Kultura Batzordea gaur bisitan joan da Sorladako San Gregorio basilikara
Mantentze obren ondoren nola gelditu den ikusteko eta portada garbitu eta berreraikitzeari buruzko azterlana enkargatu beharra baloratzeko
Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordea gaur bisitan joan da Sorladako San Gregorio basilikara, UPN talde parlamentarioak eskaturik, “irailaren erdialdetik aurrera eta urrian mantentze obrak egin ondoren nola gelditu den ikusteko”.
Batzordeko kide hauek joan dira: Begoña Ganuza, Francisco Irízar (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa (EH Bildu talde parlamentarioa), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Gimeno (PSN talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete José Luis Irisarri San Gregorio Kofradiako buruak eta Jerónimo Gómez eta Jesús Orte batzarkideek.
Bisitaren helburua, sarrera gisara azaldu denez, honako hau izan da: “basilika zaharberritzeko prozesuaren berri jasotzea, eta baloratzea ea Parlamentuak laguntza eman lezakeen basilikako elementuetako batzuen garbiketaren eta berreraikuntzaren norainokoa baloratuko lukeen azterlan bat egiteko”.
Jarraian, parlamentariek basilikaren egoera ikuskatu dute. Besteak beste, teilatua iragazgaizteko eta egiturako zurezko hiru habe berritzeko lanak aztertu dituzte. Egindako jarduketan, jakinarazi zaienez, 70 tona zabor aurkitu dituzte gangan (aurreko obra batekoak), eta erretiratu egin dituzte. Obrek 30.000 euroko kostua izan dute, Artzapezpikutzaren kargura.
Horiek horrela, portadako elementu hondatuenak garbitu eta berreraiki beharra dagoela esan dio José Luis Irisarrik Kultura Batzordeari, eta horretarako Nafarroako Parlamentuaren laguntza eskatu du.
Bisita amaitutakoan, Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeko parlamentariak eskaeraren jakitun gelditu dira eta etorkizuneko jarduketetarako utzi dute Sorladako San Gregorio basilikako portada zaharberritzeari buruzko jarrera zehaztea.