Kultura Batzordearen bisita Uharteko Arte Garaikideko Zentrora
Batzordeko kideen konpromisoa eskatzen da Nafarroako artistentzako erreferentziako espazio horrek sustatzen duen lan pedagogiko, esperimental eta sorkuntzakorako babesa indartzeko
Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeko kideek bisita egin dute gaur Uharteko Arte Garaikideko Zentrora. Uharteko zentroa espazio ireki bat da, zeinak, egungo talde kudeatzailearen zuzendaritzapean, lan egiten baitu gisa guztietako arte-diziplinak sustatzeko eta zabaltzeko, eta sorkuntza garaikidea goratu nahi baitu garapen berritzailearen ardatz estrategikoaren izaera har dezan, bai kulturaren mailan, bai maila sozial eta ekonomikoan ere.
Bisita egiteko eskaera, EH Bildu talde parlamentarioak egin du, eta bertara Batzordeko honako kide hauek joan dira: Mónica Doménech (UPN talde parlamentarioa), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) eta Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa).
Arte Garaikideko Zentroko kudeaketaren eta koordinazioaren arduradun Oskia Ugartek egin dio harrera Parlamentuko ordezkaritzari.
Miren Aranoak sarrera moduan berretsi duen bezala, bisitaren helburua izan da “ezagutzea zentroaren egoera zein den, nolako jarduerak garatzen dituen eta etorkizunerako zein proiektu dituen, zentroak talentua sustatzeko eta gizartearen ezagutza artistikoa aberasteko eskuartean duen ideiarekin bat”.
Ondoren, guztien arteko topaketa izan da, eta hartan Oskia Ugartek proiektuaren “jasangarritasuna”ri buruzko kezka helarazi du; izan ere, bilatzen dena baldin bada ikusgarritasun handiagoa lortzea, hartara jende gehiago erakartzeko, “aurrekontu sendoagoa beharko da”. Kontua izanen litzateke “saihestea jarduerak —joan den ikasturtean 125 ekimen eta 9.000 bisita baino gehiago izan ziren— egungo lantaldearen lanerako ahalmenak gaindi ditzan”.
Testuinguru horretan, zentroko zuzendaritzak azpimarratzen du ezen, programazioak gora egiten jarraitzen badu ere, baliabideak mugatuak direla; izan ere, diru-sarreren % 84 Nafarroako Gobernuaren ekarpenetik datoz eta gastuen % 36, berriz, funtzionamenduko beharrei dagozkie. Zentroak bere diru-sarrerak handitzeko ahaleginak egiten baditu ere —esate baterako, CAN Fundazioarekiko lankidetza egonkorraren bitartez— ikastetxeetako ikasleekin egiten den lanak “dagoeneko zuzeneko kontratazio bat egitea eskatzen du”.
Ondoren, Batzordeko kideek ibilbide gidatu bat egin dute Arte Garaikideko Zentroa osatzen duten espazioetan barna, eta aukera izan dute, Oskia Ugarteren azalpenekin, erakundearen hiru ekintza-ildo garrantzitsuenen edukia bertatik bertara ezagutzeko.
Baliabideen, zerbitzuen eta jardueren espazio horren oinarri diren eta artistei laguntzeko eta prestakuntza eta heziketa emateko erabiltzen diren eta jende guztiarentzat irekita dauden areto eta elementuak ikusi ondoren, parlamentariak konturatu dira zentroak nolako ekarpen “aipagarria” duen esparru anitzetan: arte plastiko, eszeniko eta musikalak edo teknologia berriak, besteak beste.
Bilera amaituta, Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeko eledunek zorionak eman dizkiete zentroko kudeatzaileei, eta etorkizuneko jarduketak aipatu dituzte, haien bidez modu batera edo bestera laguntza emateko Nafarroako sortzaileentzako erreferentziako espazio horrek sustatzen duen lan pedagogiko, esperimental eta ikerketakoari, zeinean arreta berezia eskaintzen baitzaie kolektibo ahulei.
Uharteko Arte Garaikideko Zentroa 2007ko urrian inauguratu zen, eta 6.500 m2-ko azalera du. Nafarroan berariaz arte garaikidea zabaldu eta sustatzeko sortutako lehenengo kultur ekipamendua da. Gaur egun, helburu horri ekiten dio erakusketen, jardueren eta egonaldien (artistei denbora-tarte batez harrera egiten zaie, proiektu jakin bat gara dezaten) bitartez; hori guztia, diziplina anitzeko ikuspegi batekin.