Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea Nafarroako Errege Artxibo Nagusira joan da “Karlos III.a Nafarroakoa, gobernu onaren erregea (1387-1425)” erakusketa bisitatzeko
Erakusketak, zeina apirilaren 12ra arte egonen baita zabalik, Karlos III.aren erregealdiko pieza artistiko, dokumental eta arkeologiko nagusiak biltzen ditu
Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eskatuta, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea bisitan joan da gaur Nafarroako Errege Artxibo Nagusira, “Karlos III.a Nafarroakoa, gobernu onaren erregea (1387-1425)” erakusketa ikusteko. Erakusketa apirilaren 12ra arte egonen da ikusgai ekitaldi-aretoan (Tronuaren Areto bihurtu da erakusketa honetarako), eta Antso VI.a Jakituna Aretoan.
Honako parlamentari hauek joan dira: Ángel Ansa, Javier Trigo (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín, Kevin Lucero, Ramón Alzórriz (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Oihan Mendo (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (Nafarroako Alderdi Popularra talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendari eta erakusketaren koordinatzaile Félix Segura, erakusketako komisario eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Alicia Ancho eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó arduratu dira Legebiltzarraren ordezkariei harrera egiteaz.
Erakusketa Karlos III.a Noblearen heriotzaren VI. mendeurrena dela-eta antolatutako ekitaldien baitan egiten ari da (1425eko irailaren 8an zendu zen), eta, Félix Segurak azaldu duenez, “aukera ematen du modu zorrotz eta berritzailean begiratzeko Nafarroako Erresumaren garairik distiratsuenari, ohiz kanpo bildu ahal izan diren Karlos III.a Noblearekin zerikusia duten jatorrizko dokumentu eta piezei esker”.
Hala, erakusketak arrakasta handia izan duela adierazi du, 12.000 bisita baino gehiago jaso baititu 2025eko irailean inauguratu zenetik; hori dela-eta, erakusketa apirilaren 12ra arte luzatzea erabaki du Artxiboak.
Parlamentariek hiru bloke tematikotan banatzen den erakusketa ikusi dute: Karlos III.a erregea figura, erresumak garai hartan bizi izandako egoera eta, azkenik, erregeak utzitako ondareari buruzko hausnarketa.
Lehenbiziko blokerako, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Erdi Aroko areto baten modura egokitu du bere ekitaldi-aretoa, non Karlosen figurari heltzen baitzaio, haren bizitzaren hainbat ikuspegi eta unetan oinarrituta.
Ibilbidearen zati honetan, nabarmentzekoak dira Erriberriko Errege Jauregiko harrizko bi irudi handi, Nafarroako Museotik aldi baterako ekarriak, edo Ingalaterrako errege-erreginen koroatze-, gantzutze- eta hileta-zeremoniala, Nafarroako erregearen beraren koroatze-aktarekin batera erakusten dena.
Artxiboko kripta protogotikoan jarraitzen du ibilbideak, Karlos III.aren erregealdian erresumak zuen egoerari eskainitako espazioarekin.
Areto horretan, garai hartako Nafarroako gizarte askotariko eta aldakorrari erreparatzen zaio hainbat dokumentu interesgarriren bidez, hala nola Burguen Batasunaren 1423ko Pribilegioa, Lizarrako Udal Ordenantzak edo ezkontza-ketubah judu bat.
Bisitariek garrantzi bereziko aztarna arkeologikoak ere ikusi ahal izanen dituzte, bai Lizarrako judutegitik heldu direnak, bai Tuterako maqbara musulmanetik heldu direnak, bai Puyko Ama Birjina gordetzeko sortutako armairutik heldu direnak (altzari-pieza paregabea, bere generoan).
Segurak "bereziki azpimarragarritzat" jo du Karlos III.aren inguruan zeuden emakumeei buruzko atala, bai eta garai hartako botere-zirkuluetan emakumeek zuten protagonismoari buruzkoa ere.
Hala, garrantzi bereziko figurak dira emakumeak, hala nola erregearen ama (Frantziako Juana), ahizpa (Juana, Bretainiako dukesa eta Ingalaterrako erregearen erregina ezkontidea), haren emazte Leonor de Trastámara eta haren alabak, Juana, María, Blanca, Beatriz, Isabel eta Margarita infantak (ezkontzatik kanpo izandako alaba naturalez gain), "ezinbestekoak direnak errege noblearen erregetzaren testuingurua ulertzeko".
Horri dagokionez, balio handiko dokumentuak erakusten dira, hala nola 1396an Beatriz infantak emandako zina edo Juana alaba nagusiak Foixeko kondeen semearekin 1402an sinatutako ezkontza-akordioa.
Erakusketan, azkenik, Karlos III.ak ondorengo gizaldietan eta gaur egunera arte bere oroitzapenaren bidez utzi duen arrastoari buruz hausnartzeko gonbita luzatzen digun atal bat dago.
Hortxe dago haren bigarren testamentua, haren azken nahiak jasotzen dituena, bai eta Nafarroako Evreuxtarren erregealdian Nafarroako artean han-hemenka izandako errepresentazio heraldikoen testigantzak ere.
Guztira, Karlos III.a Noblearen erregealdiko 72 pieza garrantzitsuk osatzen dute erakusketa; horietatik 24 artistikoak dira, 42 dokumentalak eta sei arkeologikoak.
Izaera berdingabeko elementuak dira, lehen aldiz batera jartzen direnak espazio berean.