Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Urtarrilak 27

Kultura eta Kirol Batzordeko kideak bisitan egon dira Burlatako El Soto kirol-instalazioetan

Udalak kirolguneko egitura- eta zerbitzu-gabeziak azaldu ditu, eta orain dela 40 urte baino gehiagotik eskualdeari begira betetzen duen egikizunarekin bat datorren trataera eskatzen du

Kultura eta Kirol Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur arratsaldean Burlatako El Soto kirol-instalazioetan. Instalazio horiek tokiko dotazio bat dira, eskualde mailako erabilera dutenak, eta duela 40 urte baino gehiago inauguratu ziren. Hobekuntza batzuk behar dituzte kirol-kluben eta -eskolen jarduera baldintzatzen duten egiturazko eta zerbitzuko gabeziak arintzeko.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Isabel Olave (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).

 

Parlamentuko ordezkariei honako hauek egin diete harrera: Adriana Peru, Kirol Patronatuko gerentea, Jorge San Martín, kirol-koordinatzailea, Carlos Mañeru, Hiru-Herri elkarteko presidentea, Juanjo Vizcay, Hiru-Herri taldeko presidenteordea, Ana Góngora, Burladako alkatea, Ander Carrascón, Kiroletako zinegotzia, Kevin Lucero, Berta Arizkun eta Iñigo Huarte, Udal Batzako kideak.

 

Bisitaren helburua, bisitarako proposamena egin zuen Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonillak azaldu duenez, izan da “kirolgunearen egungo egoera, beharrak eta federazioentzat eta kirolentzat betetzen duen funtzioa ezagutzea”.

 

Jarraian, Ander Carrascón kiroletako zinegotziak pertsona asko eta askorentzat –horietatik dezente Burlatakoak ez direnak– kirol-zentro gisa balio duen azpiegitura baten estrategia eta kudeaketa-eredua azaldu du. Kirol-eskoletan, adibidez, izena emanda dauden 200 gazteetatik % 26 besterik ez dira hemengoak. Eskualdeko bokazioa duen tokiko ekipamendu bat da, beteten duen funtzioarekin bat datorren finantzaketarik ez duena”.

 

Alde horretatik, eta kontuan hartuta instalazioen erabilera Burlataren premietatik harago doala, Carrascónen ustez Nafarroako Gobernuak ekarpena egin beharko luke, pistak mantentzen eta berritzen laguntzeko. “Nahiz eta hau ez den teknifikazio-zentro bat, Larrabiderekin gertatzen den bezala, tartanaren egoera ez da egokia. Pisua eta xabalina jaurtitzeko gunea, desfasatua egoteaz gainera, futbol-zelaiak baldintzatzen du, eta horrek mugatu edo eragotzi egiten du hura normaltasunez erabili ahal izatea”.

 

Esandakoari eutsiz, Juanjo Vizcayk, Hiru-Herri atletismo-klubeko zuzendariak, zera ikusi du: “Gabezia nabarmenak daude maila guztietan. Pistaren tartana duela 20 urte berritu zen, eta hain hondatuta dago non jatorrizko zoladura, duela 45 urtekoa, azaleratzen ari baita. Egia da karpak, urte batzuk badaramatzanak, denboraldiari jarraipena ematea ahalbidetu duela, orain baino lehen, eguraldi txarra iritsita, udaberrira arte desagertzen zen jendea baitzegoen. Hala eta guztiz ere, futbola hemendik ateratzea eta instalazio osoa atletismorako uztea izanen litzateke helburua”.

 

Horri buruz ari zela, Jorge San Martinek honako hau adierazi du: “atletismo-pistek aberastu egiten gaituzte herri gisa, baina instalazioak hain zahartuta daude ezen eskaintzen den zerbitzua oso eskasa baita, bai federatuentzat, bai kirol-jokoei dagokienez edo abonatuentzat ere. Garai hauetan ez da egokia”.

 

Bestalde, pistetara modu antolatuan sartzeko kontrol-motaren bat gaitzea proiektatu da. “Udal gisa, ez dugu gainbegiratzerik, ez dago erregistrorik, eta ez dugu gai horretan esku hartzen, nahiz eta hemendik jende asko igarotzen den. Hiru-Herri Atletismo Eskolako 300 neska-mutilez ari gara, Burladés taldeko futbolariak, eta orain, Elizgibela pabilioia birgaitzeko eta handitzeko obrak direla eta, judu-borrokako eta gimnasia artistikoko kirolariak. Instalazioen perimetroa itxi behar da, parkearen eta pisten artean sarrera bat eginez, eta pistaren eta harea-zelaiaren arteko zerbitzu-sarbide batekin”.

 

Hala eta guztiz ere, premiazkoena beste eraikin bat egitea da; izan ere, egungoa, Hiru-Herri atletismo-klubari esleitutako bulegoak eta erabilera anitzeko gela pare bat dituena, “botatzeko dago. 70eko hamarkadaren amaierakoa da, eta ez da behar bezala zaindu. Egokiena 120/130 metro koadroko bi solairuko egitura handi bat eraikitzea litzateke, honako modulu hauekin: atletismoa, jantziak, gimnasioak, bulegoak, biltegiak, zerbitzu-gelak, taberna eta harmailak”.

 

Bien bitartean, egitura osoari irtenbide bat emateko bidea aurkitzen dugun arte, “berokuntza, elektrizitate, galdara, leiho eta bestelakoetarako konponbide partzialekin” konformatu beharko ginateke, adierazi du Ander Carrascónek.

 

Burlatako El Soto kirol-gunea, zeina 70eko hamarkadaren amaieran egin baitzen, honako hauek dauzka: belarrezko futbol-zelaia, atletismoko pistak, beisboleko zelaia eta udal-igerilekuak (kanpokoak eta estalkia) daude.

 

Zelaietan hainbat kirol egiten dituzte kirol-eskolek eta klubek; besteak beste, Hiru Herri Atletismo Kluba (600 atleta, zeinetatik erdia adingabekoak baitira), Arga de Béisbol Kirol Elkartea eta Burladés Kirol Elkartea (630 futbolari, kadeteetaraino, eta beste 200 zaharragoak); azken horrek, gainera, Erripagañako belar artifizialeko zelaia du, 2011n inauguratua. Igerilekuetan, Club Natación Burlada aritzen da, eta ur-jardueretako ikastaroak ere egiten dira.

 

Instalazioetako bisita amaituta, Nafarroa Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek onartu dute El Sotoren kontserbazioan eta/edo eraberritzean inbertitu beharra dagoela, eta informazioa bildu dute, hala badagokio, behar diren ekimenak abiatzeko.