Konfiantzazko karguetan aritutako funtzionarioentzako ordainsari osagarria kentzen duen Foru Legea onetsi da
Osagarri hori atzeraeraginez ezarri zen 2007an, ehuneko 25etik 10era murriztuta egon zen 2012 eta 2018 bitartean, eta berriz ere osorik dago indarrean iragan urtarrilaren 1etik
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak izendapen libreko konfiantzazko karguetan jardun duten Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioentzako osagarria indargabetzen duen foru legea onetsi du gaur. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak abstentzioa.
EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako legearen xedea da indarrik gabe uztea Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 3. bis artikuluaren 5. apartatua. Hortaz, “foru lege hau indarrean sartzen denetik aitzina, apartatu horretan ezartzen den osagarri pertsonal hori jasotzeari utziko diote osagarria jasotzen ari diren funtzionario guztiek”.
19/1996 Foru Legeak atzeraeraginez ezarritako manu horrek dioenez, Foru Administrazioko eta haren erakunde publikoetako funtzionarioek izendapen libreko konfiantzazko kargu batean bi urtetik gora aritzen badira jarraian edo hiru urtez etenak eginda, osagarri pertsonal bat jasoko dute, dagokion mailako lansarien % 25ekoa.
Osagarri hori —zeina, argudiatzen denez, “ez zegoen jasota Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan”— ehuneko 10era murriztuta egon zen 2012 eta 2018 bitartean, Langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko 13/2012 Foru Legea onetsi ondotik, jaitsiera urtez urte luzatu baitzen, harik eta 27/2018 Foru Legeak berriz ere osagarri osoa ezarri zuen arte (% 25ekoa), 2019ko urtarrilaren 1etik aitzina.
Osagarri hori urtero gaurkotzen da, oinarrizko lansari pertsonalak gaurkotzen diren portzentaje berean, eta behin baizik ez da aplikatzen funtzionarioaren ibilbide profesional osoan.
Legea ez da batzordean eztabaidatu ez delako zuzenketarik aurkeztu, eta NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
-
Foru lege proposamena (9. NPAO, 2019-09-04koa)
Archivos adjuntos
Dictamen PLF Derogación complemento alto cargo libre designación