Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Uztailak 2

Kooperatiben Nazioarteko Egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen aldeko lankidetza jasangarriko formula parte-hartzailea den aldetik, Ganberak kooperatibismoarekiko duen konpromisoa helarazi du Unai Hualdek

Uztailaren 3an ospatzen den Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur UCAN eta ANEL elkarteetako ordezkariekin batera. Modu honetan, kooperatibismoarekiko konpromisoa berretsi du Legebiltzarrak, gizarte- nahiz ekonomia-arloan enpresa-eredu parte-hartzailea den aldetik.

 

Genero indarkeriaren azken biktimaren omenez minutu bateko isilunearekin hasi da ekitaldia, eta bertan, Unai Hualdek, Nafarroako kooperatibismoaren "tradizio eta errotzea" azpimarratu du, baita "gizartearen eta lurraldearen kohesioari egiten dion ekarpen izugarria” ere. Kalitatezko enpleguaren alde egiten duen "apustu irmoaz gain, despopulazioaren aurka borrokatzeko formula ere bada".

 

Horren harira, lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela "guztion ongizatea bilatzen duten enpresa-ekimenei balioa ematea, are gehiago bizi dugun osasun- eta ekonomia- krisi garai hauetan. Kooperatibek, gure udalerri gehienetan egoteaz gain, 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten dute, eta horrek berekin dakar ekintzailetza, genero-berdintasuna eta aukerak sustatzea, gazteengana hurbiltzea eta, azken batean, gizarte-balioa sortzea".

 

Unai Hualdek eskerrak eman dizkie ANEL eta UCAN elkarteei, “Nafarroa hobe bat eraikitzeko egindako lanagatik. Orain, tunelaren amaieran argia ikusten dugun honetan, lanean jarraitu behar dugu inor atzean ez uzteko eta krisialditik onik ateratzeko. Horixe da aurten aukeratu duzuen leloak esaten diguna: Elkarrekin hobeto berreraiki. Eskerrik asko".

 

Unai Hualdek, amaitzeko, ekainaren 14an Eledunen Batzarrak lehendakaritzak proposatuta onetsi zuen adierazpen instituzionala irakurri du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babes instituzionala ematen dio Kooperatiben 2021eko Nazioarteko Egunari, zeina Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak eta Nazio Batuek ofizialki aldarrikatu baitute kooperatibak ezagutarazteko eta horien balioak sustatzeko xedez. Aurten, “Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburupean ospatuko da.

 

2. Nafarroako Parlamentuak kooperatiba-ereduaren printzipioak eta balioak –pertsona erdigunean jartzen dute– nabarmendu nahi ditu (kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea, berdintasunaren sustapena, erantzukizun soziala eta ingurunearekiko konpromisoa), ekarpen handia dakartelako lurraldearen kohesioari, kalitatezko enplegu egonkorrari, enpresa-ehunaren sendotzeari, ekintzailetza kolektiboari eta gizarte-berrikuntzari begira.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dio kooperatibismoa bera eta haren balioak ikusgai egiten eta bultzatzen laguntzeko konpromisoa duela, ongi asko ohartzen baita kooperatiba-ereduak Nafarroarentzat duen garrantziaz, foru erkidegoko ia udal guztietan eta jarduera-sektore guztietan (nekazaritzako elikagaiena, industria, merkataritza nahiz zerbitzuak) presentzia aktiboa duen neurrian, nazioarteko proiekzioa duten enpresetatik hasi eta ETE (enpresa txiki eta ertainak) nahiz mikroETE-etan buka, halako moduan non landa-inguruneetako despopulazioa gerarazten laguntzen baitute eta kooperazio-ehun sendo bat sortzen baitute beren inguruan lurraldeko enpresen, profesionalen eta proiektuen artean. Parlamentuak orobat nabarmendu nahi du Nafarroa estatu nahiz Europa mailan ekonomia sozialeko erreferentziazko eskualde gisa kokatzen laguntzen duela kooperatibismoak.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak neurriak hartzea kooperatibismoa Nafarroan garatzen laguntzeko, bai eta enpresa-eredu hori gizarte- nahiz ekonomia-arloko erabakigune guztietan bultzatzen laguntzeko ere, Nafarroaren ongizate nahiz garapen jasangarrirako mesedegarria den aldetik.

 

5. Nafarroako Parlamentuak, ANEL-Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearekin eta UCAN-Nafarroako Nekazaritzako Elikagai-kooperatiben Elkartearekin batera, munduko kooperatibismo osoari lagundu nahi dio, eta, hartara, “Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburuarekin bat egiten du, pertsonak erdigunean jartzen dituen errekuperaziorako erresilientzia-, motibazio- nahiz elkartasun-mezu bat helarazten duen aldetik eta ingurumenarekiko errespetua erakusten duen aldetik. Halatan, bat egiten du #Coopsday traolarekin. Egun horretan kooperatiba-eredua aintzatesteko ekitaldi bat eginen da foru legebiltzarrean”.

 

Aurretik, Nafarroako Nekazaritzako Elikagai-kooperatiben Elkarteko (UCAN) lehendakariak, José María Martínezek, “ezinbesteko baino, oinarrizko sektore” direla aldarrikatu du, “alarma egoeran eta pandemian zehar gizarte oso baten elikadura bermatu baitu. Ez ahaztu, hemen ekoizten jarraitzen dugu, ez Txinan ez Brasilen. Udalerrien % 84ra eta lurraldearen % 91ra iristen gara".

 

Hala, gogorarazi du UCANek 123 kooperatiba biltzen dituela, 1.673 milioi fakturatzen dituztela eta 2.049 enplegu zuzen sortu, eta horiei nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenak dituzten 19.000 bazkideetatik eratorritakoak gehitu behar zaizkie. Martínezek Europako Berreskuratze Funtsak “eraldaketa sozialerako funtsak” ere izan daitezen eskatu du, “funts horiek gizarte osora, lurralde osora eta sektore guztietara irits daitezen lortu behar da".

 

Amaitzeko, UCANeko lehendakariak parlamentariei "lankidetzaren alde egiteko eta herritar guztien ongizatean pentsatzeko” eskatu die. “Elkarlanean aritzea ez da erraza, ondo dakigu, elkarguneak bilatzea eta adostasunak lortzea esan nahi baitu. Baina pentsatu guztion ongizatean eta egin ezazue lan elkarrekin".

 

Itxaso Iriarte UCAN elkarteko abeltzaintzako kideak, , "ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokionez”, nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen jasangarritasunean jarri du arreta. “Gure lana baldintza onenetan egiten jarraitu nahi dugu, eta, zentzu horretan, kooperatibak egonkortasuna eta segurtasuna ematen dizkigu gure erabakietan. Ekoizle txikiek ez dugu gure artean lehiatzen, eta elkarrekin aurre egiten diegu elikadura-katearen pieza indartsuagoei”.


Ildo horretan, Iriartek adierazi du nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatibek "Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetatik 16 betetzen" laguntzen dutela, eta lanean jarraitzeko “zailtasunak jarri beharrean, laguntza” eskatu du. “Belaunaldien arteko erreleboa ere bultzatu behar da, itxaropen handia dugu Europar Batasuneko funtsetan, horregatik deitzen zaie Next Generation”.

 

Ignacio Ugalde Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteko (ANEL) lehendakaria pozik agertu da "kooperatibismoaren ikurra Parlamentuaren aurrealdean agertzen den lehen aldia delako, eta hori mugarri bat da pertsonengan oinarritutako eredu enpresarial eta ekonomiko honen ikusgarritasunean. Aurtengo leloak bikain laburbiltzen du kooperatibismoaren espiritua: kudeaketa parte-hartzailea, horizontala eta demokratikoa. Benetako lehiakortasunak ongizatea sortzen du, desberdintasunak murriztuz".


Ugaldek azpimarratu duenez, "aurten, pandemiaren zailtasunak gorabehera, astean bi kooperatiba sortzen ari dira Nafarroan, batez beste. Gure mugimenduak mila milioi pertsona ditu mundu osoan. Lankidetzarako, erantzukizunerako, enplegu duinerako, sormenerako eta elkarrizketa eraikitzailerako garaia da. Kooperatibismoak, gizarte-ekonomiarekin batera, analisi eta erabaki-gune guztietan egon behar du. Asko dugu emateko".

 

Katy Carranza, Europako Cooperative Campus proiektuan parte hartu duen ANELeko kooperatibista gaztea, pozik agertu da ekonomia sozialaren inguruko ospakizun “berezi honetan” parte hartzeko aukera izan duelako, "pertsonak erdigunean jartzen dituen eta onura ekonomiko hutsetik haratago doan ekonomia baita. Barne-elkartasuna eta talde-lana gailentzen dira. Bidea hasi besterik ez da egin, baina aurreikuspenak zoragarriak dira".

 

Hitzaldiak amaituta, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako hautetsontzi zaharren erreplika bana eman die UCAN eta ANELeko presidenteei.

 

Amaiera gisa, Mikel Irujok, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, telematikoki hitza hartu du Bruselatik, Ekonomia Sozialaren Europako Ekintza Planari buruz deitutako Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuran parte hartzen ari baita.


Bere ustez, "ekonomia sozialaz hitz egitea garapen ekonomiko eta industrialaz hitz egitea da, balioen ikuspegitik eta lurraldearekiko errotzetik. Azken sei urteetan, Nafarroan 562 kooperatiba eta lan-sozietate sortu dira, eta azken urtean 29. Nafarroako Gobernuaren lana alor hori zaintzea da, 2.400 milioi fakturatzen baititu eta sektore pribatuko lanpostuen % 8,5 hartzen baitu".

 

Ekitaldian parte hartu dute Yolanda Ibáñez Legebiltzarreko bigarren lehendakariordeak, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek, baita Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteko (ANEL) eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagai-kooperatiben Elkarteko (UCAN) kideek ere.