Kultura Batzordeak Tuterako Yanguas y Miranda Linburutegi Publikoa bisitatu du
Laguntza ekonomikoa eta langile gehiago eskatzen dituzte, herritarrei zerbitzu ezin hobea eta kalitatezkoa eman ahal izateko
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak gaur Tuterako Yanguas y Miranda Liburutegi Publikoa bisitatu du; Marqués de Huarte jauregian dago 1987tik eta udalarena da.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Txomin González (EH Bildu), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Javier García (PPN).
Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote Luis Lucas eta Pilar Jiménez liburutegiko arduradunek eta Asun Maestro Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak.
Talde parlamentarioko bozeramaileek azaldu duten moduan, bisitaren helburua “Tuterako Liburutegiaren instalazioak eta langileei eta lekuari dagozkien beharrak ezagutzea” izan da.
Luis Lucasek agerian utzi ditu Tuterako Liburutegiko “gabeziak”. Liburutegi hori "Nafarroako eta Espainiako liburutegien artean azken postuetan dago, langile-kopuruari, azpiegiturei eta ekarpen ekonomikoei dagokienez".
Azaldu duenez, premia handiena langileen arloan dago, izan ere, gaur egun hiru arduradun daude liburutegian eta eurek osatzen dute teknikarien taldea ere bai. “Liburutegia hamabi orduz irekitzen da egunero, eta hiru pertsonaren artean egiten dugu lan urte osoan. Beraz, liburutegiko arduradun izateko bi plaza berri sortzea premiazkoa da, bat gutxienez, langileen estatutua eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzeko, bai eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko ere”.
Marqués de Huarte jauregian kokatua, Liburutegiak Artxiboarekin partekatzen du eraikina 1987tik, eta, Lucasek azaldu duenez, leku faltaz gain, "beharrak aldatu egin dira urte hauetan guztietan, eta, beraz, premiazkoa da dauden lekuak eta gelak arrazionalizatzea eta birbanatzea, herritarrentzat guztiz irisgarriak diren gela bereiziak eskaini ahal izateko".
Zehazki, ikasketa gela independente bat egokitu nahi dute mailegu eta irakurketa gelatik bereizteko. Gainera haurren gelako altzairuak berritu eta birbanatu nahi dituzte. Halaber, nagusien gelan eskailera bat dago, baina ez ditu lantokietan segurtasunari eta osasunari buruz ezarrita dauden xedapenak ezta argiztatze baldintzak ere betetzen.
Esleitutako diru kopuruari dagokionez, Tuterako Liburutegiak 6.000 euro jasotzen ditu Udalaren aldetik funts bibliografikoak erosteko. Kopuru hori 0,2 euro da biztanleko, "batez bestekotik oso urrun, 0,96 eurokoa baita". Ildo horretatik, liburutegitik funts bibliografiko "zaharkitua" berritzeko beharra adierazi dute, tokiko gaien funtsa handitu eta sendotu behar dira, eta material berriak erosi, hala nola aldizkari eta egunkari nazionalak, atzerritarrentzako hiztegi elebidunak edota irakurketa errazeko liburuak.
Era berean, "liburutegiak bizirik egon behar dira, herritarrei jarduerak eskainiz", eta uste horretatik abiatuta, liburutegiak laguntza ekonomikoa eskatu du "herritarrak liburutegira hurbiltzen dituzten eta erabiltzaileak fidelizatzen dituzten" jarduerak egiteko. 2022an eta 2023an Nafarroako Gobernuak Tuterako Liburutegiari 5.500 euroko aparteko laguntza eman zion, 3.000 euro liburuak erosteko eta 2.500 euro jarduerak egiteko. Hala ere, Liburutegiak ekarpen handiagoa eskatu dio Udalari, zerbitzu ezin hobea eta kalitatezkoa eman ahal izateko.
Bestalde, Asun Maestrok Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena eguneratzeko beharra azpimarratu du, elkarrizketa hobetzeko eta bi administrazioen arteko konpromisoak bateratzeko.
Bilera bukatu ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Liburutegiko geletatik. Bisita bukatutakoan, UPN, PSN, EH Bildu, Contigo-Zurekin eta PPN talde parlamentarioetako bozeramaileek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.