Noiz argitaratua Ostirala, 2012.eko Ekainak 15

Kanpo Arazoetarako Ministerioa Armen Merkataritzari buruzko Itunean nazioarteko zenbait arau sartzea ziurta dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpena ahobatez onetsi du gaur, zeinaren bidez Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministerioa premiatzen den ziurta dezan Armen Merkataritzari buruzko Hitzarmenak “armen transferentzia baimentzea debekatzen duela, baldin eta arrisku nabarmena badago transferentziaren xede diren arma horiek erabil daitezen Nazioarteko Zuzenbidearen, Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larriak egiteko edo egiten laguntzeko”. Eta estaldura zorrotz bat ziurta dezan, “arma, munizio, armamentu nahiz horiekin lotutako material ororen eta transferentzia ororen gaineko kontrolak barne hartuko dituena”; bai eta “lizentziak emateko sistemei buruzko araudi sendoak, gardentasuna eta txostenen aurkezpena berma ditzan”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, non Ganberak Espainiako Gobernuari dei egiten dion “eskura dituen diplomazia-baliabide guztiak erabil ditzan, gobernu guztiekin harremanetan jartzeko eta arestian aipatutako auzi guztiak Armen Merkataritzari buruzko Hitzarmenean jasotzen direla ziurtatzeko”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Parlamentuak “dei berezia egiten die Txinari, Errusiari, Amerikako Estatu Batuei, Erresuma Batuari, Frantziari, Turkiari, Australiari, Indiari, Indonesiari, Hego Afrikari, Mexikori, Europar Batasunari, Brasili, Nigeriari eta Egiptori, beren eragina balia dezaten Armen Merkataritzari buruzko Hitzarmenak 1. puntuan aipatzen dena jasotzen duela ziurtatzeko”.

Gainera, Nafarroako Parlamentuak “Parlamentuko Lehendakaritzari jarraibideak ematen dizkio erabaki hau igor diezaien Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioari eta 3. puntuko zerrendan ageri diren herrialdeetako gobernuei, gure herrian dituzten enbaxaden bitartez”.

Onetsitako ebazpenak bosgarren puntu bat du non Foru Komunitateko Gobernua premiatzen den “uztailaren 2tik 27ra Nazio Batuen egoitzan emango den Negoziazio-konferentzian Europar Batasunaren jarrera aktibo komuna susta dezan”.

Era berean eta seigarren atal batean, Nafarroako Gobernuari aholkatzen zaio “Espainiako Gobernuak onetsiko duen Gardentasunaren Legean armen esportazioaren gaiaren inguruko informazioarekiko sarrera tresnak sar ditzan, abenduaren 28ko seihilabeteko parlamentu-informazio eta –kontrolaren inguruko 53/2007 Legearen 16. artikulua bete dadin”. Atal hau, aurrekoa bezala, SNk aurkeztutako gehitze zuzenketa baten ondorio da.

Zioen azalpenean, Nabai, Bildu eta I-E parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpena Nazio Batuen Batzar Orokorraren 64/48 Ebazpenari dagokio, gatazka armatuek eragindako ondorioak luze zerrendatu ondoren, eskarian arma konbentzionalen nazioarteko transferentziari, inportazioari eta esportazioari dagokionez nazioarteko arau komunak jasotzea gehitzeko; are gehiago, kontutan hartuta 2012ko uztailan negoziazio-konferentzia bat eginen dela Armen Merkataritzari buruzko Hitzarmen bat egiteko.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2012-05-07koa)