Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du Parlamentuak
Politika publikoak edo administrazio-jarduketak taxutzean, gauzatzean eta ebaluatzean gardentasuna eta eraginkortasuna sustatu nahi dira, eta parte-hartzea bermatu
Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.
Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako foru lege proposamen horren xedea da “gardentasun eta zuzentasun mailarik handiena sustatzea politika publikoak edo administrazio-jarduketak taxutzean, gauzatzean eta ebaluatzean, Nafarroako erakunde publikoetako eta horiek parte hartzen duten sozietate eta entitateetako ustelkeria eta iruzurrezko jardunbideak detektatuz, prebenituz, ikertuz eta jazarriz”.
Xede horri begira, “herritarrek beren erakundeen kontrol eraginkorrean egiaz parte har dezaten eta arduradun politikoek herritarren nahiz beren ordezkaritza-organoen aitzinean kontu eman dezaten”, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzen da, “erakunde publikoen galera morala, Foru Ogasunaren txirotze ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitate galera” ekidin behar dituen organo gisa.
Lehendik badiren kontrol eta fiskalizazio erakundeekin koordinaturik jardunen du Bulegoak, funtsean Kontuen Ganberarekin eta Arartekoarekin koordinaturik (bere urteko plana igorriko die, bikoiztasunak eta interferentziak ekiditeko). Ofizioz nahiz salaketen ondorioz jardunen du, prozedurak sei hilabeteko epean amaituko ditu (salbuespenez beste sei hilabeterako luzatu ahal izanen da epea), eta, txosten berezi edo apartekoez gainera —horiek ere publikotasun printzipioari lotuko zaizkio—, urteko oroitidazkia aurkeztuko du Parlamentuko Eskarietako Batzordean.
Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak kontu-sail bereizi bat edukiko du Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuetan. Bulegoaren zuzendaria sei urteko agintaldirako hautatuko da, Parlamentuko gehiengo osoz, eta ezin izanen da berriz hautatua izan beste sei urte igaro arte. Parlamentuak berak kargutik kendu ahal izanen du hiru bostenen gehiengoarekin. Goi mailako unibertsitate tituluaren jabe izan beharko du eta hamar urte baino gehiagoko lan-jarduera edo jarduera profesionala eduki beharko du. Bateraezinak izanen dira zuzendari kargua eta beste ordezkaritza-kargu, kargu politiko edo administrazio-eginkizun oro, lanbide-, merkataritza- eta lan-jarduera oro, bai eta zuzendaritza- edo aholkularitza-kargu oro ere.
Bulegoaren plantillan izanen dira, gainera, ikuskariak (instrukzioaren arduradunak eta agintedunak), ebaluazio-lanetarako prestatzaile-aholkulari bat, eta teknikariak. Langile horiek guztiak oposizio-lehiaketaren bidez hautatuko dira, eta Parlamentuaren Estatutua aplikatuko zaie.
Zehapen-araubidea Bulegoaren zuzendariaren eskumenekoa izanen da. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan ahalko dira (hurrenez hurren 6 hilabeteren buruan, bi urteren buruan eta hiru urteren buruan preskribatuko dira), eta isunik handiena 60.000 eurokoa izanen da. Ikerketa bat abian den bitartean delitu-zantzurik azaltzen baldin bada, ordea, “jurisdikzio-organoei horren berri emanen zaie berehala”. Prozeduraren azkenean gomendioak eta irizpenak eman ahal izanen dira. Halaber, “jokabide susmagarriak edo jarduketa irregularrak salatzen dituzten pertsonak babesteko neurriak” hartu ahal izanen dira.
Bulegoak kudeatuko du goi-kargudunen eta hautetsi publikoen Jardueren eta Interesen Erregistroa (baita toki-entitateena ere, horretarako hitzarmena eginez gero). Urtebeteko epean Jokabide Kode Etiko berria taxutu beharko du, zeinaren bidez jokabidea arautuko baitzaie Nafarroako Gobernuko kideei, goi-kargudunei, behin-behineko langileei, sektore publikoko zuzendaritza-kideei eta Nafarroako Parlamentuko nahiz Toki Administrazioko hautetsiei.
Epe berean eta lege-maila berarekin, lobbyen eta lobbyzaleen erregistro eta jokabide-kodea sortuko da, gobernuak eta enpresak hertsatzeko gai diren talde horien jokaerari mugak ezartzeko, batez ere erabaki politiko eta ekonomikoei dagokienez. Barnean hartuko du zehapen-prozedura.
Azkenik, Parlamentuak onetsi beharko du Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua, sei hilabeteko epean, Bulegoaren zuzendaria izendatzen denetik aitzina.
Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu eta gero, Batzordeak irizpena eginen dio, eta ondoren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proposamena (100. NPAO, 2016-09-07koa)