Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 10

Komunitatearen egoerari buruzko osoko bilkurak gaur jarraitu du, 24 erabaki-proposamen eztabaidatu eta bozkatuta

Bat etorri dira ongizate estatuaren defentsan, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzera bideratutako zerga parametro berrietatik eta halaber autogobernutik abiaturik

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak ostiral honetan jarraitu du (09:15),  erregistratutako 24 erabaki-proposamenak eztabaidatu eta bozkatuta. Horietatik hiru, pluraltasun politikoari, trantsizio ekonomiko eta digitalari eta osasunari buruzkoak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk  adostu dituzte. I-Ek osasunarekin zerikusia duena bakarrik sinatu du, eta Podemos-Ahal Dugu bigarrenetik desmarkatu da.

 

Erabaki-proposamenak (sigla bakoitzeko bost) eztabaidatzeko hurrenkera mintzaldiena bera izanen da, hau da, handienetik txikienera, lehendabizi oposizioaren proposamen multzoa eta gero Gobernua sostengatzen duten taldeena.

 

Talde parlamentario bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu, eta horretarako 10 minutu izanen ditu, gehienez. Gero aldeko edo kontrako mintzaldien txanda hasiko da, eta beste txanda bat erantzuteko (biak ere 5 minutukoak). Hor ere talde eta elkarteek eztabaidan izandako hurrenkera berari eutsiko diote. Ondoren bozkatu eginen da. Prozesu bera sei aldiz errepikatuko da, behin talde edo parlamentari elkarte bakoitzeko.

 

María Chiviteren Gobernuaren oinarri den Akordioa sinatu zuten taldeek hiru proposamen adostu dituzte (I-Ek bat bakarrik). Lehenengoak apustu egiten du Nafarroaren “aniztasuna” islatuko duen gobernu “aurrerakoi, sozial eta feminista” bat eratzearen alde. Guztia, “erronka global handiei” aurre egiteko, zerga eredu “progresibo eta birbanatzaile” baten eskutik, zeinak bermatu behar baitu “ongizatearen sistema indartzeko aski baliabide publiko izatea”.

 

PSNk eta Geroa Baik sinaturiko bigarren proposamena –Podemos-Ahal Duguk partzialki jaso du bere kontura– planteatzen du “ekonomia zirkularreranzko trantsizioa” antolatzea, horrela, nekazaritza ekologikoa, abereen ongizatea eta elikadura-burujabetza sustatuz, “ingurumen jasangarritasuna eta ongizate estatuaren iraupena eta hobekuntza” lortzen saiatzeko. Esparru horretan, premiatzen da “karbonogabetzeko pizgarriak ematera, energia berriztagarrien ekoizpena, hidrogenoa bezalako energia alternatiboen biltegiratzea eta mugikortasun jasangarriaren sustapena direla medio". Eta "2030 Estrategia Digitalari eustera, IKTak erabiltzeko green estrategia bat prestatzera eta eraikin publikoen energia-efizientzia hobetzeko biki digitala sortzera". Gainera, dei egiten da “despopulazioaren aurka borrokatzeko, landa inguruneetako digitalizazioaren (banda zabala) eta berrikuntzaren alde apustu eginda”.

 

PSNk, Geroa Baik  eta Podemos-Ahal Duguk, oraingoan I-Erekin batera, adostu duten hirugarren proposamenak zerikusia du Osasunari buruzko Foru Lege berria egitera bideratutako lanen hasierarekin. Lege horrek bide eman behar dio “arreta eredu berri bati; giza eta diru baliabideen birbanaketatik abiatuta, eredu horrek oinarrizko osasun laguntza izanen du ardatz, fokua osasun mentalean jarriko du, eremu soziosanitarioa garatu eta hobetuko du (etxeko laguntza eta telelaguntza) eta itxarote zerrenden arazoari helduko dio. Gainera, "plantillak egonkortzea eta osasun arloko lanbide karrera guztiak aitortzea" aurreikusten da.

 

PSNk erregistratutako erabaki-proposamenek (bi dira) despopulazioaren eta erronka demografikoaren aurkako borroka aldezten dute, “hiriaren eta landaren artean dagoen arrakala ixteko”, besteak beste. Testuinguru horretan aldezten da Erronka Demografikoari buruzko Legearen onespena sustatzea, toki eremuan berdintasun politika publikoak indartzen eta koordinatzen jarraitzea, hiri arteko garraioa eta garraio txartel bakarra garatzea, eta etxebizitza publiko gehiago izateko politikak garatzea, etxebizitzak zaharberrituz eta alokatzeko edo erosteko etxebizitzak eraikiz.

 

Beste alde batetik, deia egiten da Foruaren Hobekuntzak indarrean lau hamarkada egin dituela ospatzeko, “funtsezko tresna baita gure Foru Komunitatearen garapenerako”, eta apustu egiten da lanean jarraitzearen alde “nafarrentzat ongizate maila hobeak ekarriko dituzten akordio ahalik eta zabalenak lortzeko”. Ildo beretik, premiatzen da “gure autogobernuaren egikaritzan sakontzen jarraitzera, Foruen Hobekuntzan eta Konstituzioan aitortutako transferentzia gauzatu gabeak behingoz gauza daitezen”.

 

Geroa Baik aurkeztutako erabaki-proposamenetan (bi dira) eskatzen da Foruen Hobekuntza erreformatzeko prozesu bat has dadila, herritarrek parte hartuta, Nafarroaren estatus politikoa eguneratzeko, eskumen gehiago jasotzeko eta eskubide sozialen aitorpenean aurrera egiteko. Estatuak transferitu ez dituen eskumenak negoziatzeko ere eskatzen da, eta beharrezkotzat jotzen da Nafarroaren eta Estatuaren arteko etorkizuneko harremanak benetan izatea aldebikoak.

 

Energia-trantsizioaren arloan, Nafarroako Energia Trantsiziorako Agentzia sozietate publikoa sortzea proposatzen da, helburu hauetarako, besteak beste: Nafarroako Energia Plana erabat beteko dela bermatzea, energia berriztagarria ekoizteko sistemen ezarpena sustatzea eta haiek kudeatzea, energiaren arloan Foru Komunitatearentzat aitzindari edo estrategikoak diren proiektuen garapena sustatzea, eta energia aurrezpena eta efizientzia eta energiaren kudeaketa adimenduna bultzatzeko jarduketak egitea.

 

Podemos-Ahal Duguren hiru erabaki-proposamenek apustu egiten dute “gizonen eta emakumeen arteko berdintasun egiazko eta eraginkorrerako politika eta ekintzen aldeko bultzada sendotzeko; horretarako beharrezkoa da, beste gauza batzuen artean, emakume landatar eta nekazarien ahalmena areagotzea, bai eta aurrekontua handitzea ere 14/2015, 8/2017 eta 17/2019 foru legeak garatu ahal izateko (hurrenez hurren, genero indarkeriaren kontrakoa eta LGTBI pertsonen eta gizon eta emakumeen berdintasun sozialaren aldekoak).

 

Ingurune horretan, deia egiten da emakumeek erakunde politikoetan, sindikatuetan eta elkarte sarean parte har dezaten sustatzeko. Eta toki entitateei dagokienez, eskatzen da batzorde bat sor dadila berdintasunari dagokion guztia Foru Administrazioarekin koordinatzeko. Gainera, Gobernuari eskatzen zaio finantzatu eta erraztu egin dezala Kontziliazioaren aldeko Toki Itunen Programatik Zainketen aldeko Toki Itunen Programarako urratsa.

 

Memoria historikoa dela eta, Foru Gobernua premiatzen da “erregimen frankistari laguntza edo babesa ematearen truke lortutako aipamen, errekonozimendu edo onura guztiei egin behar zaien berrikuspena bultza dezan”. Eta Memoria Historikoari buruzko Legeari helduta “Erorien Monumentua katalogotik kentzea” susta dezan, babestutako obeliskoa baita.

 

Azkenik, klima aldaketa dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “biki digitala ezar dezala eraikin publikoetan, energia-efizientziaren hobekuntzaren eredu izan daitezen”.

 

Izquierda-Ezkerraren erabaki-proposamenei dagokienez (lau dira), talde horrek eskatzen du zerga erreformaren proiektu bat egin dadila Parlamentuan eztabaidatu eta bozkatzeko, oinarri hartuta “sozietateen gaineko zergaren aldaketa, egungo tributazio oso urria zuzenduko duena”.

 

Horrez gain, “finantza-zerbitzuetarako sarbidea demokratizatu eta gure komunitatearen garapen ekonomikoaren finantzaketan esku hartuko duen banka publiko bat sortzea” aldezten da.

 

Beste alde batetik, eta “legegintzaldiko akordioa betez”, I-Ek Nafarroako Gobernua premiatzen du “bultzada sendoa eman diezaion irakaskuntza publikoaren garapenari, Foru Komunitateko eskaintzaren hazkundea eta ikastetxe sarearen indartzea sustatuz, kalitatezko hezkuntza gizarteratzailearen berme gisa”.

 

Horretarako, hezkuntza eskaintza publikoa eskatzen du Haur Hezkuntzako lehen ziklorako, hezkuntza eskaintza publiko handiagoa unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako, azpiegitura publikoen hornidura, ikasleen bizikidetzarako hezkuntza inguruneak sustatu eta ezartzeko plan bat, eta lan eskaintza eta hautaproben egutegia lau urterako, behin-behinekotasuna murrizte aldera. Azkenik, I-Ek deia egiten du “erreferendum baten deialdia babesteko, herritarrek erabaki dezaten zer nahi duten, monarkia ala errepublika”.

 

Navarra Sumak aurkeztutako erabaki-proposamenek (bost dira) zerga neurriak hartu behar direla diote; hain zuzen ere, “erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko, funtsean errenta ertain eta txikietan”, PFEZaren eta beste zerga parametro batzuen deflaktazio progresiboa eskatzen dute, “azken bi urtean metatutako azpiko inflazioaren tasaren parekoa, gutxienez ere”.

 

Osasunaren eta, hedaduraz, zerbitzu publikoen alorretan, aurrez aurreko arreta berreskuratzeko eskatzen da (pertsonen borondatea errespetatuz arreta ereduari dagokionez), eta zentzuzko itxaronaldiak bermatzeko, are gehiago “adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen eta nahasmendu mental larria dutenen itxarote zerrenda sanitarioetan”.

 

Esandakoaren haritik eta  osasun sistemari begira, Nafarroako osasun arloko profesionalen oinarrizko soldata eta lan baldintzak gehien ordaintzen duen autonomia erkidegokoekin parekatzeko eskatzen da. Gainera, medikuek duten esklusibotasun-osagarria kentzea proposatzen da, baita lanbide karreraren berrikuspena ere; azken hori, erizaintzako laguntzaileen eta osasun teknikarien kasuan, berehala garatu beharrekoa da.

 

Betetzeko zailak diren osasun lanpostuetarako pizgarriak emateko sistema bat ere proposatzen da, eta egungo produktibitate ereduaren ordez pizgarri sistema ezar dadila, emaitzetan eta osasun arloko balio-sorreran oinarritua.

 

Etxebizitzaren arloan, eskatzen da bizkortu egin daitezela “onetsita edo tramitazioan dauden hirigintza planeamendu guztien garapena eta exekuzioa, etxebizitza babestuetarako lurzoru erabilgarria izateko". Horretarako eskatzen da denbora-plangintza egin dadila erakundeekiko, toki entitateekiko eta sektore pribatuarekiko hitzarmen guztietarako, etxebizitza babestuen sustapenari eta eraikuntzari ekiteko, aipamen berezia eginez gazteentzat direnei.

 

Izapideak arintzeko eta haien epeak laburtzeko ere eskatzen da, horrela, burokrazia arinduta, errazagoa izan dadin zaharberritze proiektuak ahalbidetzeko neurriak martxan jartzea eta "gizartearen premietara eta egungo bizimoduetara" egokitzeko gauza izanen den eskaintza eratzea.

 

Beste alde batetik, 2023ko Kontuetan aurrekontu-partida bat eslei dadila eskatzen da, Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legean xedatutakoa betez Jardunaldi, ordutegi eta ordainsarien Erregelamendua onetsi ahal izan dadin lau hilabeteko epea iragan baino lehen. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen da berehala egin ditzan aipatu araua garatu behar duten gainerako erregelamenduak.

 

EH Bilduk aurkeztu dituen erabaki-proposamenetan (5) premiazkotzat jotzen da “eztabaida politiko eta soziala hastea, Foruen Hobekuntzak 40 urte bete ondoren, erreferenduma egiteko Nafarroaren eta Estatuaren arteko harreman ereduari buruz”.

 

Politika publikoen arloan honako hau proposatzen da: “Presaz eta parte hartuz plan bat egitea Nafarroako osasun publikoaren erronkei aurre egin ahal izateko; izan ere, asko indartu behar dira giza baliabideak (behin-behinekotasuna ezabatuz eta plantillen tamaina biztanleriaren beharretara egokituz) eta Oinarrizko Lehen Laguntza, gehiegizko prekaritatea baitu”.

Eskubide sozialen arloan, hona apustua: “Azterlana egitea pertsonen profil berri batzuk identifikatzeko, inflazioaren eta egoera sozioekonomiko berriaren ondorioz pobrezia jasaten ari direnak edo jasateko arriskuan daudenak, eta, hala, errenta bermatuaren aldaketa planifikatu ahal izateko, beharrizan eta errealitate berriei erantzunez”.

 

Gainera, proposatzen da “apustu egitea 0tik 18 urtera bitarteko kalitatezko hezkuntza eskaintzearen alde, aukera berdintasuna bermatuko duena eta modu egiturazkoan helduko diena eskola segregazioari eta hezkuntza konpentsaziorako beharrezkoak diren neurriei”.

 

Halaber, etxebizitza babestuen alorrean deia egiten da “zaharberritzea eta alokairurako poltsa publikoa bultzatzen jarraitzeko, eta merkatu pribatuan alokairu prezioak modu eraginkorrean mugatzeko beharra defendatzeko”.

 

Beste alde batetik, zainketen aldeko ituna dela eta, hau eskatzen da: “Hartutako konpromisoak gauzatzea; profesionalen lana duintzea; zerbitzu publiko berriak inplementatzea, helburua izanik adineko pertsonak edo/eta mendekotasuna dutenak beren ingurune hurbilenetan atxikitzea Nafarroako zona guztietan; eta zerbitzu publikoen eskaintza handitzea, kasu honetan bestelako etxebizitza ereduak sortuz adinekoentzat edo/eta mendekotasuna dutenentzat, hala nola babespeko apartamentuak, abegi etxeak, etxebizitza publikoak edo cohousing-a”.

 

Ingurumenaren arloan, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du “asmo handiz” jokatzea klima aldaketaren aurka, “trantsizio energetiko planifikatua, ordenatua eta demokratikoa egiteko”. Haien iritziz, horretarako beharrezkoa litzateke 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igortzea Nafarroako Energia Agentzia sortzeko Foru Lege proiektua. Hala, bada, apustu egiten da fiskalitate ekologikoaren alde, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioaren pean, eta erabakiak hartzerakoan gizarteak parte hartzearen alde”.

 

Gainera, EH Bilduk “benetako ekonomia zirkularrera” bideratutako neurriak eskatzen ditu, eta “udalen autonomia errespeta dadila” eta “nekazaritza eredu autonomoago eta sostengarriagoak bila daitezela”.

 

Bizikidetzan aniztasuna eta pertsona guztien eskubideak” errespetatze aldera, “behar adina baliabide” eskatzen dira “berdintasuna sustatu eta indarkeria sexistari, xenofobiari eta arrazakeriari aurre egiteko politiken garapenerako”.

 

Hizkuntzaren arloan, deia egiten da herritar guztien eskubideak errespetatzeko, euskarazko arreta bermatuz administrazio publikoetan (departamentu guztien hizkuntza planak onestea urtea amaitu baino lehen).

 

Halaber, proposatzen da aurrera egitea torturaren eta funtzionario publikoek edo eskuin muturreko taldeek zein parapolizialek eragindako estatu-indarkeriaren biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan, eta, horretarako, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordea aktibatzeko behar diren baliabideak jartzea.

 

Eta, “pentsio txikienak zerga neurrien bidez osatzen” jarraitzearen alde apustu egin ondoren, eskatzen da aintzat har daitezela “gazte nafarrek pairatzen dituzten errealitateak, batez ere etxebizitza, enplegu, hezkuntza, kultura eta aisia alorretakoak, parte hartzeko bideak indartuz”.

 

Eraldaketa sozioekonomikorantz aurrera egiteko, proposatzen da aberastasuna birbanatzea, kalitatezko enplegua sortzera bideratutako politika ekonomiko baten bitartez, ekoizpen sistemaren jasangarritasunari begira.

 

Horretarako, apustu egiten da lana banatzearen alde, lanaldiaren murrizketa orokorra dela medio, eta lanbide arteko gutxieneko soldata Nafarroako batez besteko soldatari egokitzearen alde. Helburu horiek neurri handian jartzen dira “lan harremanen esparru propioa ezartzearen” menpe, “banka publikoaren” aldarrikapena albora utzi gabe.