionez, lehendakariak “hiru arlo nagusitan (Hezkuntza, Osasuna eta Eskubide Sozialak) aurreikusitako gastu sozialaren bolumena" nabarmendu du ", bai eta "Nafarroa Suspertu 2020-23 Planean jasotako neurriak garatzeko aurreikusitako 507 milioiak" ere.
Hualdek, azkenik, Foru Parlamentuari egokitu zaion "funtsezko" papera nabarmendu du Gobernuan gehiengo absoluturik ez dagoelako, eta talde parlamentarioei "beharrezkoak diren akordioak lortzeko lan egiteko" eskatu die. “Lan handiko asteak ditugu aurretik, aurreko ekitaldietakoak ez bezalako baldintzetan. Koronabirusak Ganberaren usadio eta ohiturei ere eragin die, nahiz eta saio telematikoetara ohitzen ari garen".
Parlamentuak datorren hilabete eta erdian egingo dituen lanen artean, Hualdek adierazi duenez, beste bost lege garrantzitsuren eztabaida dago: tributu-neurriei buruzko Foru Lege proiektua; Toki ogasunen transferentzia arruntei buruzko Foru Lege proiektua; Enpresen Deslokalizazioaren aurkako Foru Lege proposamena; Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legearen Proiektua eta Turismoaren Foru Legea aldatzeko proiektua.
Elma Saizek, bere aldetik, "ezohiko momentu baterako ezohiko proiektu bat" dela esan du, "gastuaren mugaren handitze historikoarekin".