Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. María Chivitek zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egin du, Covid-aren krisi itzel eta hedapen kezkagarrikoari aurre egite aldera
Lehendakariak espero du aurki gauzatzea trafiko arloko transferentzia, eta azpimarratu egin ditu Nafarroan enpleguak duen sasoi ona eta Bizikidetza Planaren garrantzia
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek Nafarroarentzako lehentasun gisa ezarri du "zerbitzu publikoak indartzea eta berrikuntzaren nahiz kalitatezko enpleguaren ikuspegitik bultzatzea garapen ekonomiko eta soziala", Covid-19ak sorturiko "krisi itzela" dela eta.
Chivitek ostegun honetan ireki du Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaida, X. legegintzaldiko lehenbizikoa, honakoa adieraziz: urte hau "markatu egin du Covid-19a geure bizitzetan agertu izanak, erronka historiko bati aurre egin beharra ekarri digun pandemia bat baita. Osasun-krisi itzel baten aurrean gaude, eta haren gizarte-inpaktua ez da makalagoa; lehenik eta behin, giza bizitzetan izaten ari den kostuagatik eta inpaktu ekonomikoagatik".
Horrela, bere mintzaldia hastean, Chivitek gogoan izan ditu pandemia honen zuzeneko edo zeharkako ondorio gisa hildako pertsonak, haien familiak eta gaixorik dauden pertsonak, eta eskerrak eman dizkie osasungintzako profesionalei, soziosanitarioei, larrialdietakoei, garbiketa-lanetakoei, segurtasunekoei, logistikakoei eta boluntarioei.
Halaber, gobernuburuak bere esker ona adierazi die, "pertsonalki eta politikoki, talde parlamentario guztiei; ezen hilabete hauetan Nafarroako Gobernuak Legebiltzar honetan herritarren 50 ordezkari aurkitu ditu, erakutsi dutenak egoerak eskatzen zuenaren eta eskatzen zitzaigunaren parean egon direla: neurri urgenteak edozein interes politikoren aldean lehenestea. Gobernuak Legebiltzar honetara ekarri dituen dekretu guztiak kontrako botorik gabe onetsi dira, eta horrek babesa sentiarazi digu. Talde parlamentarioen jarreratik herritarrek lortu dute onura", iritzi izan dionez.
Ondoren, Chivitek dei egin du "altueraz jokatzen segitzera, Nafarroarekiko konpromisoz, gure jendea diren nafarrekiko konpromisoz, eta iruditzen zait beste eztabaidagune politiko batzuetan ikusten ditugun jardute ez-eredugarriek ez diotela politikari bakarrik kalte egiten, baizik eta erakundeen sinesgarritasunari ere. Birusak ez du ideologiarik; gobernu guztien arerioa da, zein dela ere haien kolorea; pertsonei kalte egiten die, non ere bizi diren", ohartarazi du.
Azaldu duenez, Ogasunak BPGaren ehuneko 9tik 10erako beherakada aurreikusten du 2020rako; 2021ean, ordea, ehuneko 6,5etik 7,2ra bitarteko hazkundea izan lezake. Urte hasieratik, diru-sarrerak % 9,5 jaitsi dira.
Nafarroako Gobernuak 2021erako aurrekontuen aurreproiektua datorren astean onesteko asmoa du, eta eskertu egin du taldeak akordio bat bilatzerantz erabiltzen ari diren "tonua". Aurrekontuak azkenean onetsi ahal izatearen itxaropena agertu du.
María Chivitek baieztatu du "aurki" espero duela trafiko eskumena Gobernu zentralarengandik eskualdatzea, eta nabarmendu du Gobernuak Foruzaingoaren alde egiten duen apustua: 1.200 kidera iritsiko dela espero du, "trafikoko eskumenaz aparte".
Lehendakariak Foruzaingoa hizpide hartu du "Nafarroako erreferentziako polizia" gisa. "Foruzaingoaren alde egiten dugun apustua tinkoa da", aldarrikatu du.
Gai horri buruz esan du 2020-23 Plan Estrategikoa taxutu dela, "partaidetzan eginiko errepide-mapa bat", ekintza desberdinak jasotzen dituena, hala nola trafiko-eskumenak bereganatzea (149 agenterekin) eta "beharrezkoak diren giza baliabideen zuzkidura; horretarako, Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) egutegi-proposamen bat dago legegintzaldi honen osotasunerako, jomugatzat duena 1.200 posturaino iristea (trafiko-eskumena aparte)".
Azaldu duenez, 2019ko LEPak jadanik 31 postu jasotzen zituen, eta 2020koak, zeina laster onetsiko baita, 45 foruzain-postu jasotzen ditu, "kopururik handiena 11 urtean".
Horrela egin dio erreferentzia Chivitek trafikoaren eskumena Foru Komunitateari eskualdatzeari, eta adierazi duenez, "Nafarroako Gobernuak jadanik zehaztuta dauzka balizko proiektu eta kronograma bat, eta akordioa aurki mamitzea espero dugu".
Lehendakariak esan du foru gobernuaren nahia dela "pandemia modu gardenean kudeatua izatea, Administrazioak kontu-ematean garbia eta zorrotza izan beharrari buruzko konbentzimendutik".
Horren harira, azpimarratu du Gobernuak sektore publikoaren alde egiten duela apustu, "osasun-larrialdiari gure funtsezko profesionalen ahalmen guztiarekin erantzunez, baina gainerako zerbitzu publikoei ere eutsirik".
María Chivitek baieztatu duenez, "eskolarako itzulerak, momentuz behintzat, datu positiboak eman dizkigu kasuei dagokienez; dena den, birus honek etengabe erne eta edozein gorabeheratarako prest egotera behartzen gaitu".
Esan du hasiera batean 47 milioi euro bideratu direla ikasturte hau prestatzeko, eta "irakasle-kontratazioen aldeko apustua egin dugu: kalkulaturiko kopuru globala 666 irakasle berrikoa da". Horrez gain, 5 milioi euro inbertitu dituzte material informatikoaren erosketan, jakinarazi duenez.
Chivitek azpimarratu du Gobernuak hezkuntza presentzialaren alde eginiko apustu irmo eta argia, "jarduera oro bezala pandemiak markaturikoa den ikasturte bat planifikatzearen erantzukizunetik; horregatik, agertoki desberdinak dauzkagu aurreikusita".
Hezkuntza-gaietan, lehendakariak jakinarazi du ezen, legegintzaldi honetako lehen aurrematrikulazioarekiko, % 2 baino gehiagoko gorakada izan dela irakaskuntza publikoan, "eta datu hori arras pozgarria iruditzen zaigu".
Nabarmendu du hezkidetza "sustatu eta indartu" dutela, Skolae programa, zeina baita "Hezkuntza Departamentuaren hezkidetza-programa". "Legegintzaldi honetan, ikastetxe guztiek nahitaez bete beharreko programa da, zein ere den haien titulartasuna, baldin diru publikoz finantzatuta badaude".
Adierazi duenez, "aurki foru dekretuz kudeatuko da, eta horrela ahalbidetuko da jasotako helburuak eta hezkuntza afektibo-sexualari buruzko ebaluazio-irizpideak oinarrizko curriculumean jasota egon daitezen".
Bestetik, María Chivitek esan du Nafarroa dela Espainian ikasleen arabera irakasle gehien dituen erkidegoa, ratioa izanik "110 irakasle 1.000 ikasle bakoitzeko. Kontratazio masibo bat egin dugu, eta Hezkuntza Publikoaren Kalitatearen aldeko Hitzarmena finantzatzen dugu".
Gobernuko lehendakariak aitortu du "kezka-sortzailea" dela Covid-19aren hedapena, bai eta "profesionalek eta herritarrek berek duten nekea" ere, eta jarraian ohartarazi du: "oraindik ere gelditzen dira hilabete latzak, eta gutako bakoitzak ekarpena egin behar dugu zailtasuna sendotasunez gainditzeko".
María Chivitek baieztatu du: "lasaiagoa izatekoa omen baina ospakizunek eta aisialdiak buruhausteak eman dituzten uda baten ondoren, udazken eta negu zail eta latz batzuei ari gara orain begira. Osasun Departamentua izanen da 2021erako proiektuan gastu-muga gehien igoko zaionetako bat".
Testuinguru horretan, lehendakariak gaztigatu du: "hilabeteotan, zientziak eta esperientziak urratsak egin ahalako ikasbidea egin dugu, baina oraindik ere asko daukagu ikaskizun. Iraganean gibeleratuta daude lehen une haiek, egunero-egunero higiene-arauak, maskararen erabilera eta abar oroitarazi behar genituenekoak... Gaur den egunean, biztanleria guztiak ezagutzen ditu gomendioak eta arauak, zeinak uneoro moldatu egiten baitira, eta beste puntu batean gaude", baieztatu du.
Chiviteren esanetan, Gobernua hiru ardatzetan zeharreko lana ari da egiten. Lehenik eta behin, Covid-a mugapean eustea eta kontrolatzen saiatzea, detekzio-estrategia "ahaltsu" bat tarteko. Horri buruz azpimarratu du Nafarroa dela biztanle bakoitzeko PCR gehien egiten dituen erkidegoa: batez beste, egunean 3.500 baino gehiago. Horiei gehitzen zaizkie orain antigeno-testak, zeinak, azaroaren 2tik aurrera, jadanik oinarrizko osasun-laguntzako sarean prest egonen baitira.
Gainera, lehendakariak nabarmendu du: "kasuen trazabilitate handia daukagu; hots, kasuak eta eritasun-agerraldiak konektatu egiten ditugu. Sistemak demostratu du osasungintzan erantzute-ahalmen handia duela. Zalantzarik gabe, arakatze-langileen zeregina eraginkorra eta zuzendaritza onekoa ari da izaten".
Bigarrenik, aitortu du: "egunotan ebakuntza ez-urgenteren bat desprogramatu behar izan dugu, eta horixe dugu birusaren hedapena geraraztera behartzen gaituzten arrazoietako beste bat. Ez dugu nahi jarduera arruntak eragin handirik paira dezan. Beste eritasun batzuk dituzten pertsonak egon badaudelako orain ere, eta horiek artatu beharra daukagu. Horregatik, irailaz geroztik sistema integratua aktibatu dugu, Covid patologiak ez ezik bestelakoak ere artatzeko", azaldu du.
Gobernua lantzen ari den hirugarren ildoa da Suspertu eta europar Next Generation planen esparruan planteatu diren erronkekin zerikusia duena. "Osasunean per capita inbertsio altua daukan erkidego bat garen arren, pandemia honek erakutsi digu inbertitzen segitu behar dugula, sistema indartzeko eta kualitatiboki ere hobetzeko. Adibidez, teknologiaren alorrean".
Hiru ardatz horietatik landa, Chivitek azpimarratu du: "berariaz oinarrizko osasun laguntzan dihardugu lanean; hurrengo aurrekontuetan ikusiko da hori. Jabetuta gaude sistemaren osotasunean duen funtsezko zereginaz. Kontratazioen bitartez ari gara Iruña, Lizarra eta Tuterakoak bezalako oinarrizko osasun eskualdeetako zerbitzua indartzen. Eta, asteburu honetatik aurrera, osasun-etxeak ere irekiko ditugu; momentuz, hiru. Eta gogorarazten dut ospitalez kanpoko larrialdiak eta tarteko baliabideak ere badauzkagula, aholku-erizaintza indartzeaz gain".
Bestalde, lehendakariak balioan jarri du "hilabeteotan Osasun Ministerioarekin egiten aritu garen kogobernantza-lana, bai eta beste erkidego batzuekin sendotu dugun harremana ere; haiekin esperientziak, arauak, gogoetak eta estrategiak partekatu ditugu".
Chivitek aldarrikatu du Nafarroa dela "larrialdietan erantzun azkarreneko" komunitatea, eta adibidetzat aipatu du "bihotz-gelditzeen kasuetan, emergentzia horietako larrienak direnetan, sekuelarik gabeko biziraupena % 15ekoa, Espainiako altuena" dela.
Bere mintzaldian, Chivitek profesionalei eskerrak eman dizkie beren lanarengatik, eta baloratu egin ditu "Nafarroan arlo honetan egiten ari den ikerketa zientifikoa eta lana, ezinbestekoa dela demostratu dena. Pandemia honek lagundu egin du askotan isila izan ohi den lan bat ikusgai egiten eta baloratzen; izan ere, eta egia da, ez du beti aurrekontu-konpromiso behar bestekorik izan", aitortu du.
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek azpimarratu egin du Nafarroak Bizikidetza Plan Estrategiko bat eduki ahal izatearen "garrantzia", plan hori "partaidetzaz eta elkarrizketaz eraikia" denean, eta adierazi du gobernua inplikatuta dagoela langintza horretan, zeina, espero du, "emankorra izanen baita, herritar guztiei mesede eginen dien lana izanen delako".
"Borondate horrekin ari gara aurrerapausoak ematen, eta horrela segitzea espero dugu. Diskreziotik eta konpromisotik".
Chivitek adierazi du planak sakondu eginen duela honelako arloen lanketan: giza eskubideak, biktimak, aniztasun kultural eta erlijiosoa, gorroto eta indarkeriaren desagerrarazpena, hezkuntza, eskubide- eta askatasun-berdintasuna lortzea pertsona guztientzat, eskubide sozialak, eta diskriminazioaren kontrako bermeak.
Bestalde, esplikatu du Gobernua Bakearen eta Elkarbizitzaren aldeko Oroimendun Eskolen Sare bat ari dela sortzen, proiektu hori izan dadin, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, "proiektu transbertsal bat, elkarrekin topo egin dezaten hezkuntzaren munduak eta giza eskubideen aldeko nahiz indarkeriaren erabilera deslegitimatzeko politika publikoek".
Halaber, abian da azterlan baten prestaketa, Nafarroako unibertsitateekin elkarlanean, eta irakaslanetarako biktimen programa bat ezarpen bidean dago.
Chivitek gogorarazi du ohiz kanpoko Ministro Kontseilu baterako deia egin izanak eragotzi egin zuela Iruñean terrorismoari buruzko unitate didaktikoen aurkezpena egitea, eta azaldu du: "konbentzituta gaude, baita ere, hezkuntza ezinbesteko lanabesa dugula gure historia ezagutzeko, balio zibiko eta demokratikoak sendotzeko eta memoria den ondare komun horri eusten laguntzeko, giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen bermerako lanabes gisa".
Bere mintzaldian zehar, Chivitek Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren kudeaketaren beste zertzelada batzuk hartu ditu hizpide, eta esan du Nafarroaren kanpoalderanzko proiekzioa, Europar Batasunaren ekimen eta sareekiko konexioa eta foru komunitatea Europan posizionamendu hobean egotea "lerro estrategikoak direla, indartu egin direnak Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusi baten eraketarekin, zeinak are garrantzi handiagoa hartzen baitu egungo testuinguruan".
Izan ere, iragarri du Europar Proiektuen Bulego bat abiaraziko dela, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren barrenean, departamentu ezberdinei aholkuak eta zerbitzua emanen dizkiena, "EBren deialdi ezberdinetara proiektuak aurkeztea errazteko".
Bulego horrek, langintza hori teknikoki errazteaz gain, Europar Batasunetik datorren informazioa monitorizatuko du, EBko estrategiak lerrokatzeko aplikazio adimentsu baten bitartez.
Hizkuntz politikaren alorrean, Euskarabideak aurrera segitu du "euskara berreskuratu, prestigiatu eta normalizatzeko bere politikekin", Chivitek azpimarratu duenez.
Gobernuko lehendakariak ziurtatu du: "Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzeko oinarriak ipini dira, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzearren, administrazio publikoekiko euskarazko harremana erraztearren, euskarazko kultura, aisialdia eta denbora librea irisgarriago egitearren, eta haur eta gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko eduki digitalen ekoizpena sustatzearren, horien irisgarritasun publiko eta doakoa bermatuz".
Chivitek adierazi du ezen, Euskarabidearen laguntzarekin, "posible izan dela departamentu ezberdinen hizkuntz planifikazioan aurrerapausoak egitea. Gainera, duela egun batzuetatik aurrera jadanik egoitza berrian ari dira lanean. Bertan bildurik daude orain arte hiru kokaleku ezberdinetan sakabanatuta zeuden unitate guztiak, halatan koordinazioa errazturik eta hobeturik".
Lehendakariak zehaztu du elkarlan publiko-pribatua ari direla jorratzen, euskararen irakaskuntza Nafarroan heldue
ntzat doakoa izaterantz pixkanakako aurrerapausoak ematearren; eta turismoko enpresa eta eragileekin ere abian dira lanak, turismoa eta hizkuntza uztartuko dituen programa bat apailatzeko.
Foru gobernuko lehendakari María Chivitek baieztatu duenez, "Nafarroa da enplegurik gutxien suntsitu duen erkidegoa" osasun-krisialdian zehar, nahiz eta ohartarazi duen: "gai honetan sakondu beharra daukagu, erronka muntadunak baitauzkagu aurrerantzean".
Chivitek azpimarratu duenez, bolada honetan gauzatu diren jardueretan lehentasunezkoa izan da "herritarrei arreta bera ematen segitu ahal izan dadila bermatzea, eta zuzemenak erraztea. Enplegu Agentziek indartu egin dituzte bide ez-presentzialak, eta eskaintza-jarduerari ere eutsi zaio".
Lehendakariak adierazi duenez, "Gobernu honek talka-plan bat dauka enplegu-politika aktiboak egoera berriaren arabera doitzeko eta berrorientatzeko. Langabetu-kopuru handiago bati eman beharko diogu zerbitzua, eta gauza izan behar dugu haiei prestakuntza, orientazioa eta bitartekotza eskaintzeko, halako moldez non ahalik eta lasterren laneratuko baitira berriro. Enpresen eskaera berrietara egokitu beharra ere egonen da".
Zehaztu du planak besteak beste jasotzen duela egoerara egokituriko arreta-eredu berri bat, laneratze "express"erako ibilbideak, Enplegurako Lanbide Heziketa Digitalizatzeko Plan bat, edo nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien sektorera bideraturiko lan-eskua indartzeko plan bat.
Eskubide Sozialetako Departamentua errepasatuz, nafar gobernuaren buruak bere mintzasaioan esan du, adineko pertsonei buruz, bere helburua izan dela "kutsadurak ahal den neurri handienean ekiditea eta osasun-zerbitzu egokia eskaintzea, bai eta egoiliarren artatze optimoa bermatzea ere, ongizate fisiko eta psikikoa zainduz".
Chivitek agertu du ezen gaur den egunean Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak kontingentzia plan bat daukala, pandemia-agertoki ezberdinak aurreikusten dituena. "Zentro guztiek ezagutzen dute eta bete behar dute, eta zentroei diru-ordain bat ematea aurreikusi da, izan duten ohiz kanpoko gastuaren ondoriozkoa", zehaztu du, eta erantsi du kanpo-auditoretza bat egin dela, "Covid-19ak zentroetan duen eragina minimizatzeko etorkizunean hartu beharreko neurriei buruzko orientabideak ematen dizkiguna. Espainian eginiko lehenbizikoa".
Chivitek jakinarazi du bukaerako izapidetze-fasean dagoela foru dekretu bat, zeinaren bidez arautzen baita adinekoen, ezgaitasunaren, gaixotasunaren eta gizarteratzearen alorretako egoitza-zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen jarduna. "Pertsona Helburu duen Zerbitzuaren eredurantz jotzen duen aldaketa kualitatiboa, zentro txikiago eta elkarbizitza-unitateetan antolatuetaranzkoa, langile-ratioak hobetzekoa eta sektorearentzako soldata-hobekuntzak ezartzekoa", adierazi du.
Lehendakariak aipatu du nolako "garrantzia" duen errenta bermatuak Foru Komunitatean diru-sarreretarako eta babes sozialerako emandako bermean; horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, "errenta bermatuaren kudeaketa ezinbesteko zerbitzu deklaratu ez ezik, alarma-egoeran zehar horren izapidetzea arindu ere egin du, eta bermatu du ordaintzen dela noiz eta eskubidea sortzen den hilabetean bertan".
"Neurri horiei esker, espediente-balorazioen bolumena ehuneko 50 baino neurri handiagoan gehitu da aurreko lau urteetako martxo-apirilen aldean", azaldu du.
Lehendakariak jakinarazi du errenta bermaturako eskabideen gorakadan nabaritu direla Covid-19aren ondoriozko krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioak. Aurreikuspenen arabera, urte-amaieran 14.000 pasatxo eginen dira, "iazko abenduan baino ia 2.000 gehiago".
Bere iritziz, "Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera aurrerapauso garrantzitsua izanen da diru-sarreren bermerako sisteman estatu mailan, eta munta handiko eragina izanen du Foru Komunitateko diru-sarreren bermerako programan".
María Chivitek Legebiltzarrean azpimarratu duenez, "gizarte-babesa bermatzeko eta nafarrak izan edo Nafarroan bizi garen pertsona eta familia guztien gizarteratzean sakontzeko modua izan behar dugu", eta "atzean inor ez uztearen asmo komun hori gauzatzekoa".
Azkenik, jakinarazi du 2020an indarra hartu duela gizarte-zerbitzuen finantzaketari buruzko dekretu berriak. "Ekitate handiagoko sistema bat, gutxieneko batzuk bermatuko dituena oinarrizko gizarte-zerbitzu guztietan eta kontuan hartuko dituena oinarrizko eskualde bakoitzeko premia zehatzak. Finantzaketa 2 milioi euro inguru igotzea dakar", baieztatu du, eta aipatu du "dekretu berriak lortu duen adostasun zabala".
Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan izan duen lehen mintzaldia amaitzeko, Chivitek talde parlamentarioei dei egin die "kontsentsua" bila dezaten, "ikusmolde-ezberdintasun zilegitik. Ziurgabetasun-garai hauetan, behartuta gaude lasaitasuna eta eskueran ditugun ziurtasunak ematera, mundu-mailako ziurgabetasun-giro batean. Egin dezagun ekarpena erakundeetatik, politikatik, gure zeregina duinago egiteko, lagungarriago eginez, proposatzaileagoa, eta desadostasunera bainoago adostasunera bideratua. Ikusmolde-ezberdintasun zilegitik, noski. Ideien eztabaidatik, noski. Baina elkar hartzeko borondatez. Nafarroagatik egin dezagun", eskatu du.
Chivitek azaldu du aurtengoa "urte mardula" izan dela, "eta datorrena ez da makalagoa izanen. Bizitzak, osasuna, lana, gazteentzako etorkizuna eta zirkunstantzia ezberdinengatik ahulagoak direnen babesa hartzen ditugunean hizketagai, ez dago tokirik batasunaz eta sendotasun instituzional, demokratiko eta herritarrenaz kanpoko beste ezertarako", aldarrikatu du.
Ildo horretan, erantsi du bide bakarra dela "eskueran ditugun baliabide guztiekin lanean segitzea, zientziaren eskutik, egunero ikasiz, gaur den egunean oraindik ere ikasten ari baikara birusaz eta horren ondorioez. Goiburu bakartzat hartu behar dugu gure gizartearen ongizatea, zerbitzu publikoen hobekuntzan jardutea eta garapen sozial eta ekonomikorako eredu bat indartzea berritzailea eta berdinzalea izanen dena eta guztiei aukerak eskainiko dizkiena".
Hori guztia, gehitu du Chivitek, "bizikidetza-esparru askotariko batean, herritar guztiak integratuko dituen batean, guztiok garelako nafarrak, eta guztiok egiten dugulako Nafarroa". "Ez dugu krisi honetatik atera nahi herritar askok bizia galdu behar izanik, ez dugu lan-prekarietate gehiagorik nahi, ezta soldata-arrakala gehiagorik eta desberdinkeria gehiagorik ere; eta, zer esanik ez, ez dugu polarizaziorik, muturtzerik eta tentsio politiko eta sozialik nahi", ziurtatu du.
Ordubete eta 45 minutu iragan direnean, lehendakariak amaitu du "zinez eskerrak emanez Nafarroako Gobernuko kontseilari guztiei. Eskerrik asko zuen esfortzuagatik, zuen lanagatik, barne- nahiz kanpo-akordioetara iristeko asmo iraunkorrarekin etengabe landu duzuen elkarrizketagatik. Eskerrik asko egunotan aurkeztu ditugun proiektuetan izan duzuen ikuspen eta anbizioagatik. Eta eskerrik asko, zeren eta, ohartzen bagara ere hau ez dela langintza erraza suertatzen ari, duela urtebete pasatxo ekin genion proiektuan bidea elkarrekin egiteko asmoari tinko eusten baitiozue, baitiogu", esan du.
Osoko Bilkuren Aretoaren edukiera % 30era murriztuta egonda, bilkura Unai Hualderen lehendakaritzapean egin da, laguntzaile zeuzkala Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak eta Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak. Talde parlamentarioen ordezkari aritu dira Javier Esparza, Carlos Pérez Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos, María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Gobernuko lehendakaria, María Chivite, bere bi lehendakariordeek –Javier Remírezek eta Jose Mari Aierdik– lagun egiten ziotela agertu da. Beste kontseilari batzuek Legebiltzarraren egoitzan dagoen gobernu-aretotik egin dute bilkuraren jarraipena.
Gonbidatuen palkotik egin dute bilkuraren jarraipena Foru Komunitateko senatari Koldo Martínezek, Toni Magdaleno PSNko senatariak eta EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak.