Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 24

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da Alesbesko El Palomar udal estadiora

Udalak eta C.D. Alesves elkarteak aurrekontu-babesa eskatu dute birmoldaketa bati ekin ahal izateko, araudia betetzeari eta instalazioak bideragarri egiteari begira

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da gau Alesbesko El Palomar udal estadiora. Erabilera Club Deportivo Alesves elkarteari lagatuta dago eta Udalak aurrekontu-babesa eskatzen du hura birmoldatzeko proiekturako.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Miguel Bujanda, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa ) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarreko ordezkariei harrera egin diete Alesbesko alkate Mª Carmen Segurak, C.D. Alesves elkarteko zuzendaritzako kide Gabriel Virtok, José Mari Menak eta Serafín Garcíak eta Alberto Amigot, José Ángel Muñoz, Rebeca Rodríguez eta Francisco Javier Fernández zinegotziek.

 

Navarra Suma talde proposatzailearen eledun Raquel Garbayok zehaztu duenez, bisitaren xedea izan da estadio horrek dituen “egoera eta beharrizanak bertan ezagutzea”, lehentasunezko eraberritzeak behar baititu indarreko araudira eta herriko beharrizanetara egokitzeko.

 

Ondotik parlamentariek estadioko aretoak bisitatu dituzte zuzendaritza taldearen eskutik, eta egiaztatu dituzte soropil naturaleko zelai batek dituen gabeziak eta zailtasunak, “eguraldiaren ondoriozko eragozpenez gain, astean bakarrik 8 orduz jokatzeko aukera ematen baitu”.

 

Jarraian, Alesbesko alkate Mª Carmen Segurak zehaztu egin du birmoldatzeko proiektua: 2019an prestatu zuen arkitektura bulego batek eta bi fase ditu, haietako bat “lehentasunezkoa, eta beste ba anbizio handiagoa duena”, 530.000 eta 800.000 euroko inbertsioa eskatzen dutenak, hurrenez hurren.

 

Lehenbiziko fasean jasotzen da soropil artifizialeko 11ko futboleko zelai bat eta 7ko futboleko zeharkako bi zelai eraikitzea. Birmoldaketa horrek ahalbidetuko du “espazioaren aprobetxamendu hobea eta gainera Kirolaren Kontseilu Nagusiaren kirol eta aisia instalazioei buruzko araudia betetzea, asmoa delako erabiltzea erregio mailako txapelketetan, 3. mailan eta are 2. B mailako txapelketetan ere”. Fase horri ekiteko zenbatetsitako inbertsioa 430.000 eurokoa da.

 

Halaber, fase horretan aurreikusita dago sarbideak birmoldatzea eta honako hauek eraikitzea: txartel-leihatilak, sartzeko eremurako estaldura, jaisteko arrapala eta zelaia inguratzen duten korridoreak mugatzen dituen zola. Birmoldaketa horiek “lehentasunezkoak dira, helburua dutelako sarbidea hobetzea mugikortasun urritua duten pertsonentzat”. Sarbideetako eraberritzetarako 100.000 euro behar dira; beraz, proiektuaren lehen faseak “530.000 euroko kostua izanen luke”.

 

Bigarren fasean proiektatzen da 370 pertsonendako harmaila bat, eta bi aldagela ere, haietarako dutxa, komun, masaje eta armairuetarako eremuarekin. Era berean, aurreikusten da eremu publikoko kafetegia-taberna bat sortzea eta, gainera, kirol eta aisia instalazioei buruzko araudiak 2. eta 3. mailako futbol-zelaietarako ezartzen dituen eskakizunak betetzeko, jarduketa batzuk aurreikusten dira, zeinek, azaldutakoaren arabera, ekarriko luketen eremu bat ezartzea honako hauetarako: administrazioa, lehen sorospenetarako gela, kirol-materialerako biltegia, mantentze gela, eta abar. Bigarren faserako zenbatetsitako aurrekontua 800.000 eurokoa da.

 

Horri buruz, Mª Carmen Segura alkateak Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren eledunei zuzendu zaie, 2022ko Kontu Orokorrei begira aurrekontu-laguntza eskatzeko, aipatu berrikuntzei ekiteko asmoz.

 

Gabriel Virtok gogorarazi duenez, Club Deportivo Alesves elkarteak, 400dik gora bazkide dituenak, 100 urte beteko ditu 2022an; beraz, “ospatzeko modurik egokiena izanen litzateke soropil artifizialeko zelai berria estreinatzea”.

 

Bere txandan, Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayok adierazi du El Palomar estadioaren birmoldaketa presazkoa dela eta Nafarroako Gobernuak “lehentasunak ezarri” behar dituela, herrien beharrizanei erantzuteko. “Gobernuak jarduketa horien egutegia prestatu behar du, interes orokorrari jarraituz eta alde batera utziz interes politiko eta partidistak”.

 

Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa) bat dator estadioa birmoldatzeko beharrarekin, eta gogorarazi du Gobernua kirol instalazioen errolda bat ari dela egiten. Halaber, gogorarazi du ezin dela ahaztu “beharrizan hori bazegoela ere UPN Alesbesko Udalean eta Nafarroako Gobernuan zegoenean”.

 

Pablo Azconak (Geroa Bai talde parlamentarioa) azpimarratu du Nafarroako Gobernua, toki entitateekin batera, errolda bat egiten ari dela “herrien beharrizanak eta kirol instalazioak ezagutzeko” eta, “dokumentazioa igorriko duela aukerak berrikusteko eta baloratzeko; izan ere, fasetan banatuta, zalantzarik gabe, egingarriagoak izanen dira aukera horiek”.

 

Txomin Gonzálezek (EH Bildu talde parlamentarioa) jakin badaki “instalazioak hobetzen ahal direla”, baina gogorarazten du “herri asko direla beharrizan ugari dituztenak”. “Nafarroako Gobernuak plan zuzendari bat egin behar du, erabakitzeko zein diren lehentasunezko beharrizanak, eta informazio hori udaletara igortzeko”.