Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Urriak 27

"Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaida. UPNk, PSNk eta PPNk autokritikarik ez egitea eta atzera begiratzea gaitzetsi dute"

"Geroak gizarte bazterketaren aurkako borroka nabarmendu du, Bilduk eta Podemosek konplexuak alde batera utzi nahi dituzte aldaketan sakontzeko, eta I-Ek aurrerapen nabarmenak sumatu ditu"

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ordu eta erdiko hitzaldia aztertzeko 30 minutuko etenaldia egin ondoren, parlamentu-taldeen eledunek hitz egiteko txanda hasi da. Handienetik txikienerako hurrenkeran, lehenik oposizioko alderdiak aritu dira, UPN, PSN eta PPN alegia, eta ondoren Gobernua babesten duten siglak, hau da, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E.

Gero, arratsaldean, Uxue Barkosek eledun guztiei batera erantzunen die, denbora mugarik gabe, eta talde bakoitzeko eledunak beste hamar minutu edukiko ditu erantzuteko. Lehendakariaren beste hitzaldi batek emanen dio behin betiko amaiera eztabaidari, orduan ere denbora mugarik gabe.

Segidan 15 minutuko tartea egonen da parlamentu-taldeek erabaki-proposamenak aurkeztu ahal izateko, gehienez bost proposamen talde bakoitzeko. Bihar goizeko 9:30etik aurrera eztabaidatu eta bozkatuko dira proposamen horiek.

UPN-k dio nafarrek dagoeneko ez diotela sinesten Barkos


Javier Esparzak (UPN parlamentu-taldea) baieztatu du Uxue Barkos 2015eko uztailean Nafarroako lehendakari izateko inbestiduran "pertsona neurritsu eta elkarrizketazalearen itxura" eman zuela, baina hamabost hilabete nahikoa izan direla mozorroa kentzeko, "jakin-mina etsipen bihurtzeko".


Javier Esparzak Barkosi ohartarazi dio bere Gobernuak urtebetetik gorako agintaldia egin duela "emaitza nabaririk gabe", huts egin diela beragan konfiantza jarri zuten milaka nafarrei, eta "bozkatu ez zuten milaka nafarrak nazkatu" dituela.


Esparzak esan du Gobernuak ez duela "hobekuntzarik" lortu ez jarduera ekonomikoan ez osasunean, hezkuntzan edo gizarte politiketan. Haren iritziz, "Barkosek ez du inolako sinesgarritasunik, nafarrek dagoeneko ez diote sinesten".


UPNren eledunak adierazi duenez, herritarrak "haren gezurrez ohartu dira eta zapuztuta daude, ziria sartu dietelako eta ohartu direlako zein diren Gobernuaren benetako asmoak, laburbilduta, nazionalismo gehiago, Euskal Herri gehiago eta Nafarroa gutxiago, eta hori argi eta garbi uzten ari zaie legegintzaldiko lehen minututik".


Gainera, Javier Esparzak azaldu duenez, "nafarrei kontatu zieten bezalako gizarte-larrialdiko egoerarik ez zen izan" UPNren gobernuetan. "Nafarroak Espainia osoko txirotasun eta desberdintasun tasarik txikienak" zituela gogorarazi du.


Hala, kritikatu egin du Barkosek bere hitzaldiko "30 minutu baino gehiago" eman izana UPNk egindako kudeaketari buruz mintzatzeko, eta horren arrazoiak bi izan daitezkeela erantsi du: "Edo bere kudeaketaz hain lotsatuta dago non gugan jarri behar baitu arreta, edo abenduko hauteskunde orokorretako jipoiaren ondoren oposizioari oposizioa egiteari ekin dio".


Bestalde, Nafarroako Gobernuaren molde berriak kalifikatzeko honelako hitzak erabili ditu: "gezurra, manipulazioa, agintekeria, elkarrizketarik eza, ilunkeria eta harrokeria. Bazirudien zuen eskutik Nafarroa arkadia zoriontsu bilakatuko zela. Orain bete ezinik zabiltzaten itxaropenak eragin zenituzten", esan du.


Gobernu berria iritsi zenetik, Javier Esparzaren esanetan, "suspertze ekonomikoa moteldu egin da eta Gobernuak beldurtu egin ditu enpresaburuak bere zerga-erreformarekin".


"Hezkuntza sistemak ere ez du hobera egin eta zuen obsesioa guztiz kaltegarria izaten ari da", gaineratu du. Hamaika arazo sortu dituzue, dena zuen obsesio nazionalistagatik, horixe baituzue helburu nagusia. Haurrak doktrinatu nahian ari zarete, hezkuntza arloko legezkotasuna eta legezkotasun instituzionala mespretxatuz, kasu askotan".


UPNko eledunak gaineratu du osasun publikoak ere ez duela hobera egin. Itxarote-zerrenda kirurgikoan "UPNk Gobernua utzi zuenean baino 610 pertsona gehiago daude, eta proba osagarrien zerrendan 2.464 pertsona gehiago daude", baieztatu du.


Horren ondoren, Esparzak esan du "etsita" daudela funtzionarioak, enpresaburuak, UGT eta CCOO sindikatuak, suhiltzaileak, foruzainak zein terrorismoaren biktimak eta "Hispanitatearen egunean ordezkatuta sentitzen ez diren milaka nafar, zapuztuta sentitzen direnak Vianako Printzea sarien banaketara errege-erreginak etortzea galarazten denean. Kezkaturik daude, halaber, euskararik ez dakitenak, paria sentituko direlako gure komunitatearen baitan", adierazi du.


Esparzak ez du nahi "legegintzaldi hau galtzerik, Nafarroak aurre egiten jarrai dezan nahi dugu, gizartea ez dadin apurtu, herritarren arazoak izan daitezen legegintzaldiaren ardatz; baina kalean nabari dena da Barkosek beretarrentzat bakarrik gobernatzen duela".


"Nafar gehienak harro gaude nafar izateaz, eta ez ezazu sekula ahantz guztiok dugula eskubidea aurrera egiten segitzeko, aukera-berdintasunerako, askatasunez eta bakean elkarrekin bizitzeko", esan dio lehendakariari.


Azkenik, Barkosek gainerako talde politikoei akordioetarako egin dien eskaintzari buruz, Javier Esparzak esan du UPN Hitzarmen Ekonomikoan "egonen" dela, eta, elkarbizitza dela eta, "zuk nahi duzuna, baina EH Bildurik gabe". Europar Batasunari dagokionez, hau esan du: "Europako banderarekin ziur aski hobeki egonen ginateke, eta Europari lotzen gaituen prestazio handiko trenarekin ere bai". Gainera, "inposaketarik" gabeko euskararen alde agertu da.

 

PSNk “ekintzarik eza” aipatu du


María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) kezka agertu du Gobernuak laukoarekiko mendekotasun "gehiegizkoa" omen duelako, eta legegintzaldiko lehen 16 hilabeteei "ekintzarik ezaren urtea" deitu die.


Ildo beretik, eledun sozialistak "ekintza eta autonomia" eskatu ditu. "Kezkaturik gaude gobernu honek mendekotasun gehiegizkoa duelako, ia erabatekoa, eusten dion laukoarekiko", azpimarratu du Chivitek, eta gobernu batek "erakunde autonomoa" izan behar duela iritzi dio.


María Chivitek adierazi du espero duela Barkosek "lasta botatzea eta lehendakari gisa hartzea erabakiak, ez laukoaren buru gisa". Haren esanetan, "Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren pisuak galgatu egiten du Gobernua, areago, erabakietan atzera egitera behartzen du, mendekotasun mugatzaile hori agerian jarriz, eta oso jarrera txarrean uzten du".


Gainera, Chivitek "ekintzarik ezaren urtea" deitu die legegintzaldiko lehen 16 hilabete hauei, baina aitortu egin du orain aurrera egiten hasten ari dela garapen ekonomikoaren eta enpleguaren arloetan. "Ari da mugitzen —azaldu du—, baina oraindik ere beharrezkoa da abiada hartzea irmo eta adoretsuago".


Chivitek esan du Enplegu Plana "oso motz" geratu dela, "ez diolako enpleguari bere osotasunean heltzen". Nafarroako Ubidea edo Prestazio Handiko Trena bezalako azpiegiturei dagokienez ere, "mugimendu gehiago ikustea" espero du.


Hezkuntzari buruz esan du Gobernuak ez duela "zertaz harrotu handirik", eta gogora ekarri du bere alderdiak "desadostasuna" agertu izan duela "letra larriz", Gobernu honek darabilen hezkuntza politikaren aurrean.


Hala, gai horretan "okerrak zuzentzeko" eta "norabidea aldatzeko" eskatu du Chivitek, eta "errore gehiegi" egin direla nabarmendu du.


Bestalde, kulturaren eta kirolaren "ikusgaitasun" handiagoa eskatu du, "ekintza politikoan senide pobretzat hartzen ari baitira". Gizarte gaiei erreparatuta, adingabeez eta mendekotasunaz ez dela hitzik egin salatu du, eta "gazteria arloko politika adoretsuen" alde agertu da.


Eledun sozialistak iragarri du bere taldeak Etxebizitzari buruzko Legeari zuzenketa eginen diola "hura hobetzeko asmoz", eta Osasunari buruzko Lege berria sortzea proposatu du, "Nafarroako osasun arloa eguneratzeko esparru" gisa.


Poliziei buruzko Legea dela eta, Chivitek bere babesa erakutsi dio "herritarrek ongi baloratzen duten" eta "baliabide mugatuak izan arren zerbitzu egokia ematen ahalegin izugarria egiten duen" poliziari.


Aparteko pagari dagokionez, "gehiago itxaron gabe ordaindu" behar dela esan du, diru-bilketaren datuak onak direlako eta aurten jada ordainduta egon behar zuelako.


Azkenik, eledun sozialistak deitoratu egin du "azken egun hauetan elkarbizitza baketsuaren gaia berriro ere albiste nagusi izan dugula". Haren iritziz, lehendakariak bakeari eta elkarbizitzari buruz egin duen planteamendua "herren dator", kideetako batzuek ez dituztelako gaitzesten "indarkeriazko zenbait ekintza". Horregatik, esan du erakundeek ez dutela ez "onartu" ez "sustatu" behar horrelako ekintzarik.

 

PPNrentzat, atzerakada ekonomikoa eta sektarismoa


Ana Beltránek (PPNko foru parlamentarien elkartea) ohartarazi du Uxue Barkosen Gobernuaren hamabost hilabeteetan "atzerakada ekonomikoa, erabaki sektarioak eta identitarioak, inposizioak, lagatzeak eta ezegonkortasun sozial, politiko eta finantzarioak" izan direla.


Beltránek bere burua eskaini dio Gobernuko lehendakariari zerga-erreforma negoziatzeko "nafarrak gainerako espainiarrak baino baldintza okerragoetan egon ez daitezen". Eta neurriak hartu behar direla esan du "egiaz enplegua sortzeko, enpresak ezartzeko eta langabezia txikitzeko balioko dutenak".


Alderdi Popularreko eledunak hezkuntza-hitzarmena egiteko gonbita egin du, "gurasoen askatasunetik, euskara inposatu gabe", eta "gizarte politiken monopolioa bere ez egiteko" esan dio, izan ere, bere iritziz PPN izan baita Legebiltzarrera gizarte ekimenak ekartzen lehenengoa.


Gainera, Barkosi eskatu dio Bilduri "esijitzeko", Gobernuko bazkide den heinean, terrorismoa gaitzets dezala —edo gobernukide izateari uzteko—, gai horretan "ez baitago hitz erdika aritzerik, ezta orain batean eta orain bestean ibiltzerik ere: edo biktimak defendatzen dituztenekin zaude edo erailketak gaitzesten ez dituztenekin zaude". Beltránek baieztatu du lehendakariari "eskua luzatuko" diola, "oposizioari eta kaleari" entzuten baldin badie.


Eskaintza horrekin bere hitzaldia amaitu aurretik, Barkosen Gobernuaren lehenengo urtea kritikatu du, "mendekua, gorrotoa eta atzera begiradak" nagusitu izan baitira, "edukirik gabeko jarduna" izan baita eta, gainera, "enplegua sortzeko gai ez den Gobernua" ikusi baita.


Aldiz, Beltránen ustez, Foru Gobernua "irmo aritu da euskal ideologia nazionalista ezartzen, bere alde Nafarroako biztanleriaren herenbat baino ez izan arren".

Azken batean, lehenengo urtebete honetan "bere bazkideak gustura uzten saiatu da, gizartearen errealitatetik urrundu da eta pertsonen interesetatik ere bai"; horren adibide da "gizarte erreforma odoltsua", eta Nafarroa "orube huts" bihurtuko dela aurreikusten da, zerga-pizgarriak aldatutakoan enpresentzako erakargarritasun txikia duelako.


"Haien arazo nagusia da ez dutela uste komunitate honen premiarik handiena enplegua sortzea denik", esan du, departamentuak banan aipatzen hasi aurretik.
"Kaos eta nahas-mahas handienekoak" Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia departamentuak omen dira. "Ezin dute okerrago egin", eta arazoak dituzte, adibidez, 2012ko aparteko pagak ez ordaintzeagatiko protestak edo Poliziei buruzko Legearen ondoriozkoak edo suhiltzaileen kupula osoaren dimisioa.


Osasunean, NUKeko langileekin zegoen hitzarmena eten izana aipatu du, itxarote-zerrendek jarraitu egiten dutela eta Tuterako ospitaleko dimisioak ere bai. Hezkuntzan PAI programaren geraldia aipatu du, eta esan du atzerakada hori "larrutik ordaindu" beharko dela.


Beltránek "obsesioa" ikusi du eraikin ofizialetan ikurriña jartzeko edo euskara "inposatzeko"; izan ere, Euskararen Legeak 30 urtean lortu duen bakarra izan da biztanleriaren % 11,6k baino ez hitz egitea hizkuntza hori.


Herritarrekiko Harremanetako departamentuarekin ere oso kritiko aritu da: "Interes handia du hobiak ireki eta biktima batzuk bakarrik omentzeko, ETAren biktimak baztertuz, Nafarroako Gobernuak urtebete eta hiru hilabetean omenaldi bat bera ere antolatzen ez baitie utzi".


Gogor aritu da ezker abertzaleak Gobernuaren erabakietan duen pisua aipatzean ere. Haren esanetan, argi geratzen da "15 hilabete hauetan Bilduren diktadurak irabazi duela, eta zuk, lehendakari horrek, baietz esan diezu".


"Ez dakizu agintzen eta porrotera garamatzazu", aurpegiratu dio Beltránek. Seguru dago Barkos "euskaldun izan nahi dutenentzat eta bere bazkideentzat" gobernatzen ari dela.

 

Geroa Bai edo “denon Gobernua”


Koldo Martínezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) Foru Gobernuaren kudeaketa defendatu du, "denon" Gobernuarena, eta oposizioa salatu du esanez "baloia kendutakoan haserretzen diren haurren jokabidea" dutela. Horregatik eskatu die "batzen hasteko" eta "indarrez, baina argudioekin kritikatzeko".


Martínez oso kritiko agertu da oposizioaren jarrerarekin, jarrera hori ez baita "politikak eskaini behar diona gizarteari. Politikan eraginkorrak izateko, gauzei begiratzeko beste modu bat proposatzen dugu, lehenik zarata alde batera utzi behar da eta heldutasunetik eztabaidatu", planteatu du.


Ildo horretan, oposizioko bozeramaleen diskurtsoak kritikatu ditu: "Orain arte egin dutena egiten jarraitu dute, zarata atera, nafar on eta gaiztoen arteko kontakizunekin. Zarata hori ez da azken 80 urtean eliteetatik hedatuz joan den kontakizunaren oihartzuna baino. Zarata horren xedea da ikusten, entzuten eta hitz egiten ez uztea".


Koldo Martínezek azpimarratu du "aldaketaren" Gobernuak 15 hilabete bete dituela. "Denbora luzea edo laburra izan daiteke, laburra egiturazko aldaketa handietarako, baina luzea aldaketa ahalbidetu zuten borondateen batura irentsi ezinda daudenentzako. Gaztatxoen Nafarroatik denon Nafarroara igaro da".


"Gobernu honek lehentasun eta jarrera politikoak aldatu ditu", aldarrikatu du Geroa Baiko eledunak, eta nabarmendu du "alde handia" dagoela "UPN eta PPren lehentasunen eta Gobernu honen lehentasunen artean". Zentzu horretan, kritikatu egin du aurreko Foru Gobernuak "CAN likidatu zuela, foru estatusa arriskuan jarri zuela Volkswagenen BEZarekin eta zorpetzeko genuen gaitasuna agortu zuela, obra faraonikoak sustatuz."


"Normala iruditzen zaizue Nafarroak bi hizkuntza izan eta horietako baten erabilera, sarbidea eta garapena mugatzeko legeak egin dituen erkidego bakarra izatea? Normala iruditzen zaizue EITB galarazteko ahalegina edo Euskalerria Irratia normal entzutea galaraztekoa? Normala Errioxa eta Aragoirekin hitzarmenak izan eta EAErekin ez izatea?", galdetu du.


Martínezek ziurtatu du Uxue Barkos buru duen Gobernuak "inoiz ez lukeela horrela jokatuko" eta baieztatu du "Gobernu hau egiten ari dena" dela normala. "Nafarroa ez da erotu, baizik eta azkenean, gure historian lehenbiziko aldiz, Nafarroako gehiengo soziala Gobernuan ordezkatuta dago".


Era berean, ukatu egin du Gobernua "sektarioa eta baztertzailea" dela, oposizioak dioen bezala, eta adierazi du Gobernuaren nahia dela "biztanle bat bera ere baztertuta ez sentitzea nortasunari, ekonomiari, enpresei, sindikatuei edo elkartzeari dagokienez. "Beste begirada bat proposatzen dugu, beste lehentasun eta jarrera batzuekin, orain arte erregimenaren indarrek mantendu dituztenak ez bezalakoak", esan du.


Bestalde, Koldo Martínezek aitortu du batzuen iritziz "aldaketa mantso doala", baina azpimarratu du "kudeatzaile politiko eta ekonomikoak hain suminduta egoteak bide txarretik ez goazela" esan nahi duela.


Amaitzeko, Geroa Baiko eledunak Foru Gobernuari eskatu dio "horrela jarraitzeko, aldaketaren Gobernu hau izan dadin denon eta denontzako lehenengo Nafarroako Gobernua".

EH Bilduk “beldurra kentzeko” eskatu du


Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) Nafarroako Gobernuari eta bertako alderdiei esan die beldurra kentzeko, "ausardiaz" aurrera egin eta aldaketa sendotze aldera.


Aldaketa politikoa herritarren "askatasun eta justizia nahiaren" fruitua dela esan ondoren, Araizek adierazi du prozesua "pixkanakakoa" dela, "epe luzekoa", eta "kontraesanak eta tentsioak" egon daitezkeela, baina "norabide berean" lan eginez.


Eta aldaketa "ausart eta beldurrik gabea" eskatu du, eta aldi berean "hausnarkorra eta burutsua", aurrera egiten jarraitu ahal izateko "urtebetez oinarriak jarri eta politika atzerakoiak gainditzen" aritu ondoren.


Erronka horretan EH Bildu adostasunerako irekita dago, eledunak esan duenez, lau alderdiek sinatutako akordio programatikoan dauden gaietan.


"Bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustu argia egin dugu", adierazi du Araizek, immobilisten "txipiroi tintaren estrategia" kritikatu du eta "zintzotasuna" eskatu du "iraganaren irakurketa desberdinak" etorkizunerako oztopo izan ez daitezen.


Horregatik ohartarazi du "kritika eta autokritika beharrezkoak" izanen direla iraganeko "indarkeriei" heltzean, "ETArenari eta guztienei, baita Estatuarenari ere".


Adolfo Araizek bere taldearen legezkotasuna defendatu du "betoen" aurrean, UPNren politika "doilorra" arbuiatu du, PSNren "babesa" jaso duena, eta "irabazkin politikoen" bila dabilela esan die Altsasun gertatuekin eta antzekoekin.


Jarrera horiek gaitzetsi ditu eta herritarrei ilusioa itzuliko dien politiken alde egin du, gizarte zibilaren alde, bera baita aldaketaren protagonista, eta "erregimena gainditzearen" alde, "demokratikoago batek" ordezkatu dezan.


Horrekin batera, Araizek esan du EH Bilduren iritziz beharrezkoa dela Nafarroako gizartearen "kezkak" kontuan izatea, aldaketak "energia eta kemena" galdu ez dezan.


"Argi-ilunak daude eta ezin dugu bertan goxo egin". Izan ere "bestelako Nafarroa bat eraikitzea" da xedea, eta hori lortzeko erresistentziak sortu behar dira "erregimenaren kontraerasoaren aurrean".


"Presarik gabe, baina etengabe". Hori da, Araizen esanetan, EH Bilduk eskatzen duen erritmoa "beldurrik eta konplexurik gabeko" aldaketarako, "aldaketa hegemonikoa izan dadin politikako eta gizarteko alor guztietan" eta "ezin itzulizkoa izan dadin".


Prozesu horren ardatza, Araizen ustez, akordio programatikoa da, eta 2017. urtea funtsezkoa izan behar da hor sakontzeko. Estatuarekin negoziatu beharreko Hitzarmen Ekonomikoa ere hor dago, eta seguru dago Legebiltzarreko taldeak "maila egokian" egonen direla murrizketa garaietako karga orokorren ondorioz Nafarroa "gehiegi ordaintzen" ari den horren aurrean.


Baina aldaketak "erregimeneko egituraren oinarriak ere ukitu behar ditu, elkarbizitza berria eraiki, nafarrek inoiz ezin izan baitute eztabaidatu eliteen artean adostutako hobekuntza".


Araizek "askatasun" hori bera eskatu du tokiko erakundeentzat ere, horiek beren ikurrei buruz erabakitzerakoan, eta Foru Legebiltzarrarentzat ere bai, horren legeei etengabe Konstituzio Auzitegian errekurtsoak jartzen ari baitira.


Amaitzeko, EH Bilduko eledunak esan du "aniztasunaren aldeko apustua" egin nahi duela, "aberastasuna baita" eta "erregimen zaharraren eraginak alde batera utzi beharra" dagoela, eta "desberdinen arteko elkarlana sustatu" erakunde, alderdi eta herritarren artean.

 

Podemos-Ahal Duguk nabarmendu du "motel bada ere, lorpenak" egin direla

Laura Pérezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) adierazi duenez, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarren "ahalegin eta eskuzabaltasunari esker lorpen handiak egin dira" legegintzaldi honetan zehar, nahiz eta onartu duen "batzuetan epeak nahi genukeena baino motelagoak" izan direla.


Laura Pérezek azaldu duenez, "zaila da urte bakar batean aurreko gobernuaren murrizketei buelta ematea; are gehiago diru-kutxa publikoak agortuta utzi dituztenean, komunitatearen garapena oztopatzen duen zorrarekin batera".


"2016. urtea gizarte larrialdiei aurre egiteko neurrien urtea izan bada, 2017. urtea UPNren politikei buelta emateko urtea izan beharko da”, gaineratu du Podemos-Ahal Duguren eledunak.


Zentzu horretan azaldu du, lege-garapena prestatu dutela etxebizitza, bermatutako errenta, babestutako enplegua edo pobrezia energetikoa bezalako gaietan eta "herritarrek 2017an zehar nabaritu" behar luketela hori.


Gainera, Laura Pérezek azpimarratu du beharrezkoa dela "bermatutako errentaren aurrekontu-partida babestea, plan estrategikoa duten gizarte-erakundeei finantzaketa egonkorra ematea eta familia behartsuei etxebizitzak alokatzeko emandako diru-laguntzak egonkortzea".


Hezkuntzari dagokionez, adierazi du "harro" dagoela "azkenean ikasle guztiei D ereduan ikasteko aukera bermatu zaielako, urte askoren ondoren lan eskaintza publikoa egin delako, hezkuntza publikoaren azpiegituren diagnostikoa egin delako eta ratioak txikitzeko neurriak hartu direlako".

Hala ere, "oraindik egiteko asko dago 2010 aurretik zeuden mailetara iristeko eta, beraz, sindikatuekin hezkuntzarako akordioa egitea bultzatuko dugu", gaineratu du.


Osasunaren arloan, "sistema publikoa indartzeko" eskatu du, bai eta bestelako neurriak hartzeko ere; hala nola, sexu- eta ugalketa-osasunerako dekretua martxan jartzea, osasuneko koordainketa deuseztatzea edo lan eskaintza publikoa sustatzea.


Laura Pérezek argudiatu du "Podemos-Ahal Dugu ezinbesteko indarra" izan dela gobernu aldaketan, nahiz eta hasieran alderdi moreari "mesfidantzaz begiratzen zioten".


Hori esandakoan, Alderdi Sozialista kritikatzeko beta hartu du, Mariano Rajoyren inbestiduran abstenitu eginen delako. Adierazi du "Nafarroan 2015ean hasi zen aldaketaren bidean Rajoyk agindu dituen murrizketak oztopo" izanen direla.


Laura Pérezen esanetan, "Nafarroako hiruko gobernua —UPN, PSN eta PPN— azken batean gauza bera izan zen eta horrek eragin zuen gure izaera, erantzukizunez jokatzen duen gobernu bat sostengatzera eraman gintuen eta subiranotasuna herriari itzultzeko eginbeharra harrotasunez betetzen dugu ordutik".


Hala, Podemos-Ahal Duguren bozeramaleak adierazi du bere alderdiak "lanean jarraituko duela, aldaketa izenen trukaketa baino gehiago izan dadin eta gizarteak behar dituen aldaketa sakonak ekar ditzan, ausardiaz eta irribarrea sekula galdu gabe". Ziur dago "Nafarroa erregimeneko alderdien bukaeran aitzindari" izanen dela, eta "bukaera hori berandu baino lehen Espainiara eta Europara ere" iritsiko dela uste du.


Gainera, Laura Pérezek ohartarazi du Podemos-Ahal Duguri ez zaizkiola gustatzen "inora ez doazen eztabaidak, gauzatzen ez diren txostenak, ezartzen ez diren legeak eta ukatzen zaigun informazioa. Beraz, gure eginbeharra da hori guztia salatzea, erakundeek funtziona dezaten nahi dugulako". Jarraian "herritarren parte-hartzeko eskubidea" aldarrikatu du.


Bestalde, Podemos-Ahal Duguren eledunak hau azaldu du: “Batzuek gu banatzeko asmoz identitate-fronteetara jotzen jarraitzen badute ere, guk komunitate honetako jendea adiskidetzeko bidean lanean jarraituko dugu, bere aniztasunaz eta idiosinkrasiaz harro dagoen komunitatea garelako".


"Ez dugu ezberdin pentsatzen zuena kriminalizatzen zuen iragan horretara itzuli nahi", gaineratu du, eta goraipatu du "ezberdinen artean lortutako akordioa, UPNren gobernuari eta gobernu horrek terrorismoa aitzakiatzat hartuta euskaldun sentitzen ziren herritarren aurka ezarritako apartheid ari amaiera eman diena".

 

I-E, "arlo sozialarekiko leialtasuna eta konpromisoa"

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) bere koalizioak "arlo soziala lehentasun gisa daukan" aldaketa politikoarekin duen "konpromisoa eta leialtasuna" nabarmendu du.


Nuinek adierazi duenez, 24 urtez ia etenik gabe UPNk gidatutako gobernuen aroa bukaraztea ekarri zuen aldaketatik 15 hilabete igaro direnean, gizarteak hautestontzietan "legitimotzat" jo duen aldaketa bati buruz hitz egin dezakegu, Parlamentuan gehiengo absolutua duten "alde desberdinen arteko" akordioaren bidez lortutako aldaketa bati buruz, alegia.


"Gure ustez, ez dago besteak baino hobea den identitate nazionalik; denek merezi dute errespetua, eta denek izan behar dute askatasunez adierazi eta garatzeko aukera" azaldu du I-Eko eledunak; koalizioarentzat aldaketaren helburua politika kontserbadoreen ordez ezkerreko beste politika batzuk aplikatzea dela gaineratu du.


Nuinek gogorarazi duen "lan agenda bizi eta luzearen" parte dira zerbitzu publikoak, gizarte eskubideak, fiskalitate progresiboa, ekonomia berritzailea, "austerizidaren" alternatiba izanen den aurrekontu politika, enplegua edota iraunkortasuna; orain arte egindako lanari dagokionez, "balorazio positiboa" egin du.


Hala, "justizia sozialeko" irizpideak dituen erreforma fiskala babestu du, "agenda sozialean" aurrera egin ahal izateko "zerga-bilketa areagotzea lortu duena". Horren haritik, 2016ko aurrekontua gai sozialetan bereziki areagotu zela nabarmendu du, 2017an gertatuko den bezalaxe.


Halaber, gaineratu duenez, "inbertsio publikoak behera egin ondoren, datorren urtean zifra garrantzitsuekin hasiko da berreskuratzen, kasu batzuetan % 33tik gorako gehikuntzekin".


Nuinek, bidenabar, Enplegu Plana ere aipatu du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko funtsetan % 15 hazi dena eta deialdi ireki bidezko hitzarmen nominatibo ugari ordezkatu dituena.


Ildo beretik, Bermatutako Errenta berria, etxebizitza sozialen aurrekontuak % 22 gora egin izana eta Toki Inbertsioen Plana ere aztertu ditu; halaber, PPren araudiarekin bat etorriz "legez posible den plaza kopuru handiena" ateratzen duten lan eskaintza publikoak ere hizpide izan ditu, eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko "nahikoa" ez direla aipatu du.


"Itxaron zerrendek hobera egin dute, baina zifrak oraindik ere onartezinak dira", eta, horregatik, giza baliabide eta baliabide material gehiago eskatu du, eta lan arloko eskubideen murrizketak bukarazi eta enplegua sortzeko esku hartzeko eskatu du; horren haritik, PSOEk Rajoy berriz aukeratzea ahalbidetu izana "tragikotzat" jo du.


I-Erentzat, genero intolerantziaren aurkako borroka eta berdintasuna "akordio programatikoaren konpromiso tinkoetako bat da, Memoria Historikoari buruzko Legea betetzea bezala".


Halaber, Nuinek elkarbizitza eta gizarte adiskidetua defendatu ditu, baita "ETAri baldintzarik gabe desarmatzeko eskatzea ere", akordio programatikoan jaso bezala; ohartarazi duenez, "arlo horretan inork ez du gurekin konfrontaziorik izanen".


Horrez gain, euskara Nafarroako errealitate soziolinguistikoari eta herritarren borondateri erantzuteko moduan tratatzeko eskatu du.


"Balantze globalak ez du ezkutatzen oraindik lan asko dagoela egiteke, ezta lau taldeen artean batzuetan izandako desadostasunak ere" aitortu du José Miguel Nuinek; Nafarroan banku publiko bat sortzea eta PAI programa ere aipatu ditu.


"Eta denok elkar baloratzen dugunez, komenigarria da, halaber, gertatzear zegoen hondamendiari buruzko aurreikuspen batzuk gogoratzea". Nabarmendu duenez, "gaur egun Nafarroak Nafarroa izaten jarraitzen du", "ez du independentzia eskatu eta enpresek eta zergadunek ez dute ospa egin", baina, hori bai, Hitzarmen Ekonomikoa Estatuarekin negoziatzeari ekin beharra dago.

 

Barkosek "proposamenik gabeko kritikak" deitoratu ditu bere erantzunean


Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek deitoratu egin ditu Nafarroako egoeraz eman duen azalpen baikorrari oposizioak egindako kritikak. "Gustatu ala ez, Nafarroa badoa aurrera", erantsi du, eta UPNri eta PPri aurpegiratu die bere lorpenak arbuiatzea ezer proposatu gabe; horrek, lehendakariaren ustez, PSNrengandik bereizten ditu beren kalterako.


Alderdiei erantzutean, lehendakariak "inkriminatzaile"tzat kalifikatu ditu erregionalistek eta popularrek erabilitako hitzak. María Chivite sozialistaren hitzaldiari "proposatzaileagoa" iritzi dio.


Lehenbizikoei dagokienez, Barkosek faltan sumatu du UPNk "lerro erdirik ere bota ez izana defendatzen dituen politikak azaltzeko". Bien bitartean "ez dakigu zer egin duen UPNk aurten; oposizioaren rolean berriz kokatu, nik uste. Ez dakigu zer positiborik proposatzen duten Nafarroarentzat".


Hala, lehendakariak esan du UPNko buruzagi Javier Esparzak "inolako daturik eman gabe hitzaldi guztiz mingarria" egin duela, nahiz eta Gizarte Segurantzako afiliazioa hazi egin den, "kontu publikoen eta gastuaren kudeaketa" hobetu edota Nafarroara enpresak erakarri diren (Vectiarekiko akordioa aipatu du, enpresa hori Nafarroan kokatuko baita Sodenak 6 milioi inbertitu ondoren).


PPNri dagokionez, lehendakariaren ustez "arduragabekeria" izan da Ana Beltránek esatea Nafarroan "elkarbizitza apurtzen" ari dela, kontuan izanik "gaur egun aitortuta dauden terrorismoaren 45 biktimetatik Gobernu honek 150 bilera egin dituela 40rekin", inoiz aipatu ez badu ere, konfidentzialtasuna zaindu beharrez.


"Gobernuaren ekintzak argi erakusten du lanerako gogoa duela, egitateen eta errealitateen bitartez", eta horietako batzuek, Barkosen iritziz, indarrik gabe uzten dituzte enpresen konfiantza galera dela-eta popularrek egindako kritikak.


PSNren kasuan, Barkosek "kritika zorrotza, baina proposatzailea" sumatu duela aitortu du. Hala ere, ukatu egin du PSNk Gobernuari egotzitako "ekintzarik eza". Gogora ekarri ditu Gobernuaren hainbat ekimen, tartean I+G+Bko deialdiak, ekintzaileen planak, Energia Plana eta Enplegu Plana.


Gainerako taldeei, hots, Gobernua babesten duen laukoa osatzen duten taldeei (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E), eskerrak eman dizkie "lanean arduratsu eta zintzo aritzeagatik", sortu izan zaizkien "desadostasunen aitorpenean oinarriturik". Desadostasun horiek "ez digute eragotzi gure erantzukizun nagusiari aurre egitea", hau da, "Nafarroako gizarte osoarekiko konpromisoari" eustea.


Desadostasun horien artean, berariaz aipatu ditu Kulturako aurrekontu urriagatik Podemos-Ahal Duguk azaldutako kexak. Barkosek aitortu egin ditu, baina aurrekontu gabeziei egotzi die.


EH Bilduri ohartarazi dio Gobernuak "inolako konplexurik gabe" jardun duela pribatizazioetan atzera egiteko eskakizunari dagokionez, nahiz eta, "agian, ikusmolde desberdinak izan ditugun helburu estrategiko bera lortzeko bidean".


"Datuak eskuan, Gobernu honek guztientzat jardun du lanean, eta horretan jarraituko du", esan du Barkosek amaitzeko.