Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Martxoak 13

Kultura Batzordeak bisita egin du Uharteko Arte Garaikideko Zentrora

Nafarroako askotariko diziplinetako sortzaileentzako erreferentea den espazio horretatik sustatzen diren lan pedagogikoa, esperimentala eta ikertzailea ezagutzeko

Kultura eta Kiroleko Batzordea Uharteko Arte Garaikideko Zentroan izan da gaur arratsaldean. Espazio irekia da, zeinean lan egiten baiten askotariko diziplina artistikoak sustatzeko eta zabaltzeko, sormen garaikideari rol estrategikoa ematen saiatzeko garapen berritzailearen esparruan, nola kulturaren aldetik hala alderdi sozial eta ekonomikoan.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Arte Garaikideko Zentroaren zuzendari Oskia Ugartek egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.

 

Bisita PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek sustatuta egin da, eta xede izan du instalazioa, martxan diren proiektuak eta Nafarroako kultur politikan duen txertaketa ezagutzea, bat etorriz talentua sustatzeko eta gizartearen ezagutza artistikoa aberasteko ideiarekin.

 

Jarraian izandako topaketan, Oskia Ugartek azken zortzi urteetan egindako lanaren gaineko azterketa egin du. 2016. urtearen inguruan, zentroa ekoizpenaren alderdia erakusketaren alderdiaren aurretik jartzen hasi zen, besteak beste tokiko artistei irtenbidea emateko sortutako nazioarteko proiektuen bitartez, baita lankidetzan oinarritutako ekimenen bitartez ere, kasu honetan Nafarroarekin lotutako erakundeekin.

 

Horren harira eta agerian jarri ondoren Kulturako Departamentua ez diren gobernuaren beste departamentu batzuekin erlazionatzeko eta interakzioa izateko “zailtasunak”, zuzendariak alderdi pedagogikoa nabarmendu du, berariaz aipatuta unibertsitate arteko masterra (UPNA-EHU) eta “proiektuak sozializatzeko eta zeharkako konexioak sortzeko” bitartekotza eginkizunak.

 

Alderdi ekonomikoari dagokionez, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren diru sarrera gehienak Nafarroako Gobernuak emanak dira; izan ere, aurreikusita dago 2024an 490.000 euro ematea funtzionamendu gastuetarako (2023an 450.000 ordaindu zituen, gastatutako 673.000 euroetatik), eta beste 50.000 (2023an 35.000 izan ziren) tresnak eta espazioak eguneratzeko. Horrez gain, beste bi hitzarmen ere badaude; lehenengoa, 100.000 eurokoa, masterrerako; bigarrena, 90.000 eurokoa, zentroak 2017tik kudeatzen dituen arte plastikoetarako eta bisualetarako laguntzak kudeatzeko.

 

Jarraian, Batzordeko kideek ibilbidea egin dute Arte Garaikideko Zentroa osatzen duten askotariko espazioetan zehar, eta, arduradunak gidatuta, aukera izan dute in situ ezagutzeko erakundearen hiru ekintza ildo nagusietako edukia.

 

Hori horrela, artistei laguntzeko eta harrera egiteko ekintzetan, hezkuntzan nahiz prestakuntzan eta orotarako ekitaldietan erabiltzen den eta baliabidez, zerbitzuz eta jardueraz beteta dagoen espazio hori osatzen duten instalazioak eta elementuak ikusi ondoren, parlamentariek jakin dute zentroak zeinen ekarpen “esanguratsua” egiten duen zenbait alderditan, hala nola aste plastikoen, eszenikoen eta musikaren nahiz teknologia berrien esparruetan.

 

Topaketa amaitu ondoren, Kultura eta Kiroleko Batzordearen eledunek zentroko kudeatzaileak zoriondu eta etorkizuneko jarduerez mintzatu dira, modu batean zein bestean lagundu ahal izateko lan pedagogiko, esperimental eta ikertzaile hori mantentzen; hain zuzen, eta arreta berezia jarrita gehien baztertutako kolektiboetan, horiek guztiak sustatzen dira Nafarroako sortzaileentzat erreferentea den zentro horretatik.

 

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa 2007an inauguratu zen 6.500 metro koadroko azalera baten gainean. Nafarroan arte garaikidea espezifikoki sustatzeko sortutako lehenengo ekipamendu kulturala da, eta xede horri heltzen dio hainbat erakusketa, jarduera eta egonaldiren bitartez (artistei harrera egiten zaie aldi baterako beren proiektu zehatza gara dezaten), betiere diziplina anitzeko ikuspegitik.

Centro Huarte fundazioak kudeatzen du zentroa. Bost pertsonek osatzen dute fundazioa, zuzendariaz gain: bi koordinatzaile, jardueretarako eta prestakuntzarako, administrari bat, bitartekotzako arduradun bat eta ekoizpeneko teknikari bat.