Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Martxoak 12

Kultura eta Kiroleko Batzordea Irunberriko El Lardín Udal Estadioa ikustera joan da

Udalak eta C.D. Ilumberri klubak laguntza eskatu dute belarrezko zelaia aldatu eta soropil artifizialezko beste bat jartzeko, “errotzeko eta gizarteratzeko” eginkizuna mantendu ahal izateko

Kultura eta Kiroleko Batzordea Irunberriko El Lardín estadioan izan da gaur. Ehun urtetik gorako klub baten (1923) ehun urteko instalazioa da (1924), hain zuzen, eta klubak laguntza behar du zeharo narriatuta dagoen eta mantentzeko arazoak dituen belarrezko zelaia aldatu eta soropil artifizialezko beste bat jartzeko proiektua finantzatzeko. Soropil artifiziala hobeto egokitzen da entitatearen premietara (350 bazkide, 127 fitxa) eta nabarmen jendegabetutako zona horretan izan duten errotzeko eta gizarteratzeko rola mantendu nahi dute.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Irunberriko alkate Rocío Monclús, alkateorde Begoña Gogorcena, Lola Eslava eta Saioa Aristu zinegotziak, C.D. Ilumberri klubeko presidente Alfonso Santacilla eta Alfonso Gogorcena, Javier Mugueta, Ernesto García eta Javier Machín zuzendariak.

 

Bisitaren xedea izan da, berori proposatu duen taldeko (EH Bildu) ordezkari Mikel Zabaletak adierazi duenez, “instalazioen egoera egiaztatzea eta Irunberriko Udalak soropil artifiziala jartzeko egindako proiektua in situ ezagutzea”.

 

Jarraian, parlamentariek ibilbidea egin dute El Lardín Udal Estadioko askotariko instalazioetan zehar, eta, alkatearen nahiz zuzendarian azalpenak entzunda, jakin dute ez dela bideragarria putzuz betetzen den zelai hori mantentzea, drainatzea eskasa eta okerra delako, eta klubaren kirol jarduera egokiro gauzatzea eragozten duelako; izan ere, entrenamenduak murriztu eta beste toki batzuetara eraman behar izan dituzte.

 

Rocío Monclúsek azaldu duenez, C.D. Ilumberri kirolean duen eginkizunaren muga gainditzen duen erakundea da, eta “askotariko baliabideak mantentzeko (soziokulturalak barne) esfortzuak batzea behar-beharrezkoa duen lurralde honetan proiektu egituratzaile gisa diharduen lotunea da. Kirola landa mundua eraldatzeko palanka da, gizarte egitura kohesionatua sortzen du eta dinamismo ekonomiko zeharkakoa ere bai. Soropila aldatzea klubaren premia da, herriarena, baita hezkuntzaren aldetik ere, hobekuntza horrek hezkuntzako prestazioak hobetzen lagunduko baitu, are gehiago institutu berria bistan dela”, berretsi du.

 

Hori horrela, agerian utzi ostean 470.000 eurotan baloratutako proiektu horren bideragarritasuna (barne hartuta argiak, ureztatzea eta itxitura perimetrala) beste administrazio eta erakunde ofizial batzuen finantzatzeko laguntzaren esku geratzen dela, alkateak honako hau adierazi du: “ehun urteko historiarako marka bikaina litzateke soropil artifiziala, eta merezi du azpimarratzeak Pirinioen inguruko askotariko aran eta herrietako hainbat futbolari izan direla historia horren parte. Ez dugu ahaztu behar gazteak direla kirol gehien egiten dutenak, eta haiek direla gure etorkizuna. Irunberri futbola tokiko garapeneko proiektuaren zati bat da”.

 

C.D. Ilumberriko zuzendari Alfonso Gogorcenak klubaren filosofia definitu eta honako hau gaineratu du: “emaitza baino garrantzitsuagoa dugu parte hartzea. Hemen mundu guztia hartzen dugu eta orok jokatzen du. Klubaren araua da. Gizarte ekintza jartzen da lehiaketaren aurretik. 500 bat pertsona mugitzen ditugu astebururo. Ezin dugu etsi. Lardín Nafarroako estadiorik zaharrena da, Merkatondoa baino zaharragoa, eta logikoa da beste udalerri batzuetako maila berean jarri nahi izatea. Apeta bat ez da, esfortzuak batu behar ditugu Leitzakoarekin batera Nafarroa osoko zelarik eskasena delako”.

 

Behin bisita amaitu ondoren, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.

 

El Lardín Udal Estadioa 1924ko apirilaren 13an inauguratu zen Aurrera de Liédena taldearen aurkako partida batean. C.D. Ilumberri taldea 1923ko azaroaren 22an sortu zen Tirso Seriolaren botikan. Klubak sei talde ditu federatuta (Lehentasunezko mailakoa, Gaztea, Kadetea, Gaztetxoa eta futbol 8ko bi talde, mutilena eta neskena), gehi aretoko beste bi, eta mendeurrena ospatu berri du bilduma-liburu baten eta udan egindako zenbait ekitaldiren bitartez. 350 bazkide ditu, eta 127 fitxa. 60 jokalari Irunberrikoak dira (14 migratzaile) eta gainerakoak beste hamazazpi udalerritakoak.