Kultura Batzordea bisitan izan da Santa Crizko aztarnategi arkeologikoan
Eslabak iraupen-bermea duen laguntza eskatu du kultura-ondare hori ibarreko garapen sozioekonomikorako baliabide bihurtzeko
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea bisitan izan da gaur Santa Crizko aztarnategi arkeologikoan. Arkeologia-multzo horretan 1917an Eslabako udalerrian (Oibar) aurkitu zen hiri erromatarreko foroaren eta nekropoliaren hondarrak ikus daitezke. Antzinako herrixka baskoi baten gainean eraikitako hiriak I. mendetik V.era bitartean izan zuen bere aldi gorena.
Honako batzordekide hauek egon dira bisitan: Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta, Adolfo Araiz (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).
Santa Crizen honako hauek egin diote harrera Parlamentuaren ordezkaritzari: Ignacio Barber, Eslabako alkatea; María José Chalmeta, idazkaria; Javier Andreu, historialaria eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea; Paloma Lorente, arkeologoa eta Santa Crizko indusketen zuzendaria; Susana Herreros, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria; Javier Larequi, Nafarroako Unibertsitateko arkeologoa, eta Francesca Mariani, Santa Crizko proiekturako udal-koordinatzailea.
UPN, PSN eta PPN talde parlamentarioek eta Vox foru parlamentarien elkarteak eskatutako bisitaren xedea izan da “arkeologia-multzoa eta hiri erromatarraren tenplu nagusia –berriki agertua– ezagutzea, eta Santa Crizeko ikerketari eta ordenazioari eta hori guztia balioan jartzeari lotutako beharren berri jasotzea”.
Ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Santa Crizko aztarnategian barna, hiri erromatar horren aztarna arkeologikoen indusketa- eta egokitzapen-lanen (1994an abiatuak) norainokoa ezagutze aldera. Santa Criz jendeari formalki irekita dago 2017ko irailean ofizialki inauguratu zenetik.
Foroaren aztarna finkatuen artean diseinatutako interpretazio-bidean zehar egindako ibilbidean, Kultura Batzordeak aurrien monumentaltasunaren eta aztarna epigrafikoen ugaritasunaren berri izan du. Hori horrela, antzinako hiribildu erromatarraren aberastasuna adierazten duten zeinuen (hiru eskulturaren hondarrak, korintoar estiloko hamaika kapitel, zutabe-fusteak, pilak, moldura eta iztuku desberdineko harlanduak) berri izan ondoren, berriki egindako aurkikuntza dagoen gunera joan dira parlamentariak antzinako hiri erromatarraren tenplu nagusiaren aztarnak ikusteko.
Javier Andreuk dioenez, aurkikuntza horrek berretsi egiten du aztarnategi arkeologikoaren ahalmena, “K.o. I. mendeko lehen hamarkadetan izandako prozesua erakusten baitu, zeinetan erromatar bizimoduak eta bere erosotasun arkitektonikoek eragin nabarmena izan zuten baskoien artean”.
Era berean, gaineratu du aurkikuntza oso berezia dela, foroaren egitura dela-eta ikerketa-taldeak egindako proposamenak baiesteaz haratago, “bereziki, etorkizunera begira ematen dituen aukerengatik, bai eta duen izaera esklusiboagatik ere, Nafarroan dokumentatutako bigarren tenplu erromatarra delako; bestea Andelon (Mendigorria) bisitatu daiteke, eta egitura eta eraikitze-teknika antzekoak ditu”.
Jarraian, Paloma Lorentek aurkikuntza berriaren bidez, bai eta gunean egindako prospekzio geomagnetikoen bidez ere, eratu diren hipotesiak azaldu ditu. Hipotesi horiek ondorioztatzen dutenez, lurperatutako egitura gehiago daude. Ildo horretan, Nafarroako Unibertsitateko ikerketa-taldearen ustez, indusketa-lanen jarraipena bermatuko duen alternatiba bat bilatu behar da.
Gaineratu dutenez, azken aurkikuntza horren albisteak makina bat jende erakarri du udazken honetan; izan ere, orain arte egiten ziren bisita gidatuetan 3.500 pertsonak parte hartzen zuten urtero, eta kopuru hori handitu egin da, “Santa Crizek despopulazio-arrisku handia duen eremu honen lurralde-garapenari laguntzeko ahalmen handia duen seinale”.
Aztarnategiko bisita amaitu ondoren, Kultura Batzordea Eslabako eihera zaharrean dagoen esparru museografikora joan da, eta bertan Javier Andreuk han ikusgai dauden 120 pieza baino gehiagoren ezaugarrien eta jatorriaren berri azaldu die.
Udalaren asmoa da Eslabako Santa Criz, Erromaren isla baskoien lurraldean erakusketa parrokia-etxera lekualdatzea; izan ere, Udalak berriki erosi du eraikina xede horretarako. Hala, helburua da “ondare hori eremuko garapen sozioekonomikorako aktibo bihurtzeko helbururantz aurrera egiten jarraitzea. Proiektua turismoari eta ikerketari lotuta dago, baina baita herri horietako tokiko kultura mantentzeari ere. Santa Crizi lotutako alternatibak sortu nahi ditugu, despopulazioa saihestu eta landa-ingurunearen iraupena bultzatzen dutenak”.
Haien hitz egiteko txandan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, hala badagokio, etorkizunean ekimenak abian jartzeko.