Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 22

Jatorri berriztagarriko sorkuntza elektrikoko plantak paratzeko foru mapa taxutu dezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa ezetsi da

Inplikatutako eragileekin lan-batzorde bat eratzea proposatzen zuen Navarra Sumak eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea energia berriztagarrien sektorearen oinarrizko arau bihur dadila defendatzen zuen

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Parlamentura bidali beharreko Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legean jaso dezan 2021a bukatu aitzin jatorri berriztagarriko sorkuntza elektrikoko plantak paratzeko foru-mapa taxutzeko konpromisoa. Legean argi eta garbi zehaztuko da zer eremu diren ez-gai; ingurumenaren eta lurraldearen ikuspuntutik mugak dauzkatenak; eta askeak edo ingurumen aldetiko muga gutxikoak”.

 

Baztertutako mozioak, bigarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen zion “inplikatutako eragileekiko lan-batzorde bat era dezan berehala mapa hori taxutzeko. Batzordean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko teknikariekin batera, toki entitateen askotariko ordezkaritza bat, talde parlamentarioen ordezkariak, nekazaritzako elkarteen ordezkariak eta sektoreko enpresen ordezkariak egonen dira”.

 

PSNk ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta proposatzen zuen “Nafarroako Energia Planak lurraldearen mapa bat jaso zezan, orientagarria eta ez dituena aplikatzekoak diren arauetatik heldu diren betebeharrak edo mugak ez murrizten, ez handitzen ere”. Gainera, talde parlamentarioen parte hartzea eskatzen zuen oraintsu ireki den elkarrizketa eta eztabaida programan.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “legegintza-argitasun falta” argudiatzen zuen, duela hogeita hamar urte lehendabiziko haize-sorgailuak paratu zirenetik energia berriztagarrien sektorea arautu duten politika desberdinen eraginez. Egoera horrek beren inbertsioak energia berriztagarrien esparruan garatu nahi dituzten enpresen eta proiektuak izapidetu behar dituzten funtzionarioen segurtasun juridikoa eragozten dituela argudiatuz, eskatzen zen Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea “oinarrizko arau” bihur dadila prozesuan parte hartzen duten ergaile guztientzako.

 

Horretarako, lurzoruaren erabileren foru-mapa bat taxutzea proposatzen da, Nafarroa osorako zehaztasun handiagoarekin ezarriko duena zer eremutan izanen den debeku proiektu zehatz batzuk planteatzea (beren agronomia-, paisaia- nahiz kultura-balio handiagatik), zer eremutan planteatzen ahal diren muga jakin batzuekin, eta zer eremutan ahal izanen diren ezarri proiektu horiek berez dituzten muga generikoekin.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan izan dira Ángel Ansa, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Maribel García Malo, Iñaki Iriarte, Carlos Pérez-Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Nuria Medina, Jorge Aguirre, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (76. NPAO, 2021-06-08koa)