Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 21

Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi da

Aldaketaren bidez zehaztasunak eta hobekuntza teknikoak erantsi dira

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur aho batez.

 

Gobernuak bultzatutako lege hori irakurraldi bakarrean onetsi da, eta xedetzat du zenbait zehaztasun eta hobekuntza tekniko gehitzea; besteak beste, kontratuen formalizazioari buruzko zehaztapenak sartu dira, eta espedientea hasteko ebazpena kendu da lizitazio deialdirik gabeko prozedura negoziatuetan.

 

Kontratuaren formalizazioari dagokionez, apartatu berriak sartu dira 101. artikuluan arlo horretan zegoen hutsune bat betetzeko, jatorrizko testuak hainbat aldiz aipatzen baitzuen kontratuaren formalizazioa, baina ez baitzuen, ordea, berariazko arauketarik xedatzen.

 

Bestalde, lizitazio deialdirik gabe negoziatutako prozeduretan, espedienteari hasiera emateko ebazpena kentzen da, karga administratibo bat delako eta, prozeduraren izaera ikusita, ez duelako baliorik eransten eta ez dituelako lizitatzaileen interesak eta eskubideak ukitzen.

 

Bestetik, jada ez da jendaurrekoa izanen eskaintzak baloratzean formula bidez zenbatesten ahal diren irizpideak irekitzeko ekitaldia, zeren 2018ko urriaren 18az geroztik modu elektronikoan lizitatu beharra dago Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataformaren bitartez.

 

Plataforma horrek bermatzen du eskaintzak sekretupean daudela harik eta formula bidez zenbatetsi ezin diren irizpideen balorazioa bukatu arte, halako moldez non bermatzen baita balorazio hori egiten dutenen independentzia eta, orobat, zuzen aplikatuko direla kontratazio publikoaren printzipioak, batez ere berdintasun-printzipioa. Hala ere, gardentasuna funtsezkoa denez kontratazio publikoaren sistema zuzenago bat lortzeko, informazio horren izaera publikoari eutsi zaio.

 

Aldatu diren gainerako artikuluetan, berriz, akats materialak zuzendu dira, eta azalpen edo zehaztapen teknikoak gehitu.

 

Zehazki, aldaketa batzuek Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren funtzionamenduari eragiten diote.

 

Beste batzuk kontratazioaren arloko erreklamazio bereziaren ingurukoak dira, eta, bereziki, errekerimendua aurkezteko legitimazioa zabaltzen zaie toki-korporazioetan erabakien kontra bozkatu duten kideei.

 

Halaber, garraio zerbitzuen kontzesiorako kontratuak sartzen dira erreklamazioen xede izan daitezkeenen artean. Eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak arautzen dira entitate kontratatzaileari dagokionez.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 7 zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira. Horietatik 6 Geroa Bai eta EH Bilduk sinatu dituzte, eta beste bat, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaritzaren ordainsariei buruzkoa, Izquierda Ezkerrak ere sinatu du.

 

Legeari gehitutako aurreikuspenetako bat espedientea hasteko aukera berri bat da, lehendik badiren aukerei erantsi zaiena, iruzurrak eta interes publikoaren kalteak saihesteko. Hala, “Kontratazio Batzordeak jakiten badu kontratatzeko debekuaren kausaren bat egon litekeela, espedientea hasi ahalko du ofizioz, eta espedientea instruitzeko behar duen laguntza eskatu ahalko die ukitutako entitateei”. Geroa Bai eta EH Bildu taldeen zuzenketa XXXXX onetsi da.

 

Bestalde, Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataformatik (PLENA) kanpo utzi dira lizitazio deialdirik gabe eta lizitatzaile bakarrarekin negoziatzen diren prozedurak, baliabide telematiko horrek eskaintzen duen sekretuaren bermeak ez duelako baliagarritasunik enpresa bakarrak parte hartzen duenean.

 

Gainera, jada 169. artikuluari (Obren exekuzioa) dagokionez, “berme-epea bete arte eraikuntzan ager daitezkeen akats guztien erantzukizuna” egozten zaio kontratistari. Kendu egin da, beraz, “hiru urteko” epearen aipamena. Geroa Bai eta EH Bildu taldeen zuzenketa XXXXX onetsi da.

 

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari dagokionez, lehendakaria eta bi kideak berriz hautatu ezin izatea 2/2018 Foru Legea indarrean jarri ondoren egindako izendapenei aplikatuko zaiela argitzen da. Muga horrek ez die eragiten gaur egun karguan ari direnei, izendatu zituztenean ez zegoelako halako mugarik. Horregatik ez dira aurreikusitako sei urteko epean aritu beren karguetan.

 

Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako agente publikoek egindako kontratuei aplikatu beharreko araubidea dela eta, haien jardueraren berezitasuna kontuan hartuz, 50.000 eurora igo da hornidura- edo zerbitzu-kontratu txikiaren zenbatekoa, betiere kontratazio organoaren zerbitzu orokorretarako eta azpiegituretarako hornidurak edo zerbitzuak ez badira. Ondorioz, hazkundearen eta balio-sorkuntzaren giltzarri den arlo horretan kontratazioa errazteko asmoz, xedapen horretatik kanpo utzi dira finantza-, egitura- edo antolaketa-gastuak eragiten dituzten kontratuak.

 

Azkenik, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaritzaren urteko ordainsariak departamentuetako zuzendaritza nagusiek Nafarroako Aurrekontu Orokorretan finkatzen dituztenak izanen dira.

 

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.