Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Ekainak 11

Kongresua premiatzen da izapidetzera onar dezan CERMI-Mujeres fundazioak esterilizazio behartuaren biktimen errekonozimenduari buruzko lege-testua

Legebiltzarrak exijitzen du 2005 eta 2016 artean erabaki judizial bidez antzutu ziren mila pertsona baino gehiagori erreparazioa eta behar bezalako kalte-ordaina ematea

Legebiltzarraren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen aldeko botoekin, UPN eta Talde Mistoaren abstentzioekin eta PPNren eta atxiki gabearen aurkako botoekin. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Diputatuen Kongresua premiatzen du “izapidetzera onar dezan CERMI-Mujeres Fundazioak taxututako honako lege-testu hau: “Desgaitasuna dela-eta judizialki ezgaitutako esterilizazio behartu edo baimendu gabeko biktimen errekonozimenduari, erreparazioari eta kalte-ordainari buruzko lege-proposamen/proiektuaren testua”.

 

Zioen azalpenean, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek nabarmendu dute "lege-aurrerapen handia" izan zela desgaitasuna duten pertsonen esterilizazio behartua edo baimendu gabea delitu gisa tipifikatzea ekarri zuena; izan ere, Espainiako Estatuko legeriak praktika hori baimendu zuen 2020ra arte, eta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, 2005 eta 2016 artean, desgaitasuna zuten mila pertsona baino gehiago antzutu ziren erabaki judizial bidez.

 

Hala ere, proposamena egin duten taldeek defendatzen dute aurrerapen hori "ez dela nahikoa", eta eskatzen dute CERMI-Mujeres Fundazioak egindako zirriborroa izapidetu dadila, errealitate hori ikusgarri egin dadin biktimen aitorpenaren bidez, eta hura jasan zuten pertsonei erreparazioa eman dakien eta behar bezalako kalte-ordaina eman dakien.