Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 14

Kultura eta Kirol Batzordeak Lenaerts Fundazioaren zentroa bisitatu du

Museografiaz harago, proiektuak Lenaertsen obra artistiko eta intelektuala zaindu eta zabaltzea du helburua, eta artista belgikarraren balioetan eta ondarean oinarritutako jarduerak sustatzen ditu

Geroa Bai talde parlamentarioak eskaturik, Kultura eta Kirol Batzordeak Lenaerts Fundazioaren museo-etxea, 2016an inauguratua, eta Pauletteren Lorategia bisitatu zituen atzo. Nafarroako aire zabaleko lehenbiziko museoa da, eta Henri Lenaerts eskultore belgikarrari eskainia dago. Eskultorea herrian bizi izan zen 35 urtez, 2006an hil zen arte.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu ziren: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Javier García, Iñaki Iriarte, Isabel Olave (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Jabi Arakama, Ana Ansa (Geroa Bai) eta Laura Aznal (EH Bildu).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin zieten Lenaerts Fundazioko zuzendari Julián Garridok, Fundazioko idazkari eta diruzain Ana Liendek, Fundazioko lehendakariorde eta Gesalazko alkate Pedro Sotok, Aurkene Zaldua aholkulari ekonomikoak, eta Irurreko Kontzejuko lehendakari José Antonio Zudairek eta zinegotzi Nerea Basterrak.

 

Jabi Arakamak (Geroa Bai) azaldutakoaren arabera, bisitaren helburua izan da “Nafarroako landa aldean gordetzen den bitxitasun hau ezagutzea eta Fundazioaren proposamenen eta etorkizuneko beharren berri jasotzea”.

 

Parlamentariek Pauletteren lorategian eman zioten hasiera bisitari. Leku horretan abiatu zen proiektua, eta artistaren 22 eskultura daude ikusgai, Lenaertsen lanak kronologiaren eta gaiaren arabera antolatuta erakusten dituen ibilbide batean.

 

Ondoren, Parlamentuko ordezkariek proiektu museografikoa osatzen duten 3.000tik gora pieza ikusteko aukera izan zuten (eskulturak, margolanen bilduma, tapizak eta liburutegia).

 

Azkenik, bilera egin zuten eta Ana Liendek fundazioaren lan-ildoak azaldu zizkien parlamentariei, artista belgikarraren “obra eta pentsamendua zaindu eta zabaltzeko asmoz” sortua dela esanez.

 

Horren haritik, erakundeko kideek adierazi zuten Henri Lenaerts Zentroa “Gesalatz ibarreko eragile kultural eta politikoa” izatea nahi dutela eta horretarako beharrezkoak direla “kudeaketa eta finantzaketa jasangarriak”.

 

Talde parlamentarioetako eledunek aho batez esan zuten “landa munduaren balioa aldarrikatu beharra” dagoela jendegabetzeari aurre egiteko, eta “altxor hau zaintzen” laguntzeko prest agertu ziren.