Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Abenduak 11

Kultura Batzordea bisitan izan da Santa Crizko arkeologia-multzoari lotutako erakusketan

Eslabako Udalak babes politikoa eta aurrekontua eskatu ditu kultur ondasun hori eskualdeko garapen sozioekonomikoaren iturri bilakatzeko

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan izan da gaur Santa Crizko aztarnategiari lotutako erakusketan. Arkeologia-multzo horretan duela mende bat doi Eslabako udalerrian (Oibar) aurkitu zen hiri erromatarreko foroaren eta nekropoliaren hondarrak ikus daitezke. Erromatarrek antzinako herrixka baskoi baten gainean eraiki zuten hiri horrek I. mendetik V.era bitartean izan zuen bere aldi gorena.

 

Navarra Sumak eskatu du bisita egiteko, eta Batzordeko kide hauek joan dira: Raquel Garbayo, Isabel Olave (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Patricia Perales (EH Bildu).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Ignacio Barber Eslabako alkatea; María José Shalmeta idazkaria; Félix Bariain zinegotzia; Francesca Mariani, Santa Crizko proiekturako udal koordinatzailea; Gabriela Orduna, Cederna Garalurko garapen agentea Zangozako eskualdean; Javier Andreu, historialaria eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea; Txaro Mateo, Olcairum Estudios Arqueológicosko zuzendaria; Jesús García eta Jesús Sesma, arkeologoa eta arkeologiako teknikaria, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuan.

 

Sarrera-hitzaldian Raquel Garbayok bisitaren xedea azaldu du: “jakitea zer helburu lortu diren Eslabako Santa Crizko aztarnategi arkeologikoa eta erakusketa kudeatzeko eta haien balioa azaleratzeko 2020ko planaren bidez, eta 2021erako proposatutako ekintza planaren berri jakitea”.

 

Museoko barrutian egindako bileran, Javier Andreu, Francesca Mariani, Txaro Mateo eta Gabriela Ordunak aurten ekin zaien jarduketez hitz egin dute eta Eslabako Santa Crizko aztarnategi arkeologikoa eta erakusketa dinamizatzeko planaren nondik norakoa aurkeztu dute. Proiektu hori 2019an aurkeztu zitzaion Nafarroako Gobernuari, eta bildutakoek harentzako babes politikoa eta aurrekontua eskatu dituzte.

 

Proiektuan azaltzen denez, monumentu-multzo hori sendotuko bada, ezinbestekoa da “erakusketa iraunkorra izatea, berriz ere ikerketari eta indusketa-lanei ekitea, eta ustiapen turistikoaren bisitarien harrera profesionalizatzea (horretarako sarrera-azpiegitura egin behar da)”.

 

Dinamizazio planaren garapen osoaren kontura, presako jarduketa batzuei ekin zaie aurtengo Aurrekontu Orokorretan jarritako 80.000 euroko partidari esker, eta “Udalak 2017tik hona 80.000 euro baino gehiago jarri ditu giza baliabideetarako eta materialetarako”.

 

Azken hilabeteetan hainbat egokitze lan egin dira. Horien artean, Batzordeari azaldu diotenez, egituren kontserbazioa, 1994tik egindako kanpaina arkeologiko guztietan lortu diren materialak inbentariatu, sistematizatu eta berrinterpretatzea, sarrerako bideak egokitzea, atsedenerako altzariak jartzea aztarnategian, eta denboraren joanak aztarnategian eragindako egiturazko kalteak dokumentatzea (3-D erregistroak).

 

Monumentu-multzoko arduradun teknikoek eta udal arduradunek Nafarroako Parlamentuaren babesa eskatu dute, azkenik, aztarnategiaren eta erakusketaren balioa azaleratzen jarraitzeko, “eskualdeko garapenari eta jendegabetzearen aurkako borrokari lotutako aktiboak baitira”.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.

 

Ondoren Kultura Batzordea Eslabako eihera zaharraren ondoan dagoen esparru museografikora joan dira, eta Javier Andreuk Erromaren isla baskoien lurraldean erakusketaren ezaugarrien eta jatorriaren berri azaldu die.

 

Iturissa (Aurizberri) izenekoaren ondotik, Nafarroan aurkitu den mota honetako bigarren nekropolia da Santa Criz, eta bertatik bertara ikus daitekeen bakarra.