Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Otsailak 17

Kultura eta Kirol Batzordea Tuterako Hiria Udal Estadioa ikustera joan da

Talde guztiek uste dute jarduketa baten beharra dagoela, baina ez dira ados jarri proiektuaren bideragarritasunari eta finantzaketari buruz

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Tuterako Hiria Udal Estadioa bisitatu du. Instalazio hori 1969an eraiki zen, eta aurtengo udazkenean hasiko dira hura eraberritu eta egokitzeko obrak.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Javier García, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Alejandro Toquero Tuterako alkateak, Zeus Pérez Hirigintzako zinegotziak, Irune García Kiroleko zinegotziak, Jesús Miranda Tuterar Kirol Klubeko lehendakariak, birmoldatze proiektua egin duen Santiago Iribarren arkitektoak, eta Eduardo Erro Hirigintza Arloko zuzendariak.

 

Raquel Garbayok, bisita proposatu duen Navarra Suma taldeko eledunak, bisitaren xedea azaldu du: “Bertatik bertara ikustea instalazioaren egungo egoera eta segurtasun, osasungarritasun eta irisgarritasun akatsak, eta, halaber, birmoldatze proiektua eta beraren ondoriozko beharrak ezagutzea, Parlamentuko gainerako taldeekin proiektuaren finantzaketa adostu ahal izateko”.

 

Jarraian, parlamentariak Tuterako Udal Estadioko instalazioetan zehar ibili dira eta azpiegitura hori “ia guztiz hondatua” dagoela egiaztatu dute, arkitektoaren eta Udaleko arduradunen azalpenak entzun bitartean. Batzordeak instalazioak bisitatu zituen 2019ko urrian. Beraz, parlamentari gehienak estadioaren egoeraren jakitun ziren.

 

Ondoren, Santiago Iribarren arkitektoak zaharberritze proiektua aurkeztu die Batzordeko kideei. Haren esanetan, proiektuaren bidez “estadioa segurua eta irisgarria izanen da eta erantzuna emanen zaio programa funtzionalari, honelako kirol azpiegiturei aplikatzen zaizkien araudi guztiak betez”.

 

AA Arquitectos Asociados taldeak egindako proiektu horretan, Iribarrenek azaldu duenez, azken konponbide gisa aukeratu da estadioa erabat zaharberritzea. Horrela 3.162 ikusle hartu ahalko ditu guztira (1.358 tribunan eta 1.804 harmailetan), eta etorkizunean ate atzeetan tribuna finkoak edo behin-behinekoak jarri ahalko dira (bakoitzak 766 ikuslerentzako tokia izanen du) ekitaldi berezietarako. Proiektua gauzatzeko aurrekontua 3 milioi euro ingurukoa da.

 

Guztira, Tuterako Hiria estadioak futboleko 4.694 ikuslerentzako tokia izanen du, eta ikuskizun edo kontzertuak egiten direnean joko zelaia gehituta 10.000 pertsona ere hartu ahalko ditu.

 

Alejandro Toquero Tuterako alkateak iragarri duenez, zaharberritze lanak zortzi fasetan eginen dira. Bi arrazoirengatik eginen dira horrela: "Lehenik, kirol jarduera eta obrak batera egin ahal izateko; eta bigarrenik, aurrekontu-baliabideak direla eta, faseak urtez urte bete ahal izateko".

 

Toquerok aurreratu du zaharberritze lanen lehenbiziko faseko obren lizitazioa (165.000 euro) uda ondoren izanen dela, eta datorren urtean eginen direla estadioko hondoak eraisteko lanak. Gogora ekarri du, gainera, ekitaldi berriko udal aurrekontuetan 300.000 euroko partida bat dagoela lehenbiziko lanei ekiteko, birmoldaketa gauzatzen has dadin.

 

Azkenik, alkateak Nafarroako Gobernuaren laguntza eskatu du proiektu honetarako, eta esan du “ukigarria, egiazkoa, zentzuzkoa eta koherentea” dela, “Nafarroako bigarren hiriarentzat beharrezkoa”.

 

Jesús Miranda, Tuterar Kirol Klubeko lehendakaria, “itxaropentsu” agertu da Udalak zaharberritzearen aldeko apustua egin duelako, baina ohartarazi du “estadioa bertan behera utzi behar izateko” arriskua dagoela zaharberritze lanak epe laburrean egin ezean. Gogorarazi du Udalaren ekarpena ez dela nahikoa proiektua zentzuzko epeetan gauzatzeko, eta horregatik Nafarroako Gobernuaren laguntza eskatu du. “50 urte iraun duen utzikeria ahaztu eta estadioa birgaitu behar dugu”.

 

Hitza hartzeko txanda izan dutenean, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeetako eledunak bat etorri dira Tuterak berriz ere kirol ekipamendu duina izateko presako jarduketa bat egiteko beharra aitortzean, baina ez dira ados jarri proiektuaren bideragarritasunari eta finantzaketari buruz.

 

Raquel Garbayok (Navarra Suma talde parlamentarioa) zaharberritze proiektuaren alde egin du, soluzio “bideragarriena” dela esanez. Nafarroako Gobernuak estadio zaharra eraitsi eta berria eraikitzeko aukera planteatu duela eta, Garbayok “presa” dagoela azpimarratu du eta foru gobernua premiatu du suspertzearen alde “konpromisoa hartu” eta “Erriberaren alde apustu” egin dezan.

 

Carlos Menak (PSN talde parlamentarioa) estadioa “egoera txarrean” dagoela aitortu du beste parlamentariek bezala, baina estadio berri bat eraikitzearen alde egin du “soluzio bideragarriena” delakoan. Gogorarazi du ezin direla alde batera utzi “ez instalazioen azken 26 urteetako mantentze lanik eza, ez Tuterar Kirol Klubaren arazo ekonomikoak”.

 

Pablo Azconak (Geroa Bai talde parlamentarioa) adierazi du Nafarroako Gobernua errolda bat egiten ari dela toki entitateekin batera, “herrietan eta kirol instalazioetan dauden beharrak ezagutzeko”, eta, beraz, dokumentazioa Gobernuari helaraziko diola “aukerak berrikusi eta baloratzeko”.

 

Txomin Gonzálezen esanetan (EH Bildu talde parlamentarioa), estadioaren egoera “negargarria da eta konponbidea bilatu behar zaio. Zaharberritze proiektua konponbide bat izan daiteke, baina lehenbailehen bilatu behar dira finantzaketarako alternatibak. Nafarroako Gobernuak plan gidari bat egin behar du, erabakitzeko zein diren lehentasunezko beharrizanak”.

 

Marisa de Simónen aburuz (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa), “behar-beharrezkoa da egoera modu teknikoan aztertzea, epe luzera begira eta egoera oportunismoz baliatu gabe”. Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian Tuterako kirol instalazioak hobetzeko hiriari egin zion ekarpen ekonomiko “garrantzitsua” gogoratu ondoren, aitortu du zalantza egiten duela “proiektu honek merezi duen ala ez”.