Kontuen Ganberak antolatutako ‘Orduko aditzaileak, oraingo auditoreak. Zazpi mendez Nafarroako diru publikoaren kontrola eginez’ erakusketa inauguratu du Nafarroako Parlamentuak
Uztailaren 23ra arte Ganberaren egoitzako atalondoan ikusgai egonen den bildumak hainbat material eta dokumenturen bidez organo ikuskatzailearen historia azaltzen du
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Orduko aditzaileak, oraingo auditoreak. Zazpi mendez Nafarroako diru publikoaren kontrola eginez erakusketa inauguratu du gaur goizean. Kontuen Ganberak antolatuta, material eta dokumentu desberdinen bidez organo ikuskatzailearen historia azaltzen du.
Lehendakariaren esanetan, erakusketak "Cesar Orozen umorea eta irudimena baliatzen du Estatuko kontu auzitegi zaharrenaren berezitasunak hobeto ezagutzen laguntzeko. 1365ean sortu eta 1980 urtean berrezarri zen erakunde bati buruz ari gara, eta gastu publikoaren kontrolari dagokionez sinbolo bat da, bai eta gure erakunde historikoak, era berean hain modernoak direnak, zaintzeko beharra gogoratzeko funtsezkoa ere”.
Hala, Kontuen Ganberaren zereginaren atzean dagoen "babes sozial eta politiko zabala" azpimarratu du, "erreferente bat da administrazioarentzat, toki-erakundeentzat eta, jakina, gure Parlamentuarentzat, gaur egun honen mende baitago". Horren harira, lehendakariak maiatzaren 31n onetsitako adierazpen instituzionala aipatu du, zeinaren bidez, Ganberaren "lana eta jarduerak berariaz aitortu” baitziren.
Testuinguru horretan, Unai Hualdek azpimarratu du Kontuen Ganberak kudeatzaile publikoen gainean egiten duen azterketa erregularra ezaugarritzen dituen "kontrol politikoa eta segurtasun juridikoa, erabateko independentziatik, betiere gorabehera ideologiko eta alderdikoietatik kanpo. Beti dago hobetzeko tartea, eta horretarako daude Kontuen Ganberaren gomendioak, gure foru eta udal-erakundeak adi mantentzen dituztenak".
Unai Hualdek amaitzeko azpimarratu du "umoreak kudeaketa onaren eta, oro har, bizitzaren eskakizunak zorrotz jasateko duen garrantzia. Eskerrik asko guztioi. Goza dezagun erakusketaz".
Horren aurretik, Asunción Olaecheak, Kontuen Ganberako lehendakariak gogorarazi du erakusketa erakundea "berrezarri zeneko 40. urteurrenaren" oroimenean egin dela, Ganberaren ikuskaritza-lana modu erakargarrian ulertzeko asmoz.
"Erakusketa 1980ko urtarrilean Kontuen Ganbera berrezartzea erabaki zuen erakunde honen egoitzara ekartzea erabaki dugu. Bere funtzioak gizarte demokratikoen kontu-auzitegien berezko funtzioetara egokitu ziren, eta Nafarroa izan zen hori egiten lehena. Autogobernuaren defentsak kontu publikoen kontrola zaintzea ere eskatzen zuen".
César Oroz marrazkilari eta erakusketaren diseinatzaileak eskerrak eman ditu "Kontuen Ganbera bezain serioa den zerbait umoretik azaltzeko emandako aukeragatik. Txantxak egiteak hausnartzen, aztertzen edo pentsatzen laguntzen badu, helburua bete da. Nafarroako historia izugarria da, hau zati bat besterik ez da. Umoreak antzinako gauzak aldi berean modernoak direla eta herritarren zerbitzura daudela ikusten laguntzen badu, primeran".
Hitzaldiak amaitu ondoren, Mahaiko kideek eta gainerako parlamentariek erakusketa osatzen duten lanen inguruko azalpenak entzun dituzte Fermin Erbiti (Kontuen Ganberako Komunikazio teknikaria), Felix Segura (Nafarroako Artxibo Orokorreko burua) eta Cesar Orozen eskutik.
Orduko aditzaileak, oraingo auditoreak. Zazpi mendez Nafarroako diru publikoaren kontrola eginez erakusketa ibiltaria dokumentu eta material ugariz osatuta dago, besteak beste, Kontuen Ganberaren berrezarpenaren 40. urteurrenaren harira argitaratutako komikiaren panelak, Nafarroako artxiboko agiriak, organo ikuskatzailearekin lotutakoak, Iruñeko Ansoleaga kaleko egoitzan egindako txanponak eta eraikinaren historia eta erakundearen azken 40 urteak laburbiltzen dituen argazki sorta.
Erakusketa uztailaren 23ra arte egongo da ikusgai, ekainean, astelehenetik ostiralera 15:00etatik 20:00etara (ostegunak izan ezik), eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara. Uztailean, berriz, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.
Ohikoa denez, erakusketa Kultur Atrio programaren barruan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Ganberak ateak irekitzen ditu artistei eta kulturari babesa emateko..
Ekitaldia Ganberaren egoitzako atalondoan izan da, eta, besteak beste, bertan izan dira Inma Jurio, Yolanda Ibáñez, Parlamentuko lehen eta bigarren lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Maiorga Ramirez, lehen eta bigarren idazkariak, eta Javier Esparza (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Marisa de Simón (I-E) eta Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasun Kointselaria.