Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 26

Koldo Martínez Nafarroako Foru Komunitateko senatari berria izatea erabaki du Parlamentuak

Navarra Sumaren hautagaia zen Arancha Ariasek baino 2 boto gehiago atera ditu Martínezek, baina ezingo da karguaz jabetu hurrengo Senatuaren eraketa arte

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Koldo Martínez Urionabarrenetxea Nafarroako Foru Komunitateko senatari autonomikoa izatea hautatu du gaur, Navarra Sumako hautagai Arancha Ariasen kaltetan. Azken honek Geroa Baik proposatutako hautagaiak baino 2 boto gutxiago jaso ditu.

 

Koldo Martínezek 22 boto jaso ditu bere alde (9 Geroa Bairenak, 11 PSNrenak eta 2 Podemos-Ahal Dugurenak), eta Arancha Ariasek ordea 20 boto besterik ez ditu jaso (guztiak Navarra Sumarenak). Gainera, 8 boto zuri egon dira, 7 EH Bildurenak eta I-Eren, azken honek azkenean Iñaki Bernalen hautagaitza erretiratu du.

 

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Koldo Martínez senatari berria izatea hautatu du. Hautaketa bozketa bakarrean egin da, isilpean eta txartelen bidez. Foru parlamentari bakoitzak txartelean hautagaiaren izena idatz zezakeen, era berean, boto zuriek ere balio zuten. Gainerako botoak baliogabeak ziren.

 

Senatariaren hautaketa Gorte Nagusien disoluzioaren (24ean) eta azaroaren 10erako deitutako hauteskunde berrien deialdiaren ondoren izan denez gero, Koldo Martínez ezingo da karguaz jabetu hurrengo Senatuaren eraketa arte, eta horretarako epea abenduaren 5ean amaituko

 

Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, izan da botoak zenbatu dituena, eta amaitu duenean karguan Idoia Villanueva ordezkatuko duen senatari berria, Koldo Martínez, zoriondu egin du.

 

Senatari autonomiko izateko izendapena amaitu ondoren, Koldo Martínezek babestu duten taldeei “eskerrak” eman dizkie eta aurreratu duenez, “Nafarroaren eskubide historikoen eta autogobernuaren zaintzarako konpromisoa” berretsiko du. Estatu mailan, herritarren eskubideak zabaltzen eta demokraziari dagozkion aferetan sakontzen laguntzen duten neurriak babestuko ditut, beti ere gardentasuna aintzat hartuz, jarduketa politikoaren kontrol tresnetan zinez sinesten baitut”.

 

Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduaren 208. artikuluak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.

 

Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.

 

Koldo Martínez Urionabarrenetxea (Eskoriatza, 1953) Geroa Bairen Parlamentuko eleduna izan da IX. Legegintzaldian (2015-2019). Egun bere taldeko eleduna da hurrengo batzordeetan: Osasun Batzordea, Eskarietarako Batzordea, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordea, eta Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeko Lehendakaria da. Medikuntzan doktorea da, Medikuntza intentsiboan aditua eta Giza Sexualitatean eta Bioetikan masterduna.

 

Idoia Villanueva izan da Nafarroako Foru Komunitateko azken senatari autonomikoa, eta joan den ekainaren 19an utzi zion karguari, Parlamentu berria eratu zen egun berean. 2015eko irailaren 17an hautatu zuten: aldeko 26 boto jaso zituen (Geroa Bairen 9, EH Bilduren 8, Podemos-Ahal Duguren 7 eta I-Eren 2) eta 9 boto zuri (PSNren 7 eta PPNren 2). UPNren hautagaia zen Pedro Ezak, ordea, bere taldearen 15 boto besterik ez zituen jaso.