Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Azaroak 3

Kontu Irekiei buruzko Foru Legea onetsi da

Demokrazia eraberritzeko neurri gisa sortua, deklaratzen du Foru Administrazioaren saldo guztiak irekiak direla, herritarrek kontsulta ditzaten

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Kontu Irekiei buruzko Foru Legea aho batez onetsi du gaur.

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek aurkeztutako foru lege horrek deklaratzen du “irekiak eta irisgarriak” direla “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta horri lotutako edo horren mendeko erakunde publikoen kontu guztiak, bai eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 2. artikuluaren esparru subjektiboan sartzen diren sozietate publiko, fundazio publiko eta zuzenbide publikoko entitateenak ere”. Hala, edozein partikularrek bere kontuak kontsultatzen dituen modu eta baldintza beretan kontsultatu ahal izanen dira, eta muga bakarrak Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoan edo daturen bat sekretua dela berariaz xedatzen duen beste edozein arautan ezarritakoak izanen dira.

Horretarako, legearen aplikazio-eremuan dagoen entitate eta erakunde orok bere saldo eta kontu guztiak argitaratu beharko ditu Nafarroako Gobernuaren Gardentasun Atarian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarenean (edo horien ordez ezartzen den gunean). Informazioa eguneratu eginen da hiruhileko bakoitzaren azken egunetik hasita 15 eguneko epean. “Xede diren hiletako hileko saldoak azalduko dira zehatz-mehatz egun horretan”.


Argitaratzen diren datu guztiak datu ireki formatuan egonen dira, hau da, behera kargatu, berriz erabili eta berriz banatu ahal izateko moduan. Datuak ulerterrazak izan daitezen, kontuak gaika eta organo titularraren arabera antolatuko dira.


Legeak dioenez, bera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera hiru hilabeteko epea egonen da kontu guztiak publiko egiteko, bai eta kontu bakoitzaren banku-entitatea, kontua irekitzeko baliatu zen identifikazio fiskaleko zenbakia eta saldoa ere, zeina hilero eguneratuko baita, harik eta kontu guztien laburpenak eta mugimenduak kontsultatzen ahal diren arte; horretarako sei hilabeteko beste epe bat ezartzen du legeak.


Departamentu bakoitzeko idazkaritza teknikoen edo gisako organoen eginbeharra izanen da foru legearen manuak betetzen direla egiaztatzea; organo horietako bakoitzak bere kontuak eta mendeko edo lotutako erakundeen kontuak zaindu beharko ditu.


Nafarroako Gardentasun Kontseiluak, arauan ezarritako betebeharrak bete daitezen arduratuko den organoak, “betetze graduari” buruzko atal berezi bat sartu beharko du Parlamentuari eta herritarrei aurkeztu beharreko dokumentazioan.


Azkenik, gardentasunaren sustapenari dagokionez, Foru Komunitateko erakundeek (ez dira multzo horretan sartu toki erakundeak), urtebeteko epean, gardentasunerako neurriak hartu beharko dituzte, legean jasotako printzipio eta aurreikuspenei jarraituz. “Helburua da herritarrek eskura izatea administrazio publiko guztien diru-sarrerei eta gastuei buruzko informazio osoa”.

 

Ildo beretik, legearen printzipioak eta aurreikuspenak (banku-kontuen inguruan) Nafarroako toki erakundeen jarduerari eranste aldera, urtebeteko epean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea Erreformatzeko Lege proiektua aurkeztu beharko du.


Kontu Irekiei buruzko Legeak, zioen azalpenean zehazten duenez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen osagarri izan nahi du. Parte-hartze publikoaren sustapenean oinarrituta, helburua du “ustelkeria politikoko eta baliabide publikoen erabilera okerreko” ingurunean “demokrazia eraberritzeko neurri berriak ezartzea”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proposamena (59. NPAO, 2016-04-29koa)
• Zuzenketak (104. NPAO, 2016-09-13koa)
• Irizpena (124. NPAO, 2016-10-27koa)