Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Abenduak 1

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen Foru Legea onetsi da

Harremanen jokaleku berria Europako eta Estatuko araudiaren bilakaerari egokitu zaio, azpimarra jarrita administrazioen erantzukizunean eta eskubide sortu berrietan

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen Foru Legea. Testu horrek indartu egiten du arloko eskubideen babesa, harremanen jokalekua Europako eta Estatuko araudiaren bilakaerari egokituta, jurisprudentziarekin bat etorriz eta foru ordenamendu juridikoa berrikusteko egiten ari diren lanen esparruan. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute eta EH Bilduk abstentzioa. Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu.

 

Gobernuak bultzatutako legearen xedea da kontsumitzaile edo erabiltzaileen interesak ahalik ongien “defendatu eta sustatzea”, horrela, Administrazioaren “erantzukizuna” bereziki azpimarratuta, jatorrizko 7/2006 Legearen “balioa eta eraginkortasuna” babestearren, aintzat harturik kontsumo merkatuaren alderdi “teknologikoa”, bai eta “garapen jasangarriaren helburuak (GJH)” ere, besteak beste “kolektibo zaurgarrienen babesari” dagokionez.

 

Hori horrela, eta “kontsumo arduratsua” sustatu nahian –hura “jasangarritasunaren” ikuspegitik aldarrikatzen da, “ingurune hobea lortzeko, sozioekonomikoa nahiz ingurumenari dagokiona”–, apustu egiten da plangintza “estrategiko” baten alde, eta horren plan eragilea Nafarroako Kontsumoaren Kontseiluan eztabaidatu eta ebaluatu beharko da.

 

Estrategia berriaren zutabeei “elkarrekiko informazioaren” kulturak eusten die. Hala, “kolektibo zaurgarrienen babesa” eta “kontsumo arrunt eta orokorreko produktu edo zerbitzuena” areagotze aldera, “arrazionaltasunarekin eta jasangarritasunarekin” bat datozen arauak eta printzipioak aplikatuko dira, kontsumitzaile eta erabiltzaileen “egiazko estatutu” bati bide emanez.

 

Ildo horretatik, informazio bulegoen sorrera eta jarduna sustatzeko eta koordinatzeko zeregina agintzen zaio Nafarroako Gobernuari; laguntza tekniko eta ekonomikoa emanen die, publikoak izan nahiz elkarteen menpekoak.

 

GJHekin bat etorriz foru legean jaso diren eskubide sortu berrien artean, badira elikadura burujabetzarekin lotuak, “ekoizpen eta kontsumo eredu etiko eta jasangarrien” araberakoak, hala nola tokian tokiko produktuak banatzea merkaturatze zirkuitu laburretan, elikagaiak eta oinarrizko baliabideak alferrik galtzearen prebentzioa edota ondasun eta zerbitzu orok izan behar lukeen balio-bizitzaren araberako funtzionalitatearen bermea.

 

Babes juridiko eta administratiborako eskubidearen barruan, nabarmentzen da bezeroentzako arreta zerbitzuen erregulazioa eta kexak, salaketak eta erreklamazioak egin eta tramitatzearena (7/2006 Foru Legean ez zen jaso erregulazio hori). Testuinguru horretan, interpretazioan sor daitezkeen zalantzak edo desadostasunak “kontsumitzaile edo erabiltzaileen alde” ebatziko direla zehazten da.

 

Diskriminaziorik ezaren eta eskuragarritasun unibertsalaren printzipioak ere jaso dira foru legean. Arlo horretan ohartarazten da sarrera ukatzeko eskubidea ongi ikusten diren baldintzen pean erabiliko dela (kartel bat jarrita sarreran), eta baldintza horiek ezin izanen direla “zehaztugabeak, arbitrarioak” edo establezimenduaren izaera eta jarduerarekin kontraesankorrak izan. Hortaz, saihestu beharko dira sexu orientazioak, genero adierazpenak eta sexu identitateak eragindako diskriminazioak, eta produktu edo zerbitzu berdinei ezin izanen zaie arrazoi horiengatik prezio desberdinik jarri.

 

Eskubide horiek babesteko mekanismoak izanen dira, besteak beste, gatazkak auzibidetik kanpo konpontzea (bitartekaritza eta arbitrajea; hor zehazten da sozietate publikoak kontsumoko arbitraje sistemari atxiki beharko zaizkiola nahitaez) eta merkatuaren zaintza, non arautzen baitira, berritasun gisa, laginak hartzea, kontsumitzaileentzako produktuen analisiak eta  kautelazko neurriak hartzeko prozedura.

 

Zehapen ahalmenaren erabilerari dagokionez, arau-hauste mota askoz zabalagoak ezartzen dira, espezifikoagoak eta egokiagoak ondasun eta zerbitzuen kontsumoan gaur egun dagoen errealitaterako, eta egokiro mailakatzen dira, gerta daitezkeen inguruabarren arabera. Nafarroako Gobernuari dagokio isunetarako aurreikusitako zenbatekoak berrikusi eta eguneratzea; horretarako, kontuan hartuko da kontsumoko prezioen indizeen aldaketa.

 

Foru legea ez da aplikatuko indarra hartu aurretik hasitako zehapeneko administrazio prozeduretan, salbu eta ustezko arau-hausleentzat onuragarriagoa denean.

 

Foru legea ez da aplikatuko Nafarroako administrazio publikoen edo sektore publikoko erakundeen eta kontsumitzaile edo erabiltzaileen arteko harremanetan, zerbitzu edo hornidura baten truke kontraprestaziorik ordaindu behar ez denean edo ordaindu behar den kontraprestazioa tributu arlokoa denean.

 

Foru legea garatzeko xedapenak eman bitartean, indarra izaten segituko dute bere arau-esparru materialean sartuta dauden gaien gaineko arauek, foru legearen kontra ez doazen heinean.

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (104. NPAO, 2022-09-23koa)
  • Zuzenketak (130. NPAO, 2022-11-14koa)
  • Irizpena (137. NPAO, 2022-11-28koa)