Kultura eta Kirol Batzordeak Muesko presa erromatarra bisitatu du
Ustez I. mendean eraiki zen presa baten hondarrak dira, Estatuan ongien kontserbatu direnetakoak
Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Muesko presa erromatarra bisitatu du, 2019an aurkitua, Jurramendiko Mankomunitateak sustatutako uren kanalizazioko obrak egiterakoan. Ustez presa hori —Estatuan ongien kontserbatu direnetakoa— Kristo ondoko I. mendean eraiki zen.
Navarra Sumak eskatuta egin da bisita, eta Batzordeko kide hauek joan dira: Miguel Bujanda, Raquel Garbayo, Javier García (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
Juan José Álvarez Muesko alkateak eta Gabinete Tramako Carlos Zuza eta Nicolás Zuazua arkeologoek hartu dute parlamentari taldea. Enpresa hori aholkularitza arkeologikoaz arduratzen da.
Adierazi dutenez, bisitaren xedea izan da “bertatik ikustea aztarnategia, 2020ko urriaren 14an Gabinete Trama enpresako arduradunek eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak lan saio batean parte hartu ondoren Kultura eta Kirol Batzordean, aztarnategiari buruzko argibideak emateko”.
Aurkikuntzaren tokian egindako bileran, Carlos Zuza eta Nicolás Zuazua arkeologoek zehaztasunez azaldu dute zer esku-hartze egin diren orain arte eta zer “ondorio edo hipotesi” atera ahal izan diren. Hipotesi nagusiaren aurrerapena ere eman dute: presa horrek “Alcanadre-Lodosa akueduktua elikatzen zuen, Ebro ibaia zeharkatuta Calahorra hornitzen zuena, garai hartan hiri garrantzitsua baitzen”.
Aurkikuntzaren berezitasuna kontserbazio egoera “izugarri ona” da, zeren, antzeko beste aztarnategietan ez bezala, “ezin hobeki kontserbatzen da jatorrizko obra”, nahiz eta 2.000 urte inguru izan.
Hareharri landuz eraikitako pantaila-horma eta zurezko egitura “bikain kontserbatu dira, ziur aski ezkutuan egon direlako mendeetan, lapurrengandik babesturik. Indusketaren ondoren ikusi da lau metroko altuera duela gutxienez, baina beherantz jarraitzen du eta ez dakigu zehatz-mehatz zer altuera duen. Pantaila-horma horri ia bi metro lodi den erdigune batek eusten dio, kareorez egina, eta badu hareharrizko beste ezponda sendogarri bat”.
Proiektua azterketa eta ikerketa fasean dago oraindik. Arlo anitzeko lantalde baten eskuetan dago, eta aldi berean ikerketa gehiago egiten ari dira beste arlo batzuetan (fauna, flora, topografia, geografia, etab.), lurraren ustiapenean aztarna ugari aurkitu baitira, “animalia eta landare hondarrak, zeramika, zur zatiak eta abar”. Horregatik, azaldu dute, “ebaluatu beharra dago, batetik datuek banaka harturik eskaintzen duten ezagutza, eta bestetik azterlan guztiek batera eskaintzen dutena, presa xehetasun handiz ezagutzeko aukera emanen baitute”.
Epe laburrerako asmoa, Trama enpresako arkeologoek aurreratu dutenez, “lurraren kota lehengoratzea” da, “duela 2.000 urteko itxura izan dezan”, eta “hainbat arlotan egiten ari diren ikerlan guztiak bukatzea”. Gainera zundaketak egin nahi dira inguruetan, ubidea aurkitu eta “horrela Calahorrako akueduktuarekiko lotura bilatu ahal izateko”.
Aztarnategiaren balioa nabarmentzeko modua oraindik azterketa fasean dagoela adierazi dute. “Aurkikuntzaren zabalkunderako zein formatu den onena pentsatu eta haztatu behar da, prozesua abian da eta horretan ari da Nafarroako Gobernuko Historia Ondarearen Zerbitzua”.
Mintzatzeko beren txandan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.