Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Ekainak 17

Julieta Bandiraliri harrera egin dio Parlamentuko lehendakariak, abokatua eta Frankismoko krimenen aurkako Argentinako Kereilaren aldeko Plataformaren sortzaileari

Azken bi legegintzaldietan poliziaren gehiegikerien biktimen justizian eta erreparazioan aurrera egiteko Legebiltzarrak paper aktiboa izan duela azpimarratu du Unai Hualdek

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Julieta Bandiraliri harrera egin dio gaur, Buenos Airesko Abokatuen Elkarteko presidenteorde ohia eta Gerra Zibileko eta Frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereila babesteko Argentinako Plataformako sortzaile eta partaide nagusietako bat.

 

Bandiralik Argentinako kereilaren egungo egoera azaldu du. Jurisdikzio unibertsalaren printzipioaren arabera irekitako auzia da, eta Nafarroako Parlamentua, Sanfermines-78 Gogoan elkarteak eskatuta, 2019ko martxoaren 14an atxiki zen kereila horretara. Horren berri eman zitzaion María Servini epaileari, Argentinako Arlo Kriminal eta Korrekzionaleko Epaitegiko titularrari, 1978ko sanferminetako gertakariek zuzenean ukitutako pertsona eta elkarteek aurkeztutako kereila kriminala babesteko onartutako ebazpenaren kopia ziurtatua bidaliz.

 

“Auzi honek funtsezko mugarri bat izan du, Martin Villa lau hilketagatik auzipetu izana, hain zuzen ere. Hiru 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaerengatik, eta laugarrena Germán Rodríguezen erailketagatik, 1978ko uztailaren 8an, Iruñean. Apelazio Ganberak ezeztatu egin du autoa, eta Zigor Kasazioko Ganberak 2021eko otsailean atzera egite horren aurka aurkeztu genuen errekurtsoa noiz ebatziko zain gaude. Ez dago eperik”, adierazi du Julieta Bandiralik.

 

Bestalde, Bandiralik azpimarratu du “oso garrantzitsua dela gizarte zibilak eta erakundeek beren konpromisoari eustea, mota honetako kausa erraldoiak (milaka kereila baititu barne) arlo judizialera bideratzeaz gain, etengabeko mobilizazioa behar dutelako. Zentzu horretan, Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako gainerako erakundeen inplikazioa eskertzen dugu. Funtsezko printzipioak daude jokoan, gizateriaren aurkako krimenez ari gara”, berretsi du Argentinako abokatuak, Sabino Cuadra, Ramón Andrés Contreras eta Fermín Rodríguez Sanfermines-78 Gogoan elkarteko ordezkariekin batera egindako bileran.

 

Lehendakari gisa, Unai Hualdek eskerrak eman dizkio Bandiraliri, bai Foru Parlamentuan egoteagatik, bai egoera hori Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeko parlamentariekin partekatzeko agertu duen prestutasunagatik.

 

Era berean, gogorarazi du Foru Ganberak zeregin aktiboa izan duela azken bi legegintzaldietan poliziaren gehiegikerien biktimen justizian eta erreparazioan aurrera egiteko; izan ere, biktima horiek ez dute inolako aitorpen edo babes instituzionalik jaso urteetan.

 

Testuinguru horretan eta Hualdek zehaztu duenez, Nafarroako Parlamentua ere aktiboa izan da, SF78 Gogoan Plataformaren bultzadarekin, sanferminetan gertatutakoak barne hartzen dituen kausa horri babesa emateko, gehiengo zabalarekin. “Espainiako Gerra Zibileko eta frankismoko krimenak argitzen laguntzeko kereila honekin plataformak egindako lan handia eskertu behar du Nafarroak”.