Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 2

Kontu Irekiei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Demokrazia eraberritzeko neurri gisa sortua, deklaratzen du Foru Administrazioaren saldo guztiak argitaratu behar direla, Gardentasun Atariaren bidez

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Kontu Irekiei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek aurkeztutako foru lege proposamenak deklaratzen du “irekiak eta irisgarriak direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontu guztiak, bai eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluaren esparru subjektiboaren barruan sartzen diren erakunde, agentzia eta entitateen kontu guztiak ere”. Hala, edozein partikularrek bere kontuak kontsultatzen dituen modu eta baldintza beretan kontsultatu ahal izanen dira, eta muga bakarrak Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

Xede hori bete dadin, eragindako erakunde, kontseilu, agentzia eta gainerako entitate guztiek publiko egin beharko dituzte beraiek titularrak direneko kontuak eta kontu horien saldoa.


Argitaratzen diren datu guztiak datu ireki formatuan egonen dira, hau da, behera kargatu, berriz erabili eta berriz banatu ahal izateko moduan. Datuak ulerterrazak izan daitezen, kontuak gaika eta organo titularraren arabera antolatuko dira.


Proposamenak hilabeteko epea ezartzen du, legea onesten denetik hasita, kontu guztiak argitaratzeko, eta hiru hilabeteko epea ezartzen du kontuen laburpenetara eta kontuetako mugimenduetara irispidea izateko.


Kontu Irekiei buruzko Legeak, zioen azalpenean zehazten duenez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen osagarri izan nahi du. Parte-hartze publikoaren sustapenean oinarrituta, helburua du “ustelkeria politikoko eta baliabide publikoen erabilera okerreko” ingurunean “demokrazia eraberritzeko neurri berriak ezartzea”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (59. NPAO, 2016-04-29koa)