Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 2

Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsi da. 2023ko martxoaren 2an

Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi egin du gaur Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko Foru Legea. PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute, EH Bilduk eta I-Ek abstentzioa eta Navarra Sumak aurkako botoa eman du. Testuak prozesu horiek garatzeko baliabide material eta instituzionalen administrazio antolaketa ezartzen du.

 

Foru Gobernuak bultzatutako legearen xedea gatazkak modu baketsuan konpontzea da, Justizia Errestauratiboko Zerbitzua (eremu penala) arautuz eta arlo zibilean, merkataritzakoan eta administrazioarekiko auzien eremuan kalitate eta prestakuntza tresna batzuk gaituz. Hartara, kalteen borondatezko erreparazioak eta gatazken judizializazioaren prebentzioak, baita erkidegoaren eremuan ere, “justizia demokratiko eta hurbilagoa” gauzatzen lagunduko dute.

 

Horretarako, eta Europako eta Estatuko legeriatik datorren justizia errestauratiboaren ikuspegiarekin bat etorriz, Justizia Errestauratiboko Zerbitzua ezarri da, biktimei laguntza espezializatua emateko prestazio publikoa den aldetik, ordaina eta elkar ulertzea sustatzeko, konpentsaziorako eta gizarteratzeko bide alternatibo gisa. Akordioak erreparazio plan batean islatu beharko dira, edozein dela ere haien formulazioa.

 

Nafarroako Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak bere gain hartuko ditu organo judizial eskudunak bideratzen dizkion kasuak, zigor arloko prozesuaren edozein fasetan, edozein tipologia eta larritasun duten delituetan, berariaz debekatuak daudenak izan ezik Zigor arloko erantzukizuna iraungitzen bada edo egiaztatzen ez bada, biktimek erreparazio moral egokia lortzeko helburua duten prozesuak garatu ahalko dira.

 

Biktimek zuzenean edo zeharka, hitzarmenen, kontratuen edo legez aurreikusitako beste edozein modalitateren bidez eskuratu ahal izanen dituzte justizia errestauratiboko zerbitzuak, eta Biktimaren Estatutuan eta indarrean dagoen gainerako araudian ezarritako baldintzetan baliatuko dira.

 

Biktimen, delitua egozten zaien pertsonen, Biktimei Laguntzeko Bulegoaren –Zigor Betearazpeneko Atala–, elkargo profesionalen edo gertakarien berri duen beste edozein zerbitzu publikoren sarbide-eskaera jaso ondoren, ebaluatu eginen da eta, betekizunetara egokituz gero, prozesu errestauratibo intrajudizial bat hastea proposatuko da.

 

Salbuespen gisa, prozesu horien emaitzak bitarteko telematikoen bidez garatu ahal izanen dira, eta eragindako pertsonen arteko akordioen, gizarteratzeko konpromisoen edo erreparazio komunitarioko itunen forma izanen dute. Bideratzaileek esku hartuko dute soil-soilik alderdiek hala eskatzen badiete, edo akordioen alderdi batzuk neurrigabeak, ez errealistak edo bidegabeak badira. Kasu horretan, bideratzaileek esku hartzeko arrazoiak azaldu eta erregistratu beharko dituzte.

 

Prozesu guztiak amaierako txosten batekin bukatuko dira, fiskalaren eta organo judizialen esku utziko dena, hala badagokio, legez ezarritako konfidentzialtasuna errespetatuta.

 

Bitartekaritzari dagokionez, eztabaidak konpontzeko borondatezko errekurtso gisa ulertzen den aldetik, xedapen askeko gaiei buruzko gatazketan aplikatu ahal izanen da. Dena den, alderdiek akordio proposamenak aurkez ditzaketen beste gai batzuetan ere aplikatu ahal izanen da, betiere kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeriaren esparruan.

 

Arrazoi teknikoak edo ezaugarri familiar, psikologiko eta sozialak kontuan hartuta, lehentasuna emanen zaio diziplina desberdinetako profesionalen arteko baterako bitartekaritzari eta baterako koordinazio eta prestakuntza sistemak ezarriko dira horietarako.

 

Bitartekaritza lanak behar bezala egiteko, Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa ezarriko da. Borondatezkoa izanen da, informazioa ematea izanen du helburu, eta gaiaren arabera eskuduna den departamentuak kudeatuko du.

 

Izena eman duten pertsonek eta erakundeek Kode Etikoa bete beharko dute, eta bi urteko Kalitate Planean ezartzen diren prestakuntza jarduerak egin beharko dituzte.

 

Erregistratzen diren pertsonek eta erakundeek bitartekaritza espedienteak gorde eta zaindu beharko dituzte, eta jardueren urteko memoria egin beharko dute Justizia Departamentura bidaltzeko. Era berean, bitartekaritzako Kalitate Zigilua eskuratzen ahalko dute, ezartzen diren jokabide-kodeekiko atxikimendua bermatzeko.

 

Duten esperientzia eta ospe handia dela-eta, elkargo profesionalen parte-hartzea sustatuko da, eta, horretarako, hala eskatzen duten gremio elkarteak bitartekaritza erakunde gisa aitortzea erraztuko da.

 

Nolanahi ere, doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonek bitartekaritzan doakotasuna izateko eskubidea izanen dute (judiziala eta judizioz kanpokoa).

 

Administrazioarekiko auzien prozedurei dagokienez, toki entitateekin, Nafarroako Administrazio Auzitegiarekin eta Nafarroako Arartekoarekin sinatutako lankidetza hitzarmenen bidez ere sustatu ahalko dira.

 

Bestalde, jardunbide errestauratibo komunitarioei dagokienez, judizializatu gabeko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko tresnatzat hartzen dira, edozein gizarte eremutan, hala nola familia-, auzo-, lan-, eskola-, osasun-, kontsumo-, antolamendu- eta espetxe-esparruetan.

 

Hezkuntzaren eremuan, Nafarroako Gobernuak gatazken prebentzioa bultzatuko du, berdintasunari, bakeari, indarkeriarik ezari eta gatazken konponbide baketsuari buruzko edukiak biltzen dituzten programazio didaktikoak txertatuz.

 

Metodo horren bidez, kohesio soziala areagotu nahi da, eta herritarren parte-hartzea azpimarratu, premia sozialei ikuspegi anitzetatik eta arduratsuetatik heltzeko bide gisa, komunitate sozialetako kide izatearen sentimendua nabarmenduta.

 

Departamentuak Nafarroako Sare Errestauratiboa sustatuko du. Praktika komunitarioak eskainiko ditu, dirulaguntzen deialdien eta gizarte ekimeneko entitateekin lankidetzan aritzeko beste tresna batzuen bidez. Arreta berezia eskainiko zaio lurralde-ekitateari, eta gatazkak konpontzeko gune komunitarioak ezarriko dira landa-eremuetan.

 

Gauzak horrela, eta justizia errestauratiboko, bitartekaritzako eta praktika errestauratiboko zerbitzuak arautuko dituzten kalitate estandarrak zaintze aldera, departamentu eskudunak lau urteko Plan Estrategikoa eta bi urteko Kalitate Plana eginen ditu, erregelamendu bidezko garapena onartzen denetik urtebeteko epean. Kalitate Planak laguntza, prestakuntza eta gainbegiratze neurriak bilduko ditu, eta genero berdintasunaren printzipioa txertatuko du atal arteko ikuspegiarekin.

 

Arloko departamentua arduratuko da jarduketa guztiak koordinatzeaz, eta, horretarako, hiru lantalde eratuko ditu Nafarroako Justizia Kontseiluaren barruan: bat justizia errestauratiboan, beste bat bitartekaritzan eta azkena praktika errestauratiboetan.

 

Azkenik, adierazten da Nafarroako Gobernuak gehienez ere urtebeteko epea izanen duela Bitartekaritza Erakundeen Erregistroaren sorrera eta funtzionamendu arauak arautzeko, bai eta Kalitate Zigilua lortzeko, komunitateko agente errestauratiboa izateko eta Nafarroako Sare Errestauratiboko kide izateko baldintzak ere. Jardunbide errestauratiboak sustatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak ere urtebeteko epean onetsi beharko dira.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-k eta I-Ek sinatutako bi in voce zuzenketa aho batez onartu dituzte Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, zioen azalpena zehazteko eta “bitartekaritza erakundeak” esamoldearen ordez “pertsonak eta bitartekaritza erakundeak” jartzeko.

 

Behin onetsita, Justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzko Foru Legea, NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.